Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

15.
ASKATU BERRIA

 

Horra hor torturatuak,

Zihorrez interrogatuak izan zirenak

Gau osoan isilik egon ziren

Baina lagun eta emazteek mesfidantzaz dioete:

Mintzatu ote dira egunsentia heltzerakoan?

 

 

GIZONA: Berehala helduko da.

EMAKUMEA: Ba hal dakite ezer zehatzik hartaz?

GIZONA: Gauza bat dakigu: kontzentrazio kanpotik askatu berri dutela.

EMAKUMEA: Baina zergaitik ez dira fidatzen harengan?

GIZONA: Eskarmentaturik gaudelako. Han ongi lantzen baitituzte.

EMAKUMEA: Eta zer eginen ote dute konbentzitzeko?

GIZONA: Bat-batean jakinen dugu zer egin.

EMAKUMEA: Denbora luzea iragan daiteke.

GIZONA: Bai.

EMAKUMEA: Agian lagunik hoberena izanen daiteke.

GIZONA: Agian.

EMAKUMEA: Izugarria izanen da harentzat ohartzen denean guztiak mesfidatzen direla.

GIZONA: Badaki hori beharrezko dela.

EMAKUMEA: Hala ere.

GIZONA: Zerbait entzuten dudala iruditzen zait. Geldi zaitez gurekin. (Tinbrea jotzen dute. GIZONAk atea irikitzen du, ASKATU BERRIA sartzen da.)

GIZONA: Egun on, Max.

 

(ASKATUAk isilik eskua ematen dio GIZONAri eta gero EMAKUMEAri.)

 

EMAKUMEA: Kafe apur bat hartzen ginen. Nahi al duzu apur bat?

ASKATUA: Neke handirik ez bada. (Isilunea.) Armario berri bat duzue, eh?

EMAKUMEA: Izan, zahar bat da, hamaika marko eta erdi. Bestea zatika erortzen baitzen.

ASKATUA: Bai, oroitzen naiz.

GIZONA: Eta zer berri hirian?

ASKATUA: Diru biltze bat lan gabe dagoenentzat.

EMAKUMEA: Traje bat behar dugu Willirentzat.

GIZONA: Baina nik badut lana, ordea.

EMAKUMEA: Hargatik bada, behar zenuke traje bat.

GIZONA: Ez zazu tontakeriarik esan.

ASKATUA: Lanarekin nahiz lan gabe, nork nahi behar du zerbait.

GIZONA: Eta zuk ba al duzu lanik?

ASKATUA: Ea orain lortzen dudan bat.

GIZONA: Siemensen?

ASKATUA: Bai, edo beste non nahi.

GIZONA: Egia al da orain errazago dela?

ASKATUA: Bai (Isilaldia.)

GIZONA: Zenbat denbora egon zara han?

ASKATUA: Sei hilabete.

GIZONA: Aurkitu al zinen inorekin?

ASKATUA: Ez nuen inor ezagutu (Isilaldia.) Orain kanpo desberdinetara bidaltzen dituzte. Batzuk Bavierara joaten dira.

GIZONA: Bai, eh? Ez nekien.

ASKATUA: Hemendik ez dago jende askorik.

EMAKUMEA: Bizimodu xit erretiratua eramaten dugu, lasaia oso. Ez da erraza Willi bere aintzinako lagunen batekin aurkitzea, ez da, Willi?

GIZONA: Ea ez gara inorekin ere irtetzen.

ASKATUA: Ez zuten eskuratu oraino eskaratzetik zakarra ateratzea?

EMAKUMEA: Ah! Oraino oroitzen zara, eh? Beste toki bat dagoela non jarri dioete.

ASKATUA: (EMAKUMEAk kafea ematen dio) Zurrutada bat baino ez. Bat-batean joanen naiz.

GIZONA: Zer eginik al duzu?

ASKATUA: Selmak esan zidan ongi zaindu eta begiratu zenutela ondoezik egon zenean. Mila esker.

EMAKUMEA: Ez horregatik. Maizago gonbidako genuke etxera etortzera baina irratirik ere ez dugunez...

GIZONA: Irratiz entzun zitekeena badago egunkarietan.

ASKATUA: Ez dago gauza asko irakurtzeko “Ario Egunkarian”.

EMAKUMEA: Ez “Herriaren egunkarian” baino gutiago.

ASKATUA: Eta “Herriaren egunkarian” “Deus ere ez”en bezainbat, ez da?

GIZONA: Ez dut gauez irakurtzen. Nekatuegi itzultzen bainaiz.

EMAKUMEA: Baina, zer jazotzen zaizu eskuan? Erabat okerturik duzu, eta bi atzamar falta zaizkitzu!

ASKATUA: Bai, erori egin nintzen.

GIZONA: Eskerrak eskubia izan ez zela.

ASKATUA: Bai, zorte handia ukan nuen. Zurekin mintzatu nahi nuke. Barkatu, Mahn andrea.

EMAKUMEA: Bai, noski. Gainera orain labea garbitu behar dut (Garbitzen hasten da. ASKATUA so ari zaio eta irriparre labur bat egiten du.)

GIZONA: Bazkal ondoan bat-batean irtenen gara. Selma sendoturik al dago?

ASKATUA: Giltzurrinak oraindik ez du onik. Ezin du garbiketa paira. Esaidazu... (Eten egin da eta so gelditzen. Haiek ere orobat eginen dute. ASKATUAk ez du segitzen.)

GIZONA: Alexanderplatzera joanen bagina bazkal aurrean? Espektakuloren bat egon behar du diru biltze hori dela eta.

EMAKUMEA: Bai, horixe litzateke hoberena.

ASKATUA: Nahi duzuena (Isilunea.) Entzun, Willi, nik lehengoa izaten diraut.

GIZONA: (Gaingiroki): Jakina. Agian Alexanderplatzan musika ukanen dukegu. Prepara zaitez, Anna, bukatu dugu kafea. Piska bat orraztuko naiz (Alboko gelara joaten dira. Askatuak eseririk dirau. Bere sonbrailua hartzen du. Ahapeka kantatzen ari da.)

 

(GIZONA eta EMAKUMEA irtetzeko jantzirik itzultzen dira.)

 

GIZONA: Goazen, Max.

ASKATUA: Ongi, gauza bat esan nahi nuke: zuen joera guztiz zuzena iruditzen zait.

GIZONA: Bai, orduan goazen. (Elkarrekin irtetzen dira.)