Garatenea
Pantzo Hirigarai
Garatenea
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2002

 

VII.

 

“Denek Bi” pilota elkarteko bulegoan gira. mattin zubiko, joanjinka, zigarroa ahoan, marina segretarioa jarririk, makillaja pikoan emaiten ari. Bestejar leku batean, auxtin eskuin, kopeta mokanesarekin xukatzen ari.

 

 

MATTIN ZUBIKO - MARINA - AUXTIN ESKUIN

 

Mattin Zubiko: Andere Marina! Deit ezazu Zakarias Putxapal detektiboa eta errakozu lehen bait lehen hunarat jin dadin!

Marina: (telefonoan) Bai! Zakarias Putxapal detektiboa? Hemen “Denek Bi” pilota elkarteko segretarioa! Mattin Zubiko gure lehendakariak nahi luke lehen bait lehen jin dadin!

Mattin Zubiko: Ez “dadin”: “ziten”! Berari mintzatuz, erran behar zako “lehen bait lehen jin ziten!”

Marina: Ni? Bainan hemen naiz jadanik!

Mattin Zubiko: (Ahapetik) “Punpetik”eko segraterioa hartu beharra! (Telefonoa hartzen du marinaren eskutik) Bai! Zakarias Putxapal detektiboa? Ene bulegorat etor zaitez segidan! Badut lana zuretako! Inkesta bat. Gure elkartea zuzenki jotzen duen nahi gabe larri bati buruz! Nola? Zergatik nik nuke zure bulegorat jin behar? Orhoitarazten dauzut zure bulegoa hurbilago dela nere bulegotik, ezenez eta nere bulegoa zure bulegotik! Are! Erna zaitez!

 

(mattin zubikok telefonoa utzi orduko, atea idekitzen eta zakarias putxapal sartzen, inkestalari inglesen xapela buruan eta pipa ahoan).

 

 

MATTIN ZUBIKO - MARINA
AUXTIN ESKUIN
- ZAKARIAS PUTXAPAL

 

Marina: Zakarias Putxapal! Zoin laster egin dutan! Edo... dugun? Edo... Jadanik hor!

Z. Putxapal: Agur eta ohore zuri — andere lore xuri — (marina oilo kakaratzetan) Deitzen nuzue, banator — buru muina pixkor — deliberatua arrunt — erbia bezain prunt — axeria bezain abil — inkestaz inkesta nabil — Huna ene karta — emakozue arta — bilaketa, jende segidatze, inkesta — ni bezalakorik ezta — Ohointzak, jukutriak, ohez tronpatzeak — nere gain denen xuxentzeak — zer ote da zuen kezka berehala deztan ezezta!

Marina: Zer kalaka! Hau mitralleta!

Auxtin Eskuin: Bai! Nahi nuke eliza gibelerat joan ziten gauerditan, ikusteko ez denez autorik...

Mattin Zubiko: Ixil zaitez! (z. putxapal-i) Ez! Badakikezu “Denek Bi” gure elkarteko bi pilotariek, Jean Claude Biesku-bi eta Patrik Uzkurrak, jokatu dutela jendea asaldarazi duen partida katastrofiko bat, pilbtaren ixtorioak oraino ezagutua ez zuen zoin gehiagokorik ahalgegarriena!

Z. Putxapal: Emaidazu arrapostua zuzen — partida inportanta ahal zen?

Auxtin Eskuin: Ezin inportantagoa! Pensa: Baxe Nafarro mendebaleko hirugarren maileko lehiaketaren finala zortzi garrena! Futxo, futxo!

Mattin Zubiko: Eta gaude ez deienez Anatole, trinketeko ostatuko nagusiak zerbait kaltegarri iretsarazi, partida aintzin! Bada fama, baizik eta baduela zerbaiten nahasteko usais, zerbitzatzen dituen edarieri!

Z. Putxapal: Nere buruan galde frango dabiltzate — zergatik holako gaixtakeri bat ote?

Mattin Zubiko: Orhoitarazten dauzut Anatole astoputz horrek badituela lotura tinkoak “Punpetik” elkarteko presidentarekin: ez dea ba Pattin Zurikoren koinataren kusiaren auzoa?

Z. Putxapal: Egia, bainan huna ere arrangura — parreko pilotariak ere txarrak izan dira — Jean François Arinburuk besoa ahul — botean marra ezin pasa — Filipe Mustuka dena eztul — emaiten duela azken hatsa — Beraz, ene iduriko, ez ditu “Punpetik”eko pilotariak abantailatu.

Mattin Zubiko: Hain zuzen! Hauek ere drogatu dituzte susmoen barreatzeko; ez zadin beren maltzurkeriaz nehor mesfida!

Z. Putxapal: Ez naiz orhoit holako arrazoinamendu ergelik behin ere entzun dutanik — ez du ez buru ez buztanik!

Mattin Zubiko: Ez nezazula laidosta, inkesta hunentzat emaiten dauzutan xeke gottoraz orhoituz! (Xekea erakusten dako)

Z. Putxapal: Otoi, gauden serios — ez da hor ainitz sos — aitor dezatan berehala — Pattin Zurikok kontaktatu nauela — eta bere xekea dela ainitzez gottorago — baditu bi zero gehiago!

Mattin Zubiko: Ai urdea! Bera afera triste hunen akulatzaile eta inkesta galdatzen! Zer kopeta! Huna eskas dituzun bi “zero”ak (xekean emaite ditu) Ez dugu diru mailako arrangurarik: badugu sponsor azkar bat, “Bizarra” likorea eta...

 

(Telefona entzuten da. marinak hartzen du).

 

Marina: Bai? Nola? “Bizarra” likoreen komerziala zira eta? ...Nahi duzu gure lehendakariarekin mintzatu!

Mattin Zubiko: Ez! Errakozu okupatua naizela!

Marina: (telefonoan) Errakozu okupatua naizela!

Mattin Zubiko: (telefonoa hartzen du, kexu) Emazu telefona! Nola? Ez gaituzuela gehiago sponsorisatu nahi! Ez dira atzoko partidaren gatik, halere, zuen salmentak hain beste apaldu! Zonbatetaz? Ehunarendako 80.ez! Booh... Lizenziamendurik egin behar ez duzueno! Nola? Berehun enplegatu langabezian gure gatik! Booh... sua ukan ez duzueno! Nola? Sua ukan duzue! Booh... duzuen nagusi dinamikoarekin, denak konponduko dira! Nola? Bere buruaz beste egin du! (telefona uzten du). Kenka larrian gira! Ez dugu gehiago sponsorik! Putxapal jauna: gaur bada dantzaldi bat trinketean! Nahi nuke, alegia deus, bestalierren artean planta ziten, Anatole ostalerraren joka moldeak begistatzeko, froga dezagun Rattin Zurikoren esku makila izan dela ixtorio huntan! (auxtin eskuin-i) Jaun entrenatzailea! Zu ere zoaz dantzaldi hortarat, detektibo jaun hunen laguntzeko, bere inkestan!

Auxtin Eskuin: Ba, bainan gauerditan eliza gibelerat joan behar dut eta...

Mattin Zubiko: Zure onetan da nik manatua obratzea!

Auxtin Eskuin: Futxo, futxo!

 

(Argia itzaltzen da).