Sabino
Luis Haranburu Altuna
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
[aurkibidea]

 

— VIII —

 

(Argia. errejenta dator eszenara eta bereari ekiten dio).

 

ERREJENTA:

            1.— Autatua izan ondoren

                        Diputaziora joan zen

                        etsai guztiak bakarrik

                        gogor eraso zituen.

            2.— Aranaren bozak irudi

                        gaueko ahuntzaren eztula

                        bazekien guztien kontra

                        ihardun beharko zuela.

            3.— Jelkidearen abotsa

                        bakartia suertatu zen

                        bera ordea ez zen

                        inorren aurren makurtzen.

            4.— Bizkaiko jaun ta jabea

                        Txabarri handikia

                        hilargia zen bera eta

                        Sabino eguzkia.

            5.— Gogor borrokatu ziren

                        Gogor gorrotatu ziren

                        baina ilunpearen gain

                        eguzkia argitu zen.

 

(errejenta erretiratzean, zazpi jarleku dakarte korukoak. sabino eta txabarri publikorantz jarriko dira. korukoak, konparsa moduan ekinen dute. sabino, txabarri eta korua eszenara).

 

TXABARRI: (koruari)

            Jaun Diputaduok! Aski da! Gehiegi da! (sabino adieraziaz) Gizon honen aurrez ez gindezke honela gelditu. Behin eta berriro egiten digu irain. Koldarra denez bere diputadu izaeran gordetzen da eraso egiteko. Subersibo bat da! Subersibo bat daukagu Diputazio honetan. Bizkaiaren hondrak ez du antzeko lotsarik sekuletan jasan. Arana diputadua, legez kanpo jarri behar dugu. (Txalo jotzen dute korukoek).

SABINO: Txabarri jauna! Zure legearekin ez dut ezer jakin nahi!

TXABARRI: (Bere onetatik at zutik jartzen da eta ibiliaz hitzegiten)

            Entzun duzute? Entzun? Diputazio hau Bizkaiko legeen gordailu da, eta horra non diputadu batek lege horiei irain eta iseka egiten dien. Hau gehiegizkoa da!

SABINO: Zure legeak ez dira Bizkaiaren legeak. Bizkaiak baditu legeak. Lagizarrak. Zure legeak, Txabarri jauna, Bizkaiko betidaniko legeen aurka doaz. Su zaude Bizkaiko legeetatik kanpo, ni ez.

TXABARRI: (Eskuaz, sabinori eraso egiteko keinua) Diputadu jaunok! Eutsi nazazute edo joko diot!

 

(koruko aktoreak itxura handiz eltzen diote. sabino bakarrik datza jarririk).

 

SABINO: (Hotz)

            Euskadi, Espaniaren menpean dago. Zu bezalako bizkaitarrek jarri dute egoera horretan. Zuek saldu duzute Aberria.

 

(koruko aktore bat korrika irten da eszenatik eta baso bat ur dakar txabarrirentzako).

 

TXABARRI: (Edanaz eta erdi-itorik)

            Aaaah! Aaaah! Aberria saldu nik?

SABINO: Saldu eta erosi... hortan zara trebea. Bizkai erdia zeurea da, zuk erosi duzu, auskalo nola irabazitako diruarekin.

TXABARRI: Nire izardiarekin irabazi dut dirua.

SABINO: Zure diruari Bizkaia osoaren izerdia dario. Zure industriak ezbeharra eta bestekeria besterik ez diote ekarri gure herriari. Bertako morroinak gutti izanik kanpotik ekarri dituzu zamariak.

TXABARRI: (Gorrotoz eta jarlekuan eroriaz).

            Alu zikiña! Nik tapatuko diat aho ustel hori. Hire hezurrak gartzelan ikusi arte ez nauk geldituko. Nik akabatuko haut.

SABINO: Entzun bezate, diputadu jaunok, nolako mehatxuak egiten zaizkion Bizkaiko jaun diputadu bati. (korukoeri) Zuek zarate lekuko.

 

(korukoak, burlaz eta zaratatsu ihardesten diote sabinori, honek hitzegiten jarraitzen du).

 

SABINO: (Koruari)

            Zuek ere bere morroiak zarete. Arima saldu diozute. Etxe honetan ez da ahalkerik gelditzen. Erruki dut Bizkaia!

TXABARRI: Haseran erotzat hartu zindudan baina orain badakit kontutan hartzekoa zarela. Zure zorabioak haragia hartu du beste zenbaitegan ere eta iadanik Bizkaia eta Espainiaren etsai zarete. Nire etsai, beraz. Baina nire besoa luzea da eta ez dut ez etsiko zu eta zure kordekoak galdu arte.

SABINO: Ni ezin nauzu erosi eta horregatik natzaizu etsai. Ez ni eta ez nire lagunak; betidaniko Bizkaiaren abotsa gara. Gizalditan zehar mutu egon da abots hori baina orain mundu guztiak entzungo du gure garraixia. Gu gara hastapena eta etorkizuna. Gu gara geroa. Su zara iragana eta eroa.

 

(Azken hitzak entzutean txabarrik eraso egin dio sabinori lepotik eutsiaz, biak bereizten saiatzen diren bitartean egiten da iluna).