Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

X.

 

Dantza lekuan gira. Neskak sartzen dira lerroan. marina (miraila eskuan, makillaja pikoan emaiten, galtza tinko eta oinetako takoindurekin). christelle (usain goxoa bere gorputz guzian barreatzen duela “baporisatzaile” batekin, zaia labur eta oinetako takoindunekin). bertta (burua appal, lotsatua, bi eskuak bere eskukozakuari lotuak, jauntzi arruntez beztitua). gaxux (prensa aurrekoan ikusi kazetaria) (burua xut, zigareta luze bati tiratzen ari, “jean eta baskett”ekin). manana (espartin pare batateratzen du bere eskuko zakutik eta soinean zituen zapetekin trukatzeri) eta azkenik marjorie (planttan beztitua, xingol korropilatu bat papoan, zaia luze ongi lisatua, galtzerdi xuri luzeak eta oinetako ongi ziratuak; bere burrasoak ondoan ditu.

 

 

MARINA - CHRISTELLE - BERTTA
GAXUX MANANA - MARJORIE - MARJORIE-REN BURRASOAK

 

Marjorie-ren ama: Beraz, hitza hitz Marjorie! Ez zira ostaturat joanen! Ez duzu burua xoraarazten duten edari horieri jastatuko!

Marjorie: Ez, ama!

Aita: Eta ez duzu nor nahirekin dantza eginen Marjorie! Bakarrik Familia oneko mutikoekin!

Marjorie: Bai, aita!

Ama: Eta ez zira bi gorputzak tinkatuz emaiten diren delako dantza okaztagarri horietan ariko, Marjorie!

Marjorie: Ez ama!

Aita: Eta gauerdiko ezkilaren hamabigarren danga entzun orduko, hartuko duzu etxeko bidea!

Marjorie: Bai aita!

 

(marjorie-ri musua eman eta, aitamak ateratzen dira).

 

 

MARINA - CHRISTELLE - BERTTA - GAXUX MANANA - MARJORIE

 

Marina: Ikusi dun Christelle? Marjorie bere aitamekin jin dun dantzaldirat!

Christelle: Ez dun batere “emanzipatua”!

Marina: (manana erakutsiz) Eta beste hunek: espartinak eskuko zakutik atera ditin!

Christelle: Usain goxoa ditaike bere zakuan! (irri ergeletan)

Marina: (bertta erakutziz) Eta hau? Beha ezan Bertta nola beztitua den!

Christelle: Noizko modako arropak ditin?

            (biak irri ergeletan. berttak, bere buruaz trufatzen direla oharturik, burua oraino apalago) Eta ikus ezan zer aireak hartzen dituen hunek bere zigareta luzearekin! (gaxux erakutsiz)

 

Marina: Zer urgulua! Zer uste din: gu baino ederrago dela?

Christelle: Gisa guziz, itxura ez dun inportanta eh! Inportantena dun barneko edertasuna! Edo nortasuna ukaitea!

Marina: (Makillaja pikoan emanez, mirail ttikia eskuan) Hori egia dun! Ez din gorputzaren itxurak inportanziarik! Nik badakinat personalitate ainitz badutala!

Christelle: Nik ere eh! Atzo oraino, joan nun ileen tindatzerat eta Melanie-k nahi zianan metxa xuriz egin. Nik tanpez erran dakinat: “Ez! metxa horia nahi dut!”

Marina: Eta nik, joan den aldian: ezpainetako gorria bururatu zautalarik, nere buruari erran dakinat bazela grabeakorik bizian!

Christelle: Bon! Agian ez dine gaur euskal dantza zaharkitu horietarik sobera emanen, zazpi jauziak, pika eta erdizka eta oh la la, “ringard”!

Marina: Noiz etorriko ditun mutikoak! “Rendez-vous”-a badinat Jean-Claude Biesku-birekin!

Christelle: Ah bai? Nik ere!

Marina: Zer derasan! Nitaz erotua dun! Erran dian!

Christelle: Eni ere!

 

(Musikak segitzen du eta mutiko dantzariak basten dira sartzen, lerroan: patrik uzkurra, burua apal, lotsatua, atorraren potoinak leporaino estekatuak, poneta eskuetan

jean claude biesku-bi, harro, barabilak galtzetan arrapikoan emaiten.

aritz, ostatuko Enekoren itxura berarekin, soinekoak ikur eta seinale abertzaletaz betea.

jean francois arinburu, betiko pika buztan aire eta irri zozoarekin, usain goxoa ahoan emaiten duela “baporisatzaile” batekin, jeannot, ostatuan ikusia, bere “ricard” xapela kendu eta, orrazta pasatzen du ileetan eta berriz xapela buruan emaiten).

 

 

MARINA - CHRISTELLE - BERTTA - GAXUX MANANA
MARJORIE - PATRIK UZKURRA - JEAN CLAUDE BIESKU.BI
ARITZ - JEAN FRANCOIS ARINBURU - JEANNOT

 

P. Uzkurra: (christelle-ri, lotsaturik) Naki zinuke dantzan enekin aritu?

Christelle: (irri ergelekin) Ni zurekin? Zer pretenzioneak dituen mamu hunek!

Marina: (berdin irriz) Behin ere ikusi dea urtxo zuria apoarekin parezkatzen?

J.C. BIESKU.BI: Agur oilandak! Hemen duzue zuen oilarra! Zoinen kukurrustak ditu ene mokoaren pikoak desiratzen? (marina, christelle eta berttak erakutsiko dute gomitaz interesatuak direla, mutikoak marina hautatuko du, erhiak klaskatuz). Hi! (Eta dantzan hasten dira, marina lorietan, christelle nigarrez hasten, bertta burua apal. Orduan, aritz hurbiltzen da eta berttak erakusten du gomita espero duela. Bainan aritz christellera buruz doa. bertta burua apal. aritzek agur militantea egiten dio christelli, ukomiloa alxatuz.)

Aritz: Agur terdi!

Christelle: Bai zuri ere! (nigarrez)

Aritz: Ez egin nigarrik! Irabaziko dugu! Nahiz ez den hau euskal dantza bat, onhart zinezakea elgarrekin eman dezagun, biek bat eginik, mugarik gabe, zazpi probintziek bat egiten duten bezala!

Christelle: (Beti nigarrez) Bai! Amodio xangrina haundia bizi dut! Egizazu nahi duzuna nitaz! Ereman nezazu munduaren puntarat, nahi baduzu!

Aritz: Xiberorat?

 

(Hasten dira dantzan. Orai hurbiltzen da jean françois arinburu. berttak erakusten gomita espero duela. Bainan mutikoa gaxuxeri buruz doa. bertta burua apal).

 

J.E. Arinburu: (betiko aire eta irri zozoarekin) To! Ari zira dantzan? He? Berdin? He?

Gaxux: (zigaretari tiratuz) Zergatik ez! Onhartzen dut experientzia gisa, gorputzaren mogimenduek izpirituari ekartzen omen dioten ezin menperatuzko emozione horien hobekiago ikertzeko. (hasten dira dantzan. jeannot hurbiltzen da eta berttak erakusten gomita espero duela. Bainan jeannot marjorieri buruz doa. bertta burua apal).

Jeannot: Erran no! Nola dun izena hik?

Marjorie: Marjorie de la Morandiere!

Jeannot: Nik Jeannot Buztingorri! Are! Heldu hiza enekin?

Marjorie: Plazer nuke bainan zoritxarrez ezin dut! Aitamek hezi nauten moduaren arabera, debekatua zaut nere papoa papo arrotz bati torratzea!

Jeannot: Zer kondatzen dun! Haugi hunerat! (Besotik bortizki tiratzen du eta dantzan hasten dira, marjoriek behar den distanzia atxikiz bere kabalierretik. Orduan, patrik uzkurra hurbiltzen da berttatik, hunek gomita espero duela erakusten, bainan mutikoa dantzatzerat gomitatzeko punduan delarik, manana bien artean plantatzen da eta berttari egin behar gomita mananari egiten dio patrik uzkurrak).

P. Uzkurra: Nahi nauzun galdatu, desarranatu gabe, ea ados zintaikenez enekin dantzan artzeko!

Manana: (mutikoa besotik tiratuz) Bixtanduk! Bertta, atxik ezan “sac a main”a!

P. Uzkurra: Ez zauzu nere galdera sobera ausarta iduri?

Manana: Errak to! Emaiten duguia “Java” hau, kalakak utzirik?

 

(Eta hasten dira dantzan, mananak dituela urratsak manatzen: “bat, bi, hiru. Bat, bi, hiru”) (Bost kuple ari dira beraz dantzan: jean claude biesku.bi eta marina, aritz eta christelle, jean françois arinburu eta gaxux, jeannot eta marjorie, patrik uzkurra eta manana. bertta bakarrik dago, jarririk eta burua appal).

 

J.C. BIESKU.BI: Bon! Dantza huntaz aspertua nun! Erran! (begi keinuka) aperitifetik landa, pasatzen bagire mahainerat!

Marina: Jadanik afaldua naiz!

J.C. BIESKU.BI: Klarkiago mintzatuko nun: sartzeen ondotik plat nagusiari lotu behar dela! (Barabilak galtzetan pikoan emanez)

Marina: Ez naizela gose!

J.C. BIESKU.BI: Apetitua xorroxtuko dainat ba nik! Goazen!

Marina: Norat abian gira?

J.C. BIESKU.BI: Trinket hunen gibeleko sasietarat! Han dun kantina!

 

(Ateratzen dira; christelle heier so, jelos, eta berriz nigarrez hasten da aritzen besoetan).

 

Christelle: Zoin maluros nizan! Bihotza urratua dut!

Aritz: Atxik gogor Christelle! Egiazko eskualdun batek behar du jakin buru egiten indar errepresiboeri!

Christelle: Maite dutana nere adixkide hoberenarekin joan da! Drama ikaragarria bizi dut!

Aritz: Bai! Borroka guzietan gertatzen dira traitzeak!

Christelle: Zer du Marinak nik baino gehiago? Ederrago naiz! Bigarren atera naiz “Miss Espartin” konkursoan eta bera hirugarren! Ah, hori du? Hebe, Jean Claude ahantziko dut betikotz!

Aritz: Ongi Christelle! Hautsi kateak eta gure herriak laster eginen duen bezala, hartu zure independentzia! (eta segitzen dute dantzan)

J.F. Arinburu: Ongi da eh dantza!

Gaxux: Analisa interesgarri baten mamia dakar, segur, bainan aitor dezatan ez dutala gure helbururik gabeko harat hunaten eta arimaren joritzearen arteko sintesia oraino ongi menperatzen!

J.F. Arinburu: Ba, Bainan behar dira zangoak mutigitu eh!

Gaxux: Hortan ados bainan...

J.F. Arinburu: Badakizu ni naizela Baxe Nafarroako fandango marathoiaren xapelduna? Fandangotan ari izan niz, gelditu gabe, bi egun eta zortzi orenez eta ondotik “ Arin arin “ hamahiru oren eta erdiz! Azkarra naiz eh?

Gaxux: Nago ongi pizatzen duzun balentri horren debaldetasuna, nekez koka bait ditaike daramagun biziaren sensuaren bilaketan eta Confucius filosofoak zion bezala... Ezagutzen duzu Confucius?

J.F. Arinburu: Fandangolari bat?

 

(Segitzen dute dantzan. marjoriek ere jeannotekin, bere kabalierretik behar den distanzia atxikiz beti. jeannot hurbiltzerat ensegatzen den aldi oro, urruntzen da).

 

Jeannot: Erran no! Dezimetra sakelan duna, nitaz aski urrun hizan izartzeko!

Marjorie: Ez! Ez dut dezimetrarik! Zergatik?

Jeannot: Eman hadi ene kontra!

Marjorie: Zorigaitzez, nahi nuke bainan gurasoek eman dautaten edukazioneari fidatzen ba naiz ez da ene larrua gizon baten larruaren kontaktuaren jasaiteko prest, oraino!

Jeannot: (Bere buruari) Hebe! Gaizo Jeannot! Ez hiz tratua konkluatzekotan!

 

(Segitzen dute dantzan. patrik uzkurra eta mananak ere, hunek duela dantza kudeatzen, sekulako abiaduran).

 

Manana: Bat, bi, hiru! Bat, bi, hiru!

P. Uzkurra: Atx! Zangoa lehertu dautazu!

Manana: Ez duka kasu emaiten ahal, ez?

P. Uzkurra: Barkatu!

 

(Segitzen dute dantzan. Segunda zonbaiten buruan dantza lekuko soinu eta argiak hasiko dira emeki emeki apaltzen eta ostaturat goaz berriz).

Ostatuan dira aintzineko agerraldiko jende berak: anatole nagusia “bar” aren gibelean, xokoan filipe mustuka bere whiskyaren aintzinean, robert, marzel eta eneko lehengo lekuan, auxtin eskuin eta fauxtin ezker, bakotxa bere mahaian eta edgar xerbitxaria bi hauen artean, xutik).