Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

III.

 

“Denek Bi” pilota elkarteko bulegoan gira berriz. mattin zubiko

beti joan jinka, zigarroa ahoan, Marina segretarioa jarririk, makillaja arra pikoan emaiten ari. Atean joa entzuten da eta sartzen dira hiru gizon: entranatzaile den auxtin eskuin, zainetan, kopeta mokanesa-rekin xukatzen ari, eta bi pilotariak: patrik uzkurra burua apal, poneta eskuetan, segretarioak so egiten dion aldi oro durduzatua eta jean claude biesku.bi, harro, hegi keinuka segretarioari.

 

 

MATTIN ZUBIKO - MARINA - AUXTIN ESKUIN
PATRIK UZKURRA - JEAN CLAUDE BIESKU.BI

 

Mattin Zubiko: Orduan, Eskuin jauna! Naski argitasun bat edo bi zor dauzkidazun! Zer gertatu da atzo?

Auxtin Eskuin: Ez dut ulertzen, jaun lehendakaria! Ez dut ulertzen! Alta, nihaurren ustez ongi prestatuak nituen! Futxo, futxo, futxo!

Mattin Zubiko: Bai, ikusi dugu! Pilotaren ixtorioak ezagutu duen partidarik txarrena izan da. Marka edo errekorren “Guiness” liburuak jadanik deitu nun galdatzeko atzo gertatua beren orhialdeetan agertzen ahal duten!

Auxtin Eskuin: Futxo, futxo, futxo! Xifriturik nago!

Mattin Zubiko: Dena den, jadanik hasten ahal zira beste ofizio bati pensatzen, nun ez dautazun atzoko lotsagarrikeria argi lezaketen arrazoin onik emaiten!

Auxtin Eskuin: Ez dakit!... Ez dakit!... Futxo, futxo!

Mattin Zubiko: (pilotarieri) Eta zuek? Zer diozue?

Patrik Uzkurra: (beti burua apal) Ontsa gira, milesker! Eta zu?

J.C. BIESKU.BI: (bulegoaren ixkinean jarria, begi keinuka eta ahapeko hitzetan segretarioari, hunek oilo kakaratzak iduri duten irriak botatzen dituela)

Mattin Zubiko: Biesku.bi Jauna! Ihardesten dautazu?

J.C. BIESKU.BI: Ba, ba! Zer nahi duzu! Gertatua gertatua! Zer neska andana.. edo jende andana zen partidan!

Mattin Zubiko: Hastapenean bai! Trinketa mukurru betea zen! Bainan hogoigarren kintzea gabe galeriak hustuak ziren, hain zinuten mail txarra erakusten. (patrik uzkurra erakutsiz) Hunek marra ezin pasa botean, errepittitta batek azkarrago joko zuela, ezin taulatuz! (jean claude biesku.biri) Zure pilotak paretarat sekulan ez heltzen, hiruetarik bietan jotzeko keinua egiterat deliberatzen zineneko, pilota bost segunda huntan pasatua zure gibelerat! Desastrea! Hain beste jende ospetsu etorria zelarik gainera! Euskal Herriko “Miss Espartin” ere hor zen!

Marina: Pff! Zer neska arrunta! Ahantzi gabe suprefeturako laugarren kabineteko buruzagi ordearen segretarioaren senarra ere hor zela!

Mattin Zubiko: Bainan zer zinuten hain gaizki artzeko! Zerbait joan ez denik gertatu da hor!

J.C. BIESKU.BI: Parrekoak, “Punpetik”ekoak ere gu bezain txarrak izan dira!

Mattin Zubiko: Ah, zer arrazoinamendua!

J.C. BIESKU.BI: Eta ñeo! Zer neska... edo zer jende ederrak ziren bazterretan!

Mattin Zubiko: Eta zer kondatuko diotegu kazetarier! Prensa aurrekoa badugu sarri! Zuk Patrik! Zer diozu?

Patrik Uzkurra: Badoa, milesker! (burua apal)

Mattin Zubiko: Segur naiz Pattin Zuriko “Punpetik” elkarteko lehendakari ustel horren azpi joko bat izan dela! Norbaitek ezar baleza dinamita bere etxe gainekaldeko peña hartan, peña joan dadin pirripitan gain behera eta alu horren etxea lehert! Auxtin Eskuin jauna: ez zaitugu gehiago entzuten!

Auxtin Eskuin: Futxo, futxo!

Mattin Zubiko: “Futxo, futxo”! Hasia naiz zure leloaz aspertzen! Ez zinuke besterik?

Auxtin Eskuin: Bai! Kotxino, kotxino?

 

(Argia itzaltzen da).