Sabino
Luis Haranburu Altuna
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
[aurkibidea]

 

— VII —

 

(Argiak. errejenta dator eszenara).

 

ERREJENTA:

            1.— Euskaldun batzokia

                        euskaldunen biltokia

                        Jaungoikoa eta Lagizarra

                        bertakoen gutizia.

            2.— Arrotzkerien sobera

                        arraza garbiaren semeak

                        Bilbon bildu ziraden

                        aitzineko abertzaleak.

            3.— Hemen ukan du Sabinok

                        bere lehen garaipena

                        urrats nagusi honek

                        izanen du jarraipena.

            4.— Goizean dute bisitatu

                        Begoñako Birjiña

                        gero zabaldu dute

                        euskaldunen ikurriña.

            5.— Sabino eta Luis

                        Luis eta Sabino

                        bedeinkatuak zuek

                        mendeen mendetarino.

 

(errejenta erretiratzean sabino dator eszenara. Atrilean idazten hasten da. Isilunea. Jarraiean sota sartzen da).

 

SOTA: Agur, Sabino.

SABINO: (Pozik ageri da).

            Agur, Sota.

SOTA: Lanean ari zara?

SABINO: (Pozik)

            Diskurtso labur bat prestatzen ari naiz.

SOTA: Pozik nabari zaitut.

SABINO: Horrela da. Pozik nago. Egun handia da gaurkoa.

SOTA: Gaur? Zer egun da gaur?

SABINO: Oraintxe jakin araziko dizut. Utz iezadazu bukatzen (Isilunea).

SOTA: Aizu, Sabino...

SABINO: Zer duzu?

SOTA: Zergatik idazten duzu horrela... zutik. Jarririk hobeto zinake.

SABINO: (Irri labur bat)

            Halabeharrez idazten dut zutik. Gaztetan gaitz bat izan nuen eta minbera zait denbora luzean jarririk egotea.

 

(Isilunea. sabinok idazten jarraitzen du. Halako batetan sotarengana doa eskua luzatuz eta lagunkiro agurtuz).

 

SABINO: Pozik nago, bai. Egun handia benetan.

SOTA: Zer da ba?

 

(aktore i sartzen da bi basoekin. Bakoitzak berea harturik, topatu ondoren edaten dute. Basoak aktoreari).

 

SABINO: Guregatik! Euskadirengatik!

SOTA: Euskal Herriarengatik!

SABINO: Gaur, Sota, lehenengo Euskaldun Batzokia zabaltzen dugu hetnen, Bilbon. Goizean Begoñan izan gara lagun talde bat gure mugimendua Jaungoikoari eta Bizkaiko Amari eskeintzeko. Esan dezaket gaur hasten garela benetako politika egiten.

SOTA: Benetako politika?

SABINO: Bai. Jaungoikoa eta Lagizarra lemarekin harmatuta plazara jeitsi gara. Ez da aski idaztea. Ez da aski diskursoak egitea. Organizatu egin behar gara Euskal Herria osoan gure lema zabaltzeko. Euskadiren independentzia lortu arte ez dugu etsiko.

SOTA: Barkatu Sabino, baina helburu zorioneko hori lortzeko beldur naiz, zuzen joanaz eta eguzkiaren argitan zuen xedea aldarrikatuz, guztiak eta batipat zuk ez ote duzuten gartzelan bukatuko. Helburu eta jomuga bezala ez dago gaizki, baina zuk diozun benetako politika zatika eta pausoz-pauso burutzen da. Españiarengandik berezi nahi duzutela adierazten baduzu, preso hartuko zaitue besterik gabe.

SABINO: Egiarekin egin behar da politika. Bestelako politika guztiak farsa besterik ez dira.

SOTA: (Lagunkiro)

            Sabino... politika guztia farsa bat da, baina beharrezkoa azken xede eta helburuetara iristeko.

SABINO: Ez dut gezurrik esanen. Prest nago nire egiaren ondorioak jasaiteko.

 

(luis dator eszenara).

 

LUIS: (Presaka)

            Sabino, berandu da iadanik! Zai dago jendea!

SABINO: Sotarekin entretenitu naiz. Politikaren egiaz eta gezurraz ari ginen.

SOTA: Taktikaz eta estratejiaz hobeto.

LUIS: (sotari)

            Hitz alferrak alde batera utzirik hobe zenduke gurekin bat egitea. Euskalerriakoak eta Euskaldun Batzokikoak elkar hartuaz gero kontutan hartzekoak ginake.

SOTA: Taktika eta estratejia hitzak ez dira hitz alferrak; politikaren ardatza dira hitz horiek. Egiaz ihardun behar du politikan baina ez egia guztia adieraziz. Politika ez da horregatik gezurra. Eta bat egiteko kontu horretan, oraindik ez da sasoia. Berdeegiak zarete oraino.

SABINO: Berdeegiak?

SOTA: Bai. Estratejia eta taktika bereizten ez duzuen bitartean heldu gabeko emaitzak zarete.

LUIS: (Harro)

            Garbi dakigu zein den gure helburua.

SOTA: Ez dut hori dudatan jartzen, baina bide ugarietatik heldu daiteke xede berberara.

SABINO: Zer esan nahi duzu?

SOTA: Zuek, biderik laburrena aukeratu duzute, baina bide hori oso aldapa gora da. Nekez gainditu daitezke azken xedera daramazten maldak. Euskadiren independentzia bat-batean aldarrikatzeak oztopo asko ekarriko dizute. Agintarien etsaigoa... handikien mesfida...

SABINO: Ez dugu inor engainatu nahi.

SOTA: Ez da hori. Erlijio edo moral mailako planteamendua da hori, baina ez politikoa. Mailaz-maila, hemeki-hemeki lortuko dugu independentzia. Foruak aurrena, beste herriekin konfederazioa gero... independentzia azkenik.

SABINO: Beraz, bat zatoz helburuetan?

SOTA: Ni ere independentziaren aldekoa naiz baina politikoki ez nezake ez aitortu eta ez aldarrikatu. Gainera bat etortze hori...

LUIS: (Arretaz)

            Zer diozu horretaz?

SOTA: Estilo kontua da. Zuen mugimenduak eleiz eta baserri kutsu handiegiak ditu. Pentsa gehienok kaletarrak gara gaur eta mugimendu hiritar bat osatu behar da bizkaitar gehienak bildu nahi baditugu.

SABINO: Esan nizun Larrazabalen ere Jaungoikoaren ideia denen gainetik jartzen dudala. Ni kristaua naiz lehenik eta gero gerokoak.

SOTA: Bai. Oroitzen naiz. Baina politika egin behar dugu orain eta ez gurutzada bat.

SABINO: (Astiro)

            Euskotarron politika, gurutzada bat da.

 

(sota isilik gelditu da. Buru-makur. sabino, berari so datza. Pentsakor. luis urduri ageri da).

 

LUIS: Sabino! Garaia da!

SOTA: Bai. Joan behar naiz.

SABINO: (Pozik)

            Sartu bitez Jelkideak!

 

(luis eta sota kanpora doaz. Jelkideak sartzen dira eszenara. Banan bana agurtzen dute sabino eta zirkulo erdi bat osatzen dute bere inguruan. Solasaldi bat egiten dute beren artean; gero, luis sartzen da. Ikurrina dakar eta korukoak eskolta moduan datoz prozesionalki. Guztiak ikurrina gurtzen dute burua makurtuaz. Ikurrina eszenaren erdian. sabino goiko solairura doa eta handik hitzegiten du).

 

SABINO: (Diskurtso moduan)

            Jelkideok!

            Gaur eta hemen Euskaldunen lehen batzokia osatzera goaz. Bakarra da oraino, baina berehala Euskadi osoan zehar antolatuko dira antzeko elkarteak. Batzoki hau dugu guztietan aintzindari. Hemen makurtzen da euskal historia, aurrerantzean ez da ezer berdin izango. Jaungoikoa eta Lagizarra ditugu gure lema. Lema horrekin autsiko dugu euskal itsasoa. Euskadi zazpi Herriak osatzen dute eta elkar konfederatu behar dira guztiak. Bizkaiak ematen du gaur lehen pausoa. Arrazaz, hizkuntzaz, fedez eta izaeraz: Araba, Behenabarra, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Zuberoa eta Bizkaia arrebak dira. Zazpi nazio hauek elkartu behar dira norberaren askatasuna salbu utzirik. Guztiak osatuko dute Euskadi. Euskadi konfederakuntza bat izahen da eta euskal estadu guztiak libreki elkar harturik osatuko dute. Guztiak berdin izanen dira eskubidez eta bakoitza libre izanen da elkartzeko edo bereizteko. (Atseden hartuaz eta oso astiro) Nik, Arana eta Goiritar Sabinok, zin dagit nire indar guziaz borrokatuko naizela deseinu honen gibeletik. (Ohiukatuz eta solemne). Bizkaia! Bizkaia! Jaungoikoa eta Lagizarraren aldez!

 

(guztiak, eskua zin eta iuramendu egiteko posturan jarriaz diote).

 

GUZTIAK:

            Bizkaia!

            Bizkaia!

            Jaungoikoa eta Lagizarraren aldez!

 

(Argia aldatzen da supitoki eta sabino beherantz dator. Ikurrina eskuan duela irekitzen du bidea eta guztiak dintasun handienarekin jarraizten diote kanpora. Argia aldatzean eta sabino beherantz abiatu denean Eusko Abendaren Eresiaren konpasak entzuten hasi dira. Iluna).