Sabino
Luis Haranburu Altuna
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
[aurkibidea]

 

PROLOGOA

(1902)

 

(Ohiala jasotzean foko batek sabinoren gorputza argitzen du. Ez dago beste argirik. Lehen jokaldi honetan, gero epilogoan bezala, goiko solairuak gartzel baten antza du. sabino zutik dago eta eskuekin sostengatzen ditu gartzelaren barroteak. Beheko solairua itzalean ageri da eta han daude multzo bat osatuz koruko aktoreak; beren murmurioekin giro oniriko bat lortuko dute. sabino heri eta zaharturik ageri da. Argiak behetik gora argitzen du itxura espektral bat emanaz).

 

KORUA: (Lau edo bost aldiz errepikatuz eta “s” hizkia luzatuz)

            Sssssabino! Sabino Arana Goiri! Sssssabino!

SABINO: (Publikorantz eta astiro)

            Denboraren errotak atzera egingo balu... Iragana balitz...

 

(Isilunea).

 

KORUA: (Lehen bezala)

            Sabino! Sabino Arana Goiri! Sabino!

SABINO: Ez nago, ez, damututa, baina bai eskarmentatuta. Hura ez zen bidea... Jomuga, xedea, helburua garbi zeuden baina bidean galdu gara. Berriro hasi beharko banu... Ostera egin beharko banu...

KORUA: (Behin)

            Sssssabinoooo! Sabino Arana Goiri! Sssssabinoooo!

 

(luis sartu da eszenara, baina itzalean dago oraindik. Agian, luisek hitzegitean beste foko batek argitu dezake).

 

SABINO: Nor da hor? Zein etorri da?

LUIS: Ni naiz Sabino. Luis naiz. Zure anaia (Isilunea). Zer duzu Sabino? Oso galdua ikusten zaitut. (Isilunea). Hitzegiten ari zinen...

SABINO: Nire kolkoari hitzegiten.

LUIS: Eta zer zenion zeure buruari?

SABINO: Bidean galdu dela esaten nion.

LUIS: Zein bidetan?

SABINO: Aberriaren bideetan.

LUIS: Ez dut ulertzen.

SABINO: Oraindik garaia da bidez aldatzeko. Oraindik sasoia da berriro hasteko. Baina agian... urrutiegi joan naiz eta nire jarraitzaileek ez dute ulertuko.

LUIS: Zer ulertu?

SABINO: Urte hauetako borrokan gure helburuak garbi eduki ditugu. Gure xede bakarra klaroa zen: Euskadiren independentzia. Baina gure taktika ez da zuzena izan. Gure bidea okerra zen. Zuzen-zuzen joan gara independentzia biharamonean lortu ahal baziteken bezala. Baina bidea luzea eta zihorra da. Pausoz-pauso eta mailaz-maila heldu behar dugu askatasunera. Ez dago beste biderik (Isilunea). Orainarteko bideak gartzelara eta desherrira bakarrik garamazki (Isilunea) Martiriak ez baina soldaduak behar ditugu gure borrokan. Oraindik ez dugu España eraso behar... oraindik ere ferekatu egin behar dugu España. Beste mugimenduei, beste alderdiei konstituzioak bideratzen dizkien eskubideak ukatzen dizkigute guri. Gure karguetatik bota gaituzte. Gartzelara ekarri gaituzte (Isilunea) Eguzkiaren argitan ez bada ez dugu gure herri zabalera argia hedatuko. Arrazoin zuen Sotak... (Isilunea) Luis?

LUIS: Bai, Sabino... hemen nago.

SABINO: Luis... Oraindik gogoratzen naiz gure etxeko baratze hartan nola deskubritu nuen Euskadiren izaera, Zurekin hitzeginaz bihurtu nintzen abertzale. Ehizetik nentorren. Basurdetan ibili ondoren aurkitu zindudan baratzean... Abandoko gure baratzean konbertitu nintzen.

LUIS: Bai, Sabino. Gogoratzen naiz.

 

(Argia gehiagotzen hasi da eta orain koruko aktoreak goiko solairura igo eta gartzelako barroteak erretiratzen dituzte).