Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

VIII. eszena

 

Bi zigor-ziega berdin, ispilu eginez. Banatze hormarik ez dago. Ziega bakoitzean, aurrez aurre, elkarri lotutako metalezko mahai txiki eta aulkia, ohea, komuna eta harraska. Leiho txiki bana ere, goialdean. Izkina batean zaintze-kamera. Argi-ilunean daude ziegak.

 

(Ezkerreko ziega argituko da, gizon bat biluzik egongo da ziega erdian zutik, bere ondoan, lurrean pilatuta, arropak. Ohe gaineko lastaira altxatuta egongo da, izarak bazter batean pilatuta. Mahai gainean orri batzuk, boligrafo bat. Lurrean botata ere, liburu bat. Sarraila hotsak entzungo dira, urruntzen, ate danbatekoak, oihuren bat. Dena isil gelditu arte).

 

GIZON BAT: (Janzten hasiko da, poliki, isilik, ohitura adieraziko duten keinuz. Jantziko denean, liburua bilduko du, ohea egingo du, izaren ertzetan zerbaiten bila arituko da zabaldu aurretik, ziega erdian zutik geratuko da. Argia itzaliko da).

 

(Eskuineko ziega argituko da, emakume bat biluzik egongo da ziega erdian zutik, desegin gabeko ohe gainean arropak. Mahaigainean orri batzuk, boligrafo bat eta liburu bat. Sarraila hotsak entzungo dira, urruntzen, ate danbatekoak, oihuren bat, dena isil gelditu arte).

 

EMAKUME BAT: (Janzten hasiko da, poliki, isilik, erntu baten zati baliz bezala. Janzten denean, atera hurbildu eta danbatekoa emango dio)

            Sasikume nazkagarriak!

 

(Ziegan aurrera eta atzera ibiltzen hasiko da, atera iristean ostikada emango dio edo eskuz joko du. Argia itzaliko da).

 

(Ezkerreko ziega argituko da, gizon bat mahaira eserita egongo da. Eskuineko ziega argituko da, emakume bat mahaira eserita egongo da. gizon bat eta emakume bat idazten hasiko dira).

 

(presozainak agertuko dira, gizon batek eta emakume batek orriak idatzi ahala bilduko dituzte eta bi ziegen artean dagoen agintedunari emango dizkiote. Honek, azkar irakurriko ditu, orri batzuk zimurtu eta zakarrontzira botako ditu, beste batzuk nahasi egingo ditu. Ondoren presozainei itzuliko dizkie orriak banan-banan. presozainek, gizon bati eta emakume bati eramango dizkiete orriak. Orria jaso ahala ozen irakurriko dute eta idazten jarraituko).

 

EMAKUME BAT: “Egun on, maitea!”.

GIZON BAT: “Egun on, maitea!”.

EMAKUME BAT: “Gau txarra izan dinat bart. Kartzelan geundela amets egin dinat”.

GIZON BAT: “Ez diat batere ondo lo egin. Bart ere bospasei aldiz esnatu naitek”.

EMAKUME BAT: “Ez zakinat nola, kartzelatik ateratzea lortu dinagu. Kalean genbiltzanan, libre. Bat-batean larritu egin naun, berandutzen ari zitzaigula konturatuta, azkar ibili behar genuela kartzelako atea itxi baino lehen iritsi nahi bagenuen. Hiriko kaleetan galduta ibili gaitun, bidea ezin aurkituz. Azkenerako ate ezkutu batetik sartzea lortu dinagu eta bazka banatu aurretik norbera bere ziegan geundenan”.

GIZON BAT: “Sutan nagok!”.

EMAKUME BAT: “Deitu bada suhiltzaileei!”.

GIZON BAT: “Kakingarri diagu gaur. Zakar-poltsa eta posta biltzerakoan probokatzen aritu zaidak. Entzun nahi ez zituen batzuk entzun ditik. Mendeku hartu ditek: ziega eta gorputz miaketa. Hilekoa nuela ikusi duten arren, konpresa ere kendu zidatek”.

EMAKUME BAT: “Ideia ona dun, izaretan oinen aldea boligrafoz markatzearena. Bestela gazta usainarekin lokartzeko arriskua zagon... Bereziki umiliagarria izan dun gaurko biluztea. Doaneko larderia. Ahoa irekitzea nahi zitenan, ondoren ipurtzuloa erakutsi behar niela keinu egin zidaten. Nik, ezetz eta ezetz, luze eduki naiten biluzik, beraiek inguruan nituela, begira, barrez”.

GIZON BAT: “Ideia ona duk, bai, izaretan amets aldea boligrafoz markatzea”.

EMAKUME BAT: “Demha eraman diten. Ez zakinat noiz. Orain beste preso bat agertzen dun ondoko kaiolara: Monsieur Plan edo Monsieur Peter Plan. Nire irudiko Monsieur Kakusain. Kazetaria dela zirudin, hori galderak egiteko afizioa duena! Berak aldiz erantzun labur eta faltsu tankerakoak besterik ez. Nahi niken ikusi zer aurpegi duen. Pena dun Demha eraman izana, berarekin bederen arabiera pixka bat ikasten ninan. Honekin aldiz...”.

GIZON BAT: “Muxu burusoiltxoan!”.

EMAKUME BAT: “Ez naizela burusoil geratzen ari!”.

GIZON BAT: “Jaiotzetik soil duan burutxoan, alproja!”.

EMAKUME BAT: “Jarriko nioken gustura ileordea!”.

GIZON BAT: “Zer moduz habil arabiera klaseekin? Kontuz ibil hadi ez ote duten eusko-islamiar konexio estrainioren bat asmatuko...”.

EMAKUME BAT: “Araba-Saudi. Basque Conection”.

GIZON BAT: “Exkaxa benetan!”.

EMAKUME BAT: “Goizean Ilar-Bakar-i dutxa eskatu zionat. “Bi minutu” esan zidan. Zain nagon oraindik. Badakin, “bi minutu” berdin “gogoa emango didanean”, “bost minutu” berdin “hoa antzarak ferratzera”. “Oraintxe bertan” berdin “ustel hadi bertan”. Bon soiree, guk festa eta hik batez! Aio. Krix-krax”.

GIZON BAT: “Ilarrak zeudek bazkan”.

EMAKUME BAT: “Txuleta gustura jango niken”.

GIZON BAT: “Errea”.

EMAKUME BAT: “Atzo auzoko batek su eman zionan ziegari”.

GIZON BAT: “Sutan nagok!”.

EMAKUME BAT: “Deitzeko bada suhiltzaileei!”.

GIZON BAT: “Egarri nauk”.

EMAKUME BAT: “Gogoratzen dun udatan joaten ginen erreka? Dutxan, begiak itxi eta hor irudikatzen haut. Igeri nabilen, amuarrainen artean, eta hi ur azalean, nire bila. Banoakin marrazoa bezala, behetik gora, eta brau! Zatirik goxoenean kosk!”

GIZON BAT: “Ai! Nire zangoa!”.

EMAKUME BAT: “Ezetz zozola! Zangoan ez!”.

GIZON BAT: “Aaaa! Bai gozoa! Berriz!”.

EMAKUME BAT: “Egarri naun”.

GIZON BAT: “Begi Bakar pasatu duk. Isil isilik. Beha-zuloaren estalkia altxatzen ere ez diat sentitu. Ate aldera begiratu dudanean hortxe nian, begira-begira”.

EMAKUME BAT: “Antzerki lan bat idazten ari naun”.

GIZON BAT: “Ni ere begira gelditu natzaiok. Ez zian alde egiten. Uste diat Alkohol zela, estalkia irekita utzi baitu. Jaiki eta ostikada emango niokek ateari. Ixteko estalkiaaa!!!”.

EMAKUME BAT: “Ohean etzatera noan, nekatuta nagon. Bahator ondora? Helduko al naun estu-estu? Klak!”.

GIZON BAT: “Bai”.

 

(gizon bat jaikiko da, oheratu eta hormari begira etzango da. Negar zotinka hasiko da, apal. emakume bat jaikiko da, eta bi ziegen arteko banaketa trabeskatuz badoa gizon batengana. Ohean etzango da eta bizkarrez helduko du, estu-estu, hankak ere harenekin egokituz, bat egin arte. Argia pixkanaka-pixkanaka apalduko da).

 

(aginteduna agertuko da, hitz egingo duen artean aurrera eta atzera ibiliko da, ziega batera sartuz lehendabizi eta gero bestera, besarkatuta dagoen bikoteari begira geldituko da, urrunduko, hurbilduko, tapakiaz estaliko ditu eta gero tapakia altxatu eta begira geratuko zaie, mahaian gelditu diren idazkiak eskuetan hartuko ditu, marmarka irakurriko, berriz utziko, irribarrez, mintzaldia eten gabe, etxean balego bezala, bere etxean dago-eta!, aise mugituko da).

 

AGINTEDUNA: Bihotz gabetzat hartzen gaituzue. Gu ere humanoak garela, zer arraio! Gogor hartzen dugula jendaila hau? Besterik merezi al dute bada? Ba al dago beste metodorik? (Isilunea). Guk ere nahigabea sentitzen dugu. Gu ere goibeltzen gara. Guk ere badakigu, ongi dakit nik!, zer den sufritzea. (Isilunea). Zer uste duzue sentitzen dugula guk, haur bat bere aita ikustera datorrenean? Urtez urte haur hori nola hazten den ikusten dugunean? Zer uste duzue, ez zaigula bihotza samurtzen? Bost urteko haurra hogei urteko gaztea bihurtzen ikusi dut nik, hamabost urtez bere aita ikustera etortzen ikusi dut nik. Eta zer uste duzue? Ez dudala deus sentitu? Ez dakizue zein gogorra den, zuek ez dakizue, ez. (Isilunea) Maitasuna. Ez dago munduan sentimendu gorengorik. Baina begira iezaiezue hauei. Ez nahastu sexu grina eta maitasuna. Maitasuna dagoen tokian sexuaren tokia neurrizkoa da. Sexuak dena betetzen duenean, ez dago maitasunik. Ongi bereiz daitezke maitasuna eta sexua. Ulertuko duzue. Zuetako nor ez da inoiz emagaldu batekin oheratu? Maitasuna al da hori? Ez, noski. Sexua da, sexu hutsa. Emaztea etxean edukita emagaldutara joateak ez du emaztearekiko maitasuna den mendrena ere gutxitzen. Lohitzen. Sexua beste zerbait baita. Nola ez, emaztearekin ere larrutan, barkatu espresioa, egiten duzue, baina ez da gauza bera, hor maitasuna baitago, gutxiago ala gehiago, baina maitasunaren pindarra bizirik dago. Ez noski lehen eguneko sumendiaren garraz. Maitasunak sexua behar al du bizitzeko? Ez! Gauza bi baitira. Maite duenak maite du, larru kontuekin ala gabe. (Isilunea). Orain, gatozen bortxa maite duen jende honen kasura. Hauen grina sexuala asetzeko baliabideak guk jarri behar al ditugu? Zer esan nahi didazue, geltoki inguruetara, aldirietara joan eta bertan putak bildu eta bortxa jende honi eskaini behar dizkiegula? Begira, oso erraza da, maitasuna dagoen tokian, sexu harremanik gabe ere maitasuna biziko da. Baina, ez zait iruditzen niri gorrotoan hazi eta hezitako jendaila honek maitasuna zer den ere badakienik. Sexu grina bai! Eta nolakoa! Denak dira bortxatzaile potentzialak. Entzun beharko zenituzkete gauero porno-filmaren orduan ate zirrikitutatik eta udan leiho zabalduetatik irteten diren intziriak. Nik entzun ohi ditut. Elkarri popatik ematen ibiltzen ez direnean! (Isilunea). Injustizia handia egiten duzue gurekin. Guk harria bihotzaren ordez omen dugu eta hiltzaile hauek ordea aingerutxotzat dituzue!

 

(presozainak agertuko dira. agintedunak eta presozainek mahaien gainekoak lurrera botako dituzte. gizon bat eta emakume bat bortxaz esnatu eta ohetik aterako dituzte, txano bana buruan jarrita eramango dituzte, oihu, irain eta garrasi artean. Argiak kliskaka ariko dira eszenatokia hustuko denean, itzali arte).