Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

4.
AINTZIRAKO SOLDADUAK

 

S.A.koez orotatik inguraturik

Bebel eta Lenini buruz

eztabaidatzen diraute

harik eta nazien bloke disziplinarian

Marx eta Kautskyren liburuen gainean

eskuak erdiratuak,

ados etortzera behartzen duteneino.

 

 

(Esterwegeneko kontzentrazio kanpoa, 1934an. ZENBAIT PRESO zementoa prestatzen ari.)

 

BRUHL: (Ahapeka guztiz apalki DIEVENBACHi) Ez zaitez ibil hain maiz Lohmannekin. Ez omen da guztiz fidagarria.

DIEVENBACH: (Goraki) Lohmann hori! Grülek zurekin ez ibiltzeko aholkatzen dit. Dioenez, ez zara guztiz fidagarria.

BRUHL: Zerri hori!

LOHMANN: Eta zeu ausartzen zara horrelakorik esatera, Judas madarikatu hori! Baldin Karl disziplina-blokera bidali bazuten, zergaitik izan zen, eh?

BRUHL: Ez da nigatik izanen, ez da? Ni al naiz zigarro arraro horiek dituena? Jainkoak jakin nondik datozen?

LOHMANN: Noiz ukan dut nik zigarrorik?

PREDIKARIA: Erne! Kontuz!

 

(SS GOARDIA iragaten da, bere begiraldia egiten.)

 

SS: Norbait ari da hemen hizketan. Nor izan da (Ez du inork ere erantzuten.) Berriz horrelakorik gertatzen bada, denak joanen zarete disziplina-blokera. Ulertu duzue? Kanta zazue guztiak orain!

 

(PRESOEK “Aintzirako soldaduek” lehen bertsoa kantatzen dute. SS joan egiten da.)

 

            Alor eta aintzirak dakuskit mendietan galtzen ari Isilik xoria hodeietan Isilik hareitz zurbildua Aintzirako soldaduok atseden ez deskantsurik gabe haitzurretan behar ari.

PREDIKARIA: Zergaitik ari zarete eztabaidan beti, eten gabe?

DIEVENBACH: Estudiatzen urteetan ari bazara ere, zentsuratzaile jauna, ez duzu ezer eridenen (BRUHL seinalatuz.) Honen alderdia atzo Reichestagen Hitleren arrotz-politikaren aldeko deklaratu zen. Eta beste horrek (LOHMANN seinalatuz.) uste du Hitleren arrotz-politikak gerra baizen ez duela esan nahi.

BRUHL: Guk parte hartzen badugu inola ere ez.

LOHMANN: Zuen eskuhartzearekin egon zen lehenago ere beste gerra bat.

BRUHL: Militarki, Alemania ahulegia da.

LOHMANN: Bai, baina zuek konbentzioan sartzerakoan Hitleri ematen diozuena gerra-flota batek baino balio handiago du.

PREDIKARIA: (DIEVENBACHi) Zu zer zara, sozial-demokrata ala komunista?

DIEVENBACH: Beti iraun dut liskar horretatik kanpo.

LOHMANN: Baina orain barnean zaude, kontzentrazio kanpoan.

PREDIKARIA: Kontuz! (SS-A agertzen da berriz. Begira ari da. Astiro, BRÜHL “Aintzirako soldaduen” bigarren bertsoa kantatzen hasten da. SS joan egiten da.)

            (BEGIRATZAILEAK joan etorri.) Ez da inor iraganen Hiru murraila, mila dorre ihes egin nahi duena hila da Aintzirako soldaduok atseden ez deskantsurik gabe haitzurretan behar ari.

LOHMANN: (Pala ihartukiz) Zuek frente bakarra eratu nahi ez zenuelako nagoela hemen pentsatzen dudan bakoitzean! Buru-hezurra hautsiko nizuke!

BRUHL: “Ene anaia izan nahi ez baldin baduzu, ez dizut hezurrik osorik utziko” eh? Ezagutzen diat zuen kantu hori: hegaztia lumaz gabetu behar ukan zenuen

LOHMANN: Jakina! Zuek nahiago duzue Hitierrek lumaz gabetzea! Sozial-traidoreak!

BRUHL: (Haserre, pala hartzen du eta LOHMANNen gainean jeikitzen du, honek, anartean, orobat egiten duelarik) Oraintxe ikusiko duk.

PREDIKARIA: Kontuz!

 

(“Aintzirako soldaduen” bertso bera kantatzen hasten dira. SS agertzen da berriz. Besteak ere kantatzen hasten dira, zementoa prestatzen ari diren bitartean.)

 

            Baina negua ez da betiko Eguzki berria egonen da bihar Eta haserre gabe, alaiki, esanen dugu:

            Aberria, agur!

            Eta aintzira hauek atzean dira geldituko Atseden eta deskantsurik gabe Haitzurtu egin behar baikenituen.

SS: Nork esan du “sozial-traidoreak”? (Ez du inork ere erantzuten.) Ez duzue sekula ere ikasiko (LOHMANNi.) Zein izan da? (LOHMANNek BRÜHLiri so egiten dio eta isilik geratzen da.) (DIEVENBACHi.) Zein? (DIEVENBACH isilik. BRÜHLi.) Nork? (BRÜHL isilik.) Bost segundu dituzue aitortzeko, bestela, guztiak disziplina-blokera eta ez ezazue pentsa bihar irtengo zaretenik (Bost segundu gelditzen da zain.) (Denak isilik, aurrera begira finkorik.) Disziplina-blokera.