Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

9.
EMAZTE JUDAKA

 

Emazterik gabe utzi dituzte eta orain

Arioak ariosekin elkartzen dituzte

Alferrik da negarra eta madarikazioa

Hastandu egiten direla: erregeneratu egiten dituzte.

 

 

(Franckfurt, 1935ean. Gaua da. EMAKUME BAT bere maletak prestatzen ari, zer eramanen duen berezten. Noizik behin maletatik zerbait arropa ateratzen du eta lehenago gelan zegoen lekuan uzten, beste gauza bat eramateko. Bere SENARRAren erretratuaren aurrean zalantzatan gelditzen da luzaro. Hartu egiten du, baina gero utzi egiten. Nekaturik, une batez maletaren gainean eseritzen da burua beso artean hartuz. Jeiki eta telefonoz deitzen du.)

 

EMAKUMEA: Judith Keith telefonoan. Zu al zara, doktor jauna? Gabon. Bridgean jokatzeko laugarren pertsonaren bat eriden beharko duzula esateko deitu dizut; bidaia batetan bainoa... Ez luzaro, ez, baina, dena dela, zenbait aste, segur aski. Amsterdamera noa... Bai, udabarria ederra izanen da, han... Adiskide batzuk ditut. Nola?... Ez, bat baino gehiago, sinesten ez badidazu ere. Nola konponduko bridgean jokatzeko?...Beno, badira bi aste jokatzen ez dugula.... Bai, noski; gainera Fritz ere gripearekin dago. Ezin du joka hotz hauekin... horixe esaten nuen neuk ere... Baina, doktor jauna, nola sinets dezaket. Bai, badakit... Azken aldiz Thecla bere amaren osterari zain zegoen. Zergatik suposatu behar zuen hori? Ez, ez da izan hain agudoki erabakia! Aspaldidanik nuen gogoa, baina luzatuz luzatuz joan zait, baina orain ezinbestekoa da... Bai, zinemara joate hori luzatu egin behar ukanen dugu, goraintziak Theclari... Zergatik ez diozu iganderen batetan deitzen? Bai, agur, aurki arte! Bai, noski, gustora! Aurki arte!

 

(Telefonoa ezkegi ondoan, beste numero bat markatzen du.)

 

            Kaixo! Judith Keith naiz. Schoek andrearekin mintzatu nahi nuke... Lotte? Agur egin nahi nian, laster bidaia bat egin behar baitunat... Nola? Ez, aurpegi berriak ikusteagatik... Bai, horixe esan nahi ninan: hurrengo asteartean Profesorea Fritzekin bazkaltzera etorriko dun... zuek ere etorri nahi baduzue. Esan dinat, ni gaur noa... Bai, asteartean... Ez gaur noala esan nahi ninan, ez du zerrikusirik janariarekin, uste ninan zuek agian etorriko zinatela... Bai, behitu, orduan, gu ez baldin bagara, ados, eh?... Baina badakit zuek ez zaretela horrelakoak; dena dela, garai hauetan kontuz ibili beharra dinagu... Orduan, zer? Etorriko al da? Nola, Maxek ahal izanen duela? Bai, esaion profesorea etorriko dela. Beno, uste dinat, Aurki arte!

 

(Ezkegi ondoan, beste numero bat markatzen du.)

 

            Nor da? Gertrudis? Hemen Judith. Barkatu molestatzearren... Eskerrik asko. Ea Fritzen ardura ukan nahi duzun galdegin behar dizut, zenbait hilabetetarako bidaia bat egitera bainoa. Zutaz pentsatu nuen, haren arreba zarelako. Zergatik ez duzu nahi ukanen? Gauzak horrela ez du inork ere ikusiko, eta are gutiago Fritzek. Jakina, hark badaki ez garela guztiz adiskide onak..., baina... Orduan, bada, ongi iruditzen baldin bazaizu, telefonoz deituko dizu. Bai, esanen diot... oro ordenaturik dago, guti gorabehera, baina etxe handia denez, Despatxoa utzi zazu Idaren eskutan... bai, esan diot zer egin behar duen... Argia iruditzen zait, eta Fritz ohiturik dago... Beste gauza bat, baina, arren ez zazu gaizki har: Fritzi ez zaio laket jan aurretik mintzatzea, oroituko zara? Nik beti ukan dut kontutan... Orain ez naiz hasiko horretaz eztabaidatzen, ene trena berehala irtenen da eta oraino maletak egiteko ditut... Ikus zaiozu arropak eta oroit zaitez jostunarengana joan behar duela; abrigo bat enkargatu zuen; eta haren logela beti beroturik ukan, leihoak irikirik dituela egiten baitu lo eta gauak oraino hotzak baitira... Ez, ez dut uste gogortuko denik... Beno, utzi egin behar zaitut... Eskerrik asko. Bai, mila esker. Gertrudis, eta nahi duzunean eskribatuko diogu elkarri... Aurki arte!

            Ana? Hemen Judith. Ba al dakizu egun abiatzen naizela... Ez, joan egin behar dut. Gauzak guztiz gaizki jartzen ari baitira... Gaizkiegi... Bai, ez, ez da Fritzek nahi ez duelako, oraino ez daki deus ere, neure maletak baizik ez ditut prestatu... Ez, ... ez dut uste aparteko gauzarik esanen duenik... Baina harentzat oro xit larri da, argiki dago... Ez, ez gara mintzatu horretaz... Ez du horretaz behin ere mintzatu, sekula. Ez, ez da aldatu, inola ere... Hartaz arreta apur bat ukan dezazuen nahi nuke, bereziki haseran, eta esaiozu etxez aldatzeko... Etxe hau handiegia baita harentzat bakarrik... Aurki arte, ez zaitez estaziora etor inola ere! Aurki arte! Eskribatuko dizut... Bai, jakina.

 

(Telefonoa ezkegitzen du, baina ez du beste numerorik markatzen. Zigarro bat erretzen hasten da. Telefonoko numeroak gordetzen zituen liburuskari su ematen dio. Gelatik harathonat hasten da. Gero mintzatzen hasten da, bere SENARRAri esan nahi dion diskurtsoa errepikatuz. Bere hitzak kadira batetara gidatzen ditu, gero han jezarririk egonen delakotan.)

 

            Bai, banoa, Fritz. Agian gehiegi itxaron dut. Barkatu egin behar didazu, baina... (Eten egiten da, hausnartzen du eta beste era batetara hasten da.)

            Fritz, ez duzu etxe honetan ni gera erazteko eskubiderik, ezin dezakezu... Argiki dago kalte handia egiten dizudala; badakit ez zarela beldurtia, ez duzula poliziaren beldur, baina hori ez da kaltegarriena. Ez zaituzte kontzentrazio kanporen batetara egotziko, baina bihar edo etzi klinikara joatea debekatuko dizute. Zuk ez duzu ezer esanen baina gaisotu eginen zara. Ez zaitut hor, kadira horretan, ikusi nahi, aldizkari bat irakurtzen denbora pasaz. Baldin joaten banaiz, ene egoismo hutsa gatik da bakarrik. Ez zazu deus esan... (Eten egiten du, eta berriz hasten da.)

            Ez zazu esan ez zarela aldatu! Ez da egia! Iragan astean eriden zenuen objektibotasun guztiarekin, judu jakintsuen portzentaia ez zela hain handia. Beti hasten da objektibotasunetik. Baina zergatik, behin eta berriz errepikatzen didazu sekula ez nuela orain bezainbat judu abertzaletasunaren frogarik eman? Argiki dago nazionalista bihurtzen ari naizela, kutsatzen den gaitz bat baita. Oh, Fritz! Zer gertatzen zait? (Eten egiten du eta berriz hasten da.)

            Ez nizun esan joan nahi nuenik, aspaldidanik nahi nuela norabait abiatu, ezin dudalako zuregana so egin mintzatzen natzaizunean... Baina, jadanik konpondurik dago. Ezin uler dezake zer gertatzen zaien. Zer nahi dute? Zer egin diet nik? Ezin dezakete esan politikaz asko arduratzen naizela... edo Thaelanni lagundu diodala. Ez al naiz ni burgesiaren andre bat gehiago bizimodu eman bat dutena? Eta zergatik, behin, bat-batean, emakume kirruek baizen ez dute horrela bizitzeko eskubidea? Azken aspaldi honetan maiz pentsatu nuen zuk aspaldidanik esaten zenidana, indibiduo balios eta beste ez hain baliosak zeudela eta batzuk diabetes dutenean, insulinaren hartzeko eskubidea zutela eta besteek ezetz. Eta nik, lerdo honek, baietz esaten nuen, ohartu egiten nuen! Egun horrelako taxuketa berri bat egin dute, eta ni deus guti baino gutiago balio dutenetariko bat bihurtu naiz. Merezia dut. (Eten egiten du berriz eta hasten da.)

            Bai, prestatu ditut neure maletak. Ez zazu esan azken egun hauetan ez zenuela ezer nabaritu. Fritz, oro onartzen dut, gauza bat ezik: aurpegira elkarri ez behatzea azken ordu honetan. Guztioi gezurra esatera behartzen diguten horiek ez dute gugandik horrelakorik eskuratzeko eskubiderik. Behin, duela hamar urte, norbaitek esan zidan ez nuela judaka antza eta zuk bat-batean ihardetsi zenion: bai judaka antza du. Eta asko gustatu zitzaidan, zure erreakzioa garbia zen, xahua. Egun, zertarako ibili behar dugu gezurretan? Neure maletak prestatzen ari naiz, joaten ez baldin banaiz ez zaitutelako eginen areto-buruzagia. Zeren jadanik klinikan ez digute agur egiten, gauaz loak ez zaitu hartzen. Ez dut zure ahotik entzun nahi ez duzula desiratzen joan nadin. Eta agudoki noa abiatu ez dudala behar ez entzuteagatik. Denbora-auzi bat da: karakterra ere denboraren pentzudan baitago. Zenbaitek, onak, asko diraute. Baina ez betirako. Gainera ez nago haserre. Bai, haserre nago. Zergatik esan behar dut beti amen? Zer txar dute ene sudurraren formak edo ene biloaren koloreak? Bide ahal da, jaio naizen hiri hau abandonatzea, ene koipe-arrazioa emateko eginbidea ez dezaten ukan? Nolako gizon modukoak zarete, bai, zu ere bai? Kanten teoria asmatzen duzue eta munduaren konkesta eskaintzen dizuen abereez gobernatuak zitzazten uzten duzue, zuen emazteak hautatzeko eskubidea kentzen dizuen abereez. Arnasa artifiziala eta gas letalak? Munstroak edo munstroen morroiak zarete! Bai, arbuiagarria naiz, baina, honelako mundu honetan, zertarako balio du arrazoiak? Hor zaude, eseririk, ikusten duzu zeure emaztea bere maletak prestatzen ari dela eta ez duzu deus esaten. Hormek belarriak dituzte, ez da? Baina zuek ez duzue deus esaten. Batzuek entzun egiten dute eta besteak isildu. Neuk ere isildu egin behar nuen. Maite baldin baninduzun isildu eginen nintzateke. Eta egia, maite zaitut. Emaidazu gona hori, arren. Luxozko lentzeria da. Behar ukanen dut. Hogeita hamasei urte ditut, ez dira asko, baina ezin dezaket experientzia anitzik egin. Joanen naizen hurrengo herrian, gauzek, ezinbestez, desberdinak izan behar dute. Ukanen dudan hurrengo gizonak ni kontserbatzeko eskubidea ukan beharko du. Eta ez zaidazu esan dirua bidalduko didazula, badakizu ezina dela eta. Eta ez zazu egin, Jainkoa arren, hiru astetarako joanen banintz bezala. Gauzak hemen hiru aste baino gehiago iraunen baitute. Zuk ongi dakizu, eta bai neuk ere. Orduan, ez zaidazu esan: “Azken finean, zenbait astetako gauza baizen ez da”, datorren neguraino behar ez dudan abrigoa ematen didazun bitartean. Eta ez dezagun esan ezbehar bat dela. Esan dezagun lotsagabekeria lotsagarri bat dela. Oh, Fritz!

 

(Eten egiten du. Ate baten hotsa entzuten da. Agudoki konpontzen da. SENARRA sartzen da.)

 

SENARRA: Zer, gauzak ordenatzen ari zara?

EMAZTEA: Ez.

SENARRA: Maleta horiek zertarako dira, bada?

EMAZTEA: Joan egin nahi dut.

SENARRA: Zer esan nahi duzu?

EMAZTEA: Hitzegina dugu noizbait joan behar nuela. Jasan ezina zait hemen egotea.

SENARRA: Horrek ez du zentzurik.

EMAZTEA:Orduan, gelditu eginen naiz?

SENARRA: Nora joan nahi duzu?

EMAZTEA: Amsterdamera. Hemendik ihes egiteko bakarrik.

SENARRA: Baina han ez duzu inor ezagutzen, ordea.

EMAZTEA: Ez.

SENARRA: Zergatik nahi duzu hemendik itzuri? Enegatik baldin bada, ez dago bat ere arrazoirik.

EMAZTEA: Ez.

SENARRA: Ongi dakizu ez naizela bat ere aldatu. Ba al dakizu, Judith?

EMAZTEA: Bai.

 

(Bere besoetan hartzen du. Isilik irauten dute memento batez, zutik, maleten erdian.)

 

SENARRA: Eta ez al dago beste arrazoirik?

EMAZTEA: Ongi dakizu ezetz.

SENARRA: Agian ez daiteke hain okerra diozuna. Aire garbia harnastu behar duzu. Hemen bat ito egiten baita. Zure bila joanen naiz. Muga iragan bezain laster hobeki sentituko naiz.

EMAZTEA: Bai, horixe egin behar zenduke.

SENARRA: Honek ez du luzaro iraunen. Aldez edo moldez, gauzak derrigorrez aldatu eginen dira. Irakidura edo su-hartze bat bezalakoa baita. Baina, zori gaiztoz...

EMAZTEA: Bai, dudarik gabe. Ikusi al zenduen Schoe?

SENARRA: Bai, hor zurubian. Uste dut asko sentitzen duela egin digun iraina. Urduri ikusi dut. Funtsean ezin gintzatekeen hainbat mezpretza, gu, intelektual araldea. Ezin ukanen duteke gerra egin bizkar hezurrik gabeko eskeletoekin. Jendea ez da hain erraz ekibokatzen begiz begi begiratzen zaionean. Zer ordutan irtetzen da zure trena?

EMAZTEA: Bederatzi eta laurdenetan.

SENARRA: Nora bidaliko dizut dirua?

EMAZTEA: Postako listara, Amsterdamera, onena.

SENARRA: Baimendu berezi bat eskatuko dut, zer arraio! Ezin dezaket neure emaztea atzerrira igorri hilero hamar markorekin bizi dadin. Nolako zikinkeria da hau guztia! Erabat nardaturik sentitzen naiz!

EMAZTEA: Ongi eginen duzu ene bila etortzeaz.

SENARRA: Zerbait esaten duen egunkariren bat irakurtzeko parada ukanen dugu.

EMAZTEA: Telefonoz mintzatu naiz Gertrudisekin. Ikustera etorriko zaigu.

SENARRA: Ez du merezi. Zenbait aste batzuk gatik.

EMAZTEA: (Bere maletak prestatzen hasiz) Abrigo hori emanen didazu?

SENARRA: Dena dela, zenbait astetako gauza bat baizen ez da.