Sabino
Luis Haranburu Altuna
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
[aurkibidea]

 

— IV —

 

(errejenta dator betiko moduan jokatzeko).

 

ERREJENTA:

            1.— Tristerik gelditu zen

                        Sabino Larrazabalen

                        diskurtsoa egin ondoren

                        ez bait zioten ulertzen.

            2.— Ez zuten preziatu

                        txakolinaren freskura

                        ardo berriegia zuten

                        Aranaren diskurtso hura.

            3.— Doilor suertatu ziren

                        Sabinoren entzuleak

                        historiaren ganduak

                        preso zeuzkan borondateak.

            4.— Euskadiren garaipena

                        Larrazabalko txakoliña

                        Sabinok ez zuela etsi

                        da gauza oso jakiña.

            5.— Sabinok zuen ikusi

                        Larrazabalko diskurtsoan

                        zein bakarti zegoen

                        Euskadiren erasoan.

 

(Jokaldi honetan, eszenan gelditzen da errejenta bere kanta bukatu ondoren; mahain luze bat dakarte korukoak. Jarlekuak ere ekartzen dituzte eta mahaina antolatzen dute bankete batetarako. errejentak ere laguntzen die korukoei. Gero luis eta sabino sartzen dira eszenaren erdian pausatuaz. korukoak eta errejentak multzo bat osatzen dute albo batetan).

 

SABINO: Ez dira oraindik heldu.

LUIS: (Mahaina adieraziz)

            Berehala izango dira hemen, mahaina jarririk dago.

 

(aktore i besteengandik bereizirik mahainera doa eta edaten hasten da isilik).

 

SABINO: Diskurtso motz bat gertatu dut.

LUIS: Hobe laburra bada. Hitzbidea sortzeko haina.

 

(sota eta jelkideak datoz eszenara, hauek ez dute hitzik eginen antzerki guztiaren zehar. Jelkideak zortziraino izan daitezke eta garaiko kaletar jantziekin agertzen dira).

 

SOTA: Gu baino lehen heldu zarete.

LUIS: Heldu berriak gara.

SOTA: (sabinorengana hurbilduaz)

            Agur, Sabino nire lagunak aurkeztu nahi dizkizut. Guztiak irakurri dute zure liburua.

 

(korukoak eta errejenta Jelkideekin nahastu dira eta guztien aurkezpena egiten hasten Sota. Banan-bana emango diote eskua sabinori).

 

SOTA: Hona hemen, Guiard.

SABINO: Agur.

SOTA: Honoko hau, Aburto da.

SABINO: Poztutzen naiz.

SOTA: Beste hau, Alda.

SABINO: Ongi etorria.

SOTA: Aramburu Jauna.

SABINO: Jauna...

SOTA: Zabala duzu hau.

SABINO: Poztutzen naiz.

SOTA: Ansuategi aurkezten dizut.

SABINO: Agur.

SOTA: Hernen berriz Azaola.

SABINO: Eskerrak etortzeagatik.

SOTA: Cortina eta Arteaga jauna.

SABINO: Jauna...

SOTA: Gazteizgoxeaskoa, jauna.

SABINO: Arratsaldeon!

SOTA: Ibarretxe.

SABINO: Agur jauna.

SOTA: Ugalde aurkezten dizut.

SABINO: Asko poztutzen naiz.

SOTA: Llodio jauna.

SABINO: Agur, kaixo.

SOTA: Hemen berriz, Ogara.

SABINO: Kaixo.

SOTA: Ugalde.

SABINO: Asko poztutzen naiz.

SOTA: Urrutia.

SABINO: Agur jauna.

SOTA: Eta azkenik Ibarra jauna.

SABINO: Agur.

 

(Zeremonial honek iraun duen artean luis eszenaren albo batetan egon da. aktore i edaten dago beti eta sabino agurtzeko bakarrik utzi du mahaina. Jadanaik mozkor trazak ditu).

 

SOTA: Ondo da. Guztiak ezagutzen gara orain eta mahainera pasatzera dugu egokien. (Besotik hartzen du sabino). Zatoz Arana jauna, jar gaitezen.

 

(Mahainean jartzen dira guztiak. luis, sabino eta Sotak osatzen dute mahain burua. Platera eta koilare bana dute guztiak eta sabinok hitzegiten duen bitartean jaten ihardunen dute beren hotztasuna sabinoren hitz beroei kontrajartzen diotelarik. Diskurtsoaren zehar, mozkorrak zenbait nabarmenkeria eginen du).

 

SABINO: (Paper bat irakurriaz. Irakurtzen doan ehinean enfasis handiagorekin).

            Jaunok!

            Bizkaitar entzuleok! “Vizcaya por su Independencia” nire liburuak zuen abertzaletasunaren sua piztu du eta sukar horren keak ez dizute utzi ikusten, ni nor naizen. Ni bizkaitar arront bat naiz eta egiten didazuten omenaldi honen aurrez nire eskerrik beroenak agertzen dizkizuet. Gaurdanik, naizen eta dudan guztiarekin zuen zerbitzuan jartzen naiz. Orain, laburki adieraziko dizuet nire liburutxoaren nondik norakoa. Bederatzigarren mendean hasi zen Bizkaia, gure Aberria, arrotz eta espainol bilakatzen. Garaiko jauntxoen eraginez arrotzkeriak haragi hartu zuen herri xumearengan ere. Espainol bati eskeini zioten “Señor” deitura. Gero Espainiako “espainol” izenaz deitzen zien ordungo bizkaitarrei. Geroz, beherakada besterik ez da nabari gure historian. Hemezortzigarren mendean españolismoaren harrak jota zegoen iadanik gure herria. Gaur, mende honetan, kasik akabaturik izan da gure Aberria, España honen ondorioa begien bistan datza: Bizkaia mermaturik aurkitzen da erlijiosoki, moralki, ekonomikoki eta politikoki; bere arraza eta hizkuntza ere makurtuta agertzen zaizkigu. Egoera honen aurrez bizkaitarrak sakabanaturik gabiltz partidu desberdinetan. Horra, zortzi bandera daude Bizkaiko mendi tontorretan, ezagutzen ahal duzute haien artean Bizkaiako ikurrarik?

            Zortzi partidu horietako boruzagiei galdetzen badiezute guztiak erantzungo dizuete berak direla Bizkaia gehien maite dutenak. Baina, ah! Zorigaiztokoak! aspertuta gaude hainbat farsarekin. Farsa diot eta berriro diotsat: farsa, eta ez errua, deritza Bizkaia maitatzen dutelaren aitzakiarekin irain eta desgrazi egiten bait diote.

            Ah! Bizkaia gajoa! partidu espainolista horien baitan balego zure deseinua! Esteak jango dizkizute! Zorigaiztoko Bizkaia baldin eta justizi zerutarrak ez balu iadanik bere ezpata zorrotza biluztu!

            Ni ere errudun nintzen oraino. Hemezazpi urterekin karlista nintzen, nire aita bezala, baina egoarte batetan Luisekin paseatzen ari nintzelarik —Bedeinkatua nire Aberria ezagutu nuen eguna eta esker hilezkorra ilunpe espainolistatik atera ninduenari!—, egun hartan ikusi nuen bizkaitarron errua eta egin nuen promesa euskara ikasteko lehenik eta gero bizkaitar guztiak bandera bakar baten pean batutzeko. Lan handia da, ikaragarria, baina iragan diren hamar urte hauetan bezala badut animorik.

            Eta orain ohiukatu nirekin: Gora Bizkaiaren Independentzia!

LUIS: Gora Bizkaiaren Independentzia!

 

(Diskurtso guztian zehar garbi gelditu da sabinoren mahaikideen hotztasuna. Kortesiaz entzun dute baina hotz. Mozkorrak edaten jarraitu du eta orain sabinoren hitzak amaitzean murmurio bat hedatu da eszenaren zehar. sabino ohartzen da bere arrakasta urriaz eta Sotari begira gelditu da. Isilune luzea. Plater eta koilare hotsa bakarrik entzuten da. Jaten hasi dira mahaikideak).

 

SOTA: Zorionak, Sabino! Diskurtso polita benetan...

AKTORE MOZKORRA: (Abots arloteaz)

            Biba Bizkaia! Biba ni!

 

(sotak zorrotz begiratzen dio mozkorrari baina honek berean jarraitzen du).

 

AKTORE MOZKORRA: Gora gu eta gutarrak! .

 

(sabino, jarririk, jaten hasten da).

 

AKTORE II: Aizu Sabino... Zuk esandakoak entzun ondoren Euskalerriakoak ere gauza berdinak esaten ditugula jabetzen naiz.

SOTA: Hori bera esan nion lehengoan. Oso gertu daudela, alegia, gure jarrerak.

AKTORE II: Bai jauna. Bat gatoz. Hala ere zure liburuan eleizkoiegi agertzen zara nire gustorako. Bizkaitarrok betidanik gara katolikoak ez dago zertan hainbeste indar jarri beharrik hor. Alferrikako derizkiot Euskal Herriari katolikotasuna aldarrikatu nahi izatea. Katolikoak gara iadanik, eta kito!

SOTA: Politikaz. Politikaz arduratu behar gara. Utzi dezagun Jainkoa bakean. Jainkoa oso altu dago gutaz arduratzeko.

 

(sabino zutik jarri da bere onetatik aterata. luisek baretzeko keinua egiten dio, baina sabino bero hasten da hitzegiten).

 

SABINO: Norbaitek esan du nik diodana eta Euskalerriakoak diotena gauza bera dela eta hori gezur handi bat besterik ez da. Euskalerria deritzan zuen mugimendua liberala eta españolista da. Liberal denez nire gorrotorik biziena merezi du eta españolista denez lehen aipatu ditudan alderdi arrotzen artean ezartzen dut. Beraz, nire etsaiak zarete, politika arloan bederen.

AKTORE MOZKORRA: Españolista ni? (Eta ahopetz edo korrokada gordin bat egiten du).

SABINO: Ez naiz ni mozkorrekin hitzegitera etorri.

AKTORE MOZKORRA: (Ukabila jasoaz eta sabinori desafio eginaz)

            Nor dago mozkorra?

 

(sota, bere tokitik mozkorrarengana doa eta baju hitzeginaz sosegatzeko erregutzen dio. Mozkorrak ez dio kasorik egiten eta keinu iraingarriak egiten dizkio sabinori).

 

SABINO: (Asarre)

            Gauzak garbi utzi nahi nituzke eta Euskal Herriaren katolikotasuna aldarrikatu behar dela badiot, gure Aberriaren aztura eta izaera politikoa funtsean katolikoak direlako da. Horrela ez balitz ere, hala aldarrikatuko nuke. Eta nire herriak bere izaeraz arnegatuko balu nire arrazaz arnegatuko nuke nik. Jaungoikorik gabe ez dut ezer nahi.

AKTORE MOZKORRA: (Irainaz)

            Apezkume! Meapilas!

 

(aktore ii eta aktore iii altxa egin dira eta bien artean nekez ateratzen dute mozkorra eszenatik).

 

SOTA: Barkatu Arana jauna, ez nuen horrelakorik pentsatzen.

 

(aktore iv sabinorengana doa eta berau agurtuz dio).

 

AKTORE IV: Ea, Sabino ni joan beharrean naiz. Interesgarria litzake antzeko afari geheiago antolatzea elkar ezagutzen jarraitzeko.

SABINO: Eskerrak Guiard jauna, baina ez dut pentsatzen Euskal Herriaren osasuna txakolietan afalduz lortuko dugunik.

SOTA: (Hurbilduaz)

            Bale, Sabino! Ikusiko gara. Guk ere joan egin behar dugu. Berandutu zaigu.

 

(Nahiz eta zabarki, mahakide guztiak agurtzen dituzte Arana anaiak. Irten dira guztiak eta sabino eta luis gelditzen dira bakarrik. Eszenaren erdira doaz eta publikorantz so hitzegiten du luisek).

 

LUIS: (Burua astinduz)

            Oker atera da guztia. Hauekin ez dago zer eginik. Zuk Euskaldun Batzokia antolatu nahi duzu baina hori ez da oraingoz posible.

SABINO: (Maitekiro)

            Luis! Ez zaitez atsekabetu! Gaurko hau hasera besterik ez da eta gure egia gertatuko da garaile. Euskaldun Batzokia eraikiko dut, bai, borrokaren hastapenetan gaude...

 

(Isilune luzea. Argiak itzaltzen doaz sabinok bizkarretik hartzen du anaia).

 

SABINO: Luis. Goazen gure etxera.

LUIS: Bai... goazen. (Irten dira eta ilun dirau eszenak).