Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

23.
LANGILEAK KONTRATATZEN

 

Horra hor lan-emaileak

Xiroa piztitzat dutenak.

Kontratu eta gero komeni zaien

Lekura bidaltzen dute.

Eta hark ez du beste eskubiderik

Eskerrak eman eta gerrako obrei

Odolez eta izerdiz bere zerga

Ordaindu baizen.

 

 

(Spandau, 1937an. Etxerat itzultzean, LANGILE BAT bere auzoko ANDRE BATekin aurkitzen da.)

 

AUZOKO ANDREA: Gabon, Fenn jauna! Zure emazteari ogi piska bat eskatzera etorri naiz. Beste gelan dago, bat-batean etorriko da.

GIZONA: Ongi, Dietz andrea! Zer uste duzu eskuratu nuen enpleguaz?

ANDREA: Bai, orain mundu guztiak du lana. motor fabrika berrian zaude, ez da? Segur aski, bonbarderoak egiten dituzte.

GIZONA: Multzoka.

ANDREA: Espainian behar omen dira.

GIZONA: Zergatik Espainian?

ANDREA: hainbat gauza entzuten da hara bidaltzen diren gauzez. Lotsagarria da, izan ere.

GIZONA: Geldirik ukan zazu mihina, arren.

ANDREA: Orain ados al zatoz hauekin?

GIZONA: Ni ez nago ados inorekin ere. Ni neure lanaz arduratzen naiz eta kito. Non dago Marta?

ANDREA: Ah, ia ahaztu nintzen! Eta baliteke grabea izatea. Heldu nintzenean postaria zegoen hemen. Gutun bat eman berria zion zure emazteari eta erabat asaldaturik zegoen. Une batez ogia Schiermanntarrei eskatzea ere pentsa nuen.

GIZONA: Nolako ateraldia! (Deituz.) Marta! (Haren EMAZTEA sartzen da. Beltzez jantzirik dator.) Zer gertatzen da? Nor hil da?

EMAZTEA: Franz. Hona hemen gutuna (Gutun bat ematen dio.)

ANDREA: Ene Jainkoa! Nola hil da?

GIZONA: Akzidente batez.

ANDREA: (Susmutsu) Baina, ez al zen abiadorea?

GIZONA: Bai.

ANDREA: Eta akzidente bat ukan du?

GIZONA: Stettinen. Gutunak dio: gauezko exerzizio batetan maniobren alorrean.

ANDREA: Ez da akzidenterik egon. Eni ez zaidazu horrelako historiorik konta!

GIZONA: Idatzia dagoena esan baizen ez dut egiten. Gutuna baseko buruzagitzatik dator.

ANDREA: Eta berak eskribatzen al zizuen aspaldi honetan? Stettinetik?

GIZONA: Lasai, Marta! Ez duzu ezer irabazten horrela jarriz.

EMAZTEA: (Heiagoraka) Bai, badakit.

ANDREA: Zen gizon begikoarekin, zure anaia! Nahi al duzue kafe apur bat?

GIZONA: Bai, egin, arren

ANDREA: (Pitxar bat bilatuz) Honelako gauzak beti izaten dira kolpe gogorrak.

EMAZTEA: Herbert, garbi zaitez. Dietz andrea konfidantza handitakoa da eta.

GIZONA: Ez dago presarik.

ANDREA: Beti idazten zizuen Stettinetik?

GIZONA: Gutunak beti etortzen ziren Stettinetik.

ANDREA: (Begi keinu bat eginez) Bai, bada! Baina bera hegoaldean egonen zen!

GIZONA: Zer esan nahi duzu “Hegoaldean” horrekin?

ANDREA: Urruti, hegoaldea, Espainia ederrean.

GIZONA: (Bere EMAZTEA berriz heiagoraka hasten den bitartean) Egin zazu ahalegin piskak bat, Marta. Eta zuk, Dietz andrea ez zenituzke horrelakorik esan behar.

ANDREA: Orain Stettinen aurkeztuko bazinateke hilhotzaren bila ea zer esanen luketen jakin nahi nuke.

GIZONA: Ez naiz Stettinera joanen.

ANDREA: Oro ezkutatzeko konponduko dira, orok xit natural irudi dezan. Bere harrotasun guztia ezer itzur ez dadin jartzen dute. Udaletxean gizon bat zegoen, beti gerra desgisatzeko zuten iaiotasunaz harrotzen zena. Etsaiak bonbardeoek bere lagunak berak ametrailatzen dituzte zeruan, gorriak nondik datozen aitor ez erazteko.

EMAZTEA: Herbert, emaidazu ur apur bat, arren. Ondoezin sentitzen naiz.

ANDREA:Ez nioke suari egur gehiago bota nahi baina nola estaltzen dute oro! Bai bada, zeren badakite gerra hori krimen bat dela eta argitara ateratzen baldin badute berak direla galtzaile. Zure koinatuarena bezala. Akzidente bat exerzizio batzutan! Nolako exerzizioak dira horiek? Gerrarako exerzizioak!

GIZONA:Ez zaitez hain goraki mintza, bederen: (Bere EMAZTEAri.) Hobeki sentitzen zara?

ANDREA: Zu ere ahoa behin ere irikitzen dutenetariko bat zara, nahiz herioa begi bistan ukan. Eta hori, gutuna irakurri duzula!

GIZONA: Isil zaitez, arren!

EMAZTEA: Herbert!

ANDREA: Bai. “Isil zaitez, arren” eta dena lana eskuratu duzulako. Zure koinatuak ere lan bat eskuratu zuen eta horra hor, zuek egiten dituzuen horietako aparailu batetan hil da.

GIZONA: Urrutiegi zoaz, Dietz andrea. Ongi da, nik bonbardeoetan egiten dut lana. eta gainerakoek zertan egiten dute? Zertan ari da zure senarra? Lanpara erre ezinak egiten ditu! Hori, jakina, ez da gerrarako. Argia emateko besterik ez da! Baina norako da argi hori? Non jarriko dute? tanke batetan, edo agian akorazatu batetan... Eta zergatik ez bonbardero batetan? Baina zure senarrak lanparak baizen ez ditu egiten. Ala Jainkoa, baina jadanik ez baita ezer gelditzen gerrarako ez denik! Non eriden lanik gerrarako gauzak egitea ez denik? Edo gosez hil behar al dut?

ANDREA: (Ahapeka) Nik ez dut esan gosez hil behar duzuela. Kriminal horiez baizik ez nintzen ari. Soluzionatu dute eskulanaren arazoa.

GIZONA: (Guztiz serio) Eta zu, Marta, ezin zaitez ibil hortatik arropa beltzez jantzirik. Ez zaie laket.

ANDREA: Laket ez zitzaiena, jendea bat-batean galdegiten hasten dela.

EMAZTEA: (Lasaiki) Aldatu egin behar dudala esan nahi al duzu?

GIZONA: Bai, edo bestela ez dut lanik eridenen?

EMAZTEA: Ez naiz aldatuko.

GIZONA: Zer esan nahi duzu?

EMAZTEA: Ez naizela aldatuko. Ene anaia hil da. Eta lutoz nago.

GIZONA: Baldin Rosak ez bazizkizuen erosi ene ama hil zenean, ez zenituzke eta ezin ukanen zenuke lutorik eraman.

EMAZTEA: (Deihadarka) Inork ere ez dit debekatuko lutoa eramatea! Haiek hil zuten, nik deihadar egiteko eskubidea ukanen dut behintzat. Ez da inoiz ikusi horrelakorik! Munduak ez inoiz ikusi ezer hain inhumanorik! Kriminal asesino batzuk dira, monstruo batzuk!

ANDREA: (SENARRA beldurra eraginda, zurbil zurbil dagoela) Baina, Fenn andrea!...

GIZONA: Segi horrela eta neure enplegua galtzea baino zerbait xarrago ere etorriko zaiku.

EMAZTEA: Detenitzera etor daitezela! Emakumeentzat ere I

badute kontzentrazio kanpoak eta. Kontzentrazio kanpo batetan sar nezatela, neure anaiaren heriotzea gatik negar egiteko ausartzia dudala eta. Zer axola zion hari Espainiak?

GIZONA: Utziko diozu behingoz zorigaiztoko Espainia horri?

ANDREA: Ezbehar bat etorriko zaizu, Fenn andrea.

EMAZTEA: Isilik egon behar ukanen dugu, zuk enplegua gal ez dezazun. Gosez hil ez gaitezen bonbardeoak fabrikatzen ez baldin baditugu? Azken finean, dena dela, hil egin behar dugu... Franz bezala. Hari ere eman zioten enplegua, metro bat lur gainean duela! Enplegu hori hemen ere eriden zezakeen!

GIZONA: (Ahoa herstera entseiatzen dela) Isil zaitez. Alferrik da eta!

EMAZTEA: Eta zer da alferrikakoa ez dena? Egin, bada, gai dena orduan!