Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hirugarren Reicharen izu eta miseriak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009

 

13.
LANGILEAREN ORDUA

 

Horra hor propagandako Goebbelsak

Herriari hitza ematen diote,

Baina hartan fidatzen ez direnez

Prest dituzte atzaparrak

Ahoan eta mikrofonoaren artean.

 

 

(Leipzig, 1934ean. Fabrika zuzendari baten bulegoa. Speaker bat bere mikrofonoarekin LANGILE ZAHAR eta LANGILE NESKATILA BATekin ari da mintzatzen. Hondarrean, ZUZENDARITZAKO GIZON BAT eta SAko uniformeaz jantzirik dagoen GAZTE INDARTSU BAT.)

 

SPEAKER: Burpilen eta ubelen artean kausitzen gara. Hauek jiraka ari dira, enrroilatuz, izugarrizko gar batekin lanean ari diren lagunen artean, bere laguntza ematen diotelarik egiteko nagusi horri: gure aberri maiteari behar duen oroz hornitu. Egun goizean Fuchs ehun fabrika bisitatzen ari gara, eta lana gogorra bada ere, inguruan aurpegi alaiak baizen ez ditugu ikusi. Baina utz dezagun geure lagunak mintza daitezen. (LANGILE ZAHARRAri.) Zu fabrika honetan duela hogei eta bat urtetatik ari zara lanean... nola zazu izena?

LANGILE ZAHARRA: Sedelmaier.

SPEAKER: Sedelmaier jauna. Ongi, Sedelmaier jauna, nola explikatzen duzu aurpegi guzti hauetan alaitasuna eta humore ona baizik ez ikustea?

LANGILE ZAHARRA: (Apur bat hausnartzen egon ondoan) Bada, txisteren bat kontatzen ariko direlako.

SPEAKER: Ongi, segur aski. Eta txiste alaiek lana arintzen dute, ez da? Nazional sozialismoak ez du ezagutzen bizitzearen etsai den pesimismoa, horixe da esan nahi duzuna, ez da? Beste garaietan gauzak desberdinak ziren oso, ez da?

LANGILE ZAHARRA: Bai, bai.

SPEAKER: Lehenago langileak ez zuten irri egiteko bat ere ziorik, horixe da uste duzuna. Orduan bai galdegin zitekeena, zertarako lanegiten dugu?

LANGILE ZAHARRA: Bai, badago oraino ere bat baino gehiago hori galdegiten duenik.

SPEAKER: Nola dinozu? Ah, bai, betiereko konformagaitza horiez ari zara, beti lanari behaztoparriak jartzen ari direnak. Baina geroago urriago dira, konprenitu baitute Hirugarren Reichean berriz ere esku firme bat dagoela, eta hori birpizte higitura batetan kausitzen da (LANGILE NESKA BATi.) Zuk ere esan nahi zenuen zerbait, ez da, andereño?... Nola deritzazu?

LANGILE GAZTEA: Schmidt.

SPEAKER: Andereño Schmidt. Gure altzairuzko erraldoietarik zeinetan egiten duzu lan?

LANGILE GAZTEA: (Buruz mintzo dela) Eta badugu ere lantegien dekorazioa, poz handi bat ematen digun lana. Führeren erretratoa guztiz harro sentitzen garen kolekta oldezko bati diogu zor. Bai halaber geranio ontziak, zeinak, lantegien klailunean, kolore eta alaitasun izpi bat jartzen baitute, Kinze andereñoaren iniziatiba bat izan da.

SPEAKER: Hala, bada, lantegiak dekoratzen dituzue lorez, zelaietako kreatura delizios horiez? Dudarik gabe fabrikan transformazio handiak egon dira Alemaniaren destinoa begitartez aldatzen ari denez geroztik.

ZUZENDARITZAKO JAUNA: (ANDEREÑOAri ahapeka) Lababoak.

LANGILE GAZTEA: Lababoak Bauschle zuzendari jaunaren beraren ideia bat dira, eta bihotz bihotzez nahi dizkiogu eman gure eskerrik beroenak. Orain nahi duenak garbi daiteke lababo izugarri horietan, jende larregi bultzatzen ez dagoenean.

SPEAKER: Bai, bada, denek nahi dute lehen heldu eta, ez da? Eta orduan habarrots alai bat eratzen da.

LANGILE GAZTEA: Sei iturri baizen ez daude bost ehun eta berrogeitamar langilerentzat. Egoten da habarrots bakoitza. Batzuk lotsagabe hutsak baitira!

SPEAKER: Baina oro borondate on apur batekin konpontzen da, ez da? Eta orain, jauna, zein da zure izena. Ezer erantsi nahi al duzu?

LANGILE ZAHARRA: Mahn.

SPEAKER: Mahn. Mahn jauna. Esaidazu, Mahn jauna, uste al duzu fabrikan sartu ziren aldaketa eta eraberritze horik guztiak laneko adiskide espirituan influentziarik ukanen duenik.

LANGILE ZAHARRA: Zer esan nahi duzu?

SPEAKER: Bada, pozik al zaude burpilak berriz jiraka ari direlako eta beso guztiek lana dutelako?

SPEAKER: Jakina, baietz.

SPEAKER: Eta berriz aste bakoitza bukatzean, guztiek alokairua boltsikoan dutela bere etxera itzul daitezelako? Hori ere ez dugu ahantzi behar.

LANGILE ZAHARRA: Ez eta ere.

SPEAKER: Beti ez da horrela izan. Lehenago anitz ziren benefizientzia elkarteetarako bide latza hartu behar zutenak. Eta erremusinekin konpondu behar zutenak.

LANGILE ZAHARRA: Hemezortzi marko eta erdi, bat ere deskonturik gabe.

SPEAKER: (Irri aprapos batez) Ja! Ja! Ja! Broma ederra. Ez zegoen asko deskontatzeko, ez horixe.

LANGILE ZAHARRA: Egun askoz ere gehiago dago deskontatzeko. (ZUZENDARITZAKO JAUNA aurreratzen da urduri, SAko uniformearekin dagoen GAZTE INDARTSUA bezala.)

SPEAKER: Bai, egun mundu guztiak du berriz egia eta lana Hirugarren Reichean arrazoi duzu, jauna, nola zen zure izena. Adolf Hitleren Alemanian ez dago bat ere burpilik geldirik ez beso erbaldurik. (LANGILEA kolpe batez apartatzen du mikrofonotik.) Elkarte alai batetan bildurik, langile intelektuala eta esku-langilea gure aleman aberri maitearen eraikitzen. Heil Hitler!