Aingira kumak, A. Zubikarai
Egan, 1/3-1969

 

Etxe zaar, Traketz eta erdi utseko sukaldia.

 

I IRUDIA

 

URRE, MANU, KELE eta PAUL

 

MANU: (Asarre.) Kendu alkondara ori.

KELE: Zegaitik?

MANU: Neuria dalako.

KELE: Guzurra.

MANU: Guzurra dala?

KELE: Ez da zuria, Paul'ena baño.

MANU: Esaten dozulako be! Kentzeko esan dautzut.

PAUL: Amuma, neuria ez da ba?

URRE: Danona, txotxo, danona.

KELE: Orrela, neuria be bai, ez?

URRE: Pobrien kontuak olaxe dira. Al dan moduan konpondu bear.

PAUL: -Neuk erabilli neban atzo.

MANU: Ta zer? Baita nik zure prakak, eta zure jertza, ta zure abarketak. Ta zer? Niriak dira? Niriak bez ta ezta zuriak be. Etxekuak baiño.

URRE: Txotxo, noiz ikasi bear dozue alkarren maitasunez biziten, anai lez alkar artzen?

KELE: Beti-beti beorrek euki nai izaten dau errazoia.

MANU: Ta zuk nai dozuna egin. Ez? Eztozu ba zeuriagaz urtengo. Ezta, ezta... Eztozu urtengo.

 

(Alkondaratik tengadaka diardula apurtu egiten dautsa.)

 

KELE: Ikusten, amuma, ikusten?

URRE: Aitaren... Orain amumarentzako biarra, ezta? Beti bardin. Egun guztiak zuen txatalak konpontzen.

MANU: Nai ta ez dot egin.

KELE: (Asarre.) Ezetz?

URRE: Manu... !

MANU: Ba daki naita ez dodala egin ta zegaitik dabil niri kolpe egiten?

URRE: Ba dakit. Baña zure zatarkeriak eta gaiztakeriak beti ekarten dabe olako zerbait.

KELE: (Asarretuta, alkondaria kendu ta MANU'ri botaten dautsa.) Or, orain, zeuretzat. Baña niri ez geiago eskatu ikomelaturik. Alperrik ez eskatu.

MANU: Nai be ez nik zurerik.

KELE: Ikusiko dogu.

URRE: Jesus...! Jesus! Zer esango dabe orrela ikusten zaituenak? Gure auzokuak zer esango dabe?

PAUL: Amuma, eztakizu? Eztakizu? Gaur Manu eskola igesi ibilli da. Egia da. Benetan.

URRE: E? Benetan?

MANU: Nai dozuz tollanak artu min laban orrek?

URRE: Ia, ia esaten dozulako be gero. Zeuk oraindik errazoia? Zegaitik ez zara juan eskolara? (MANU, musturrak ipiñita, ixilik.) Esan, zegaitik ez zara juan?

PAUL: Arrabal txikiñian ibilli da. Neuk ikusi dot. Egia. Benetan. Neuk ikusi.

MANU: A lapiko exiki! Atrapauko zaitut kalian. Ikusiko dozu, ikusi. Amak be ez zaitu libratuko ba.

URRE: Zelako lotsagabekeriak dira orreik, Manu? Ezin dautsazu baketan laga ilda dagon ama gaixoari? Beste bein egingo dozu olakorik?

MANU: (Betozkoz, makur, ezezko kiñua egiten dau.)

URRE: Belauniko jarri ta egin parkatu jauna, anaiari, olako gaiztua izan barik. Eztakizu mutil gaiztuak gantzeruen lagunak izaten dirala?

KELE: Amuma, Patxi be gaiztua izan zalako, aitzetan bera jausi zan, ezta?

MANU: A, lantzoia! Ori be bai? Txirrist egin ta laprastadaka jausten diranak be gaiztuak izaten diralakuan? Ori be sinistu, ori be?

KELE: (MANU'ri eskua luzatuaz, parkamena eskatzeko kurutzea egiñaz.) Ala ba, egin parkatu jauna.

MANU: (Destañez.) Zeñeri? Zuri?

KELE: Ikusten, amuma? Ez dau egin nai.

MANU: (Parkatu jauna egiterakuan, maltzurkeriz txitximurka egiten dautsa.)

KELE: Ai! (Asarre.) Orrek ez dau balio!

URRE: Manu!

MANU: (Parkatu jauna ondo egitean, KELE'k eskua jaso ta zudurrian joten dau.) Ikusiko dozu, ikusi!

URRE: Geldi! Naiku da! Zegaitik ez zarie ibilten alkarregaz jokuanedo, ikusi-makusika-edo, beti beti alkarri txonpinka ibilli barik?

KELE: Onegaz? Tranpak egiteko?

MANU: Zeñek?

PAUL: Estreiñia bestela be!

KELE: Neu lenen.

MANU: Neu naz zaarrena.

PAUL: Baita ni gaztiena. Ikusi makusi.

KELE: ZU lenen? Guzurretan ibiltzeko?

PAUL: Ez. Benetan. Bene-benetan. Ikusi-makusi.

MANU: Zer ikusi?

PAUL: Ikusten dot, ikusten dot... Ma. Edo ez. Le.

KELE: Ikusten ointxe be? Zer da, ma edo le?

PAUL: Le.

MANU: Lepua.

PAUL: Ez.

KELE: Lepanto.

PAUL: Ez.

MANU: Lefante.

PAUL: Lefante? Elefante esaten da. Ze kakote da berau?

MANU: Lemia.

KELE: Lekia.

PAUL: Lekia? Ori zer da ba?

MANU: Eztakizu lekia zer dan? Botilletan egoten dan ura garbiketak

egitek.

KELE: Ori lixibia izaten da. Nik lekia esan dot. Indarrak eta eukiten dabe azala. Babak-eta eukiten daben azala.

PAUL: Ez.

MANU: Le... le... Lesteko aizia.

KELE: Aizia ikusi egiten da ala?

PAUL: Aize bolarak ez dira ikusten?

MANU: Zudurreko kandelak be ikusi egiten dira ta... kandelak iza

ten dira?

KELE: Le... le...

MANU: Le... lebatza!

PAUL: Ikusten?

MANU: Le... le...

PAUL: Esango dot?

MANU: Le... le... Lekeitio.

KELE: Le... leloia!

PAUL: Ezin? Ezin?

MANU: Zer da ba?

PAUL: Igarri... igarri...

KELE: Ointxe be tranpetan dabil au, amuma!

MANU: Le... le...

KELE: Esan nigaitik.

PAUL: Esango dot, amuma?

URRE: Onezkero...

PAUL: Lapak.

MANU: (Bizi bizi.) Emoten ba dautsut gero... Lapak le'gaz asten da?

PAUL: Ez da elegaz asten?

KELE: Baña zuk le esan dozu, le.

PAUL: Leoirik ikusi dozu iñoiz, amuma?

URRE: Bai orruka be.

PAUL: Askotan?

URRE: Birritan bai beintzat.

KELE: Nun?

URRE: Zirku bat etorri zan uda baten errira.

PAUL: Leoi ta guzti?

URRE: Lau bai, gitxienez.

PAUL: Andiak?

URRE: Burdiñazko kaiol andietan sartuta!

PAUL: Ene! Ta bildurtu be ez?

URRE: Mutiltxoak pozik juaten ziran eurak ikusten. Ogi zatiak eruaten eutsezan, arrain azurrak eta buruak, okela ondakiñak. Ta leoiak, bota ala, iruntsi.

MANU: Zelan emoten eutsezan ba?

URRE: Makilla luzien puntetan.

KELE: Tengadarik ez eutsen egiten?

URRE: Bai makillak brintzatu be!

MANU: Orain zegaitik ez dabe ekarten leoirik?

URRE: Zetarako? Iru mutiltxo urreratu ziran bein.

PAUL: Ni lako txikiak?

URRE: Ba... ortxe ta ementxe.

PAUL: Ta?

URRE: Jolasean ebiltzan, arri txikiak eta apurrak leoei botaten.

MANU: Ta leoiak geldi?

URRE: Orruka, amorruz. Pozik ebiltzen mutiltxoak. Bitsetan, leoiak zirikatzen.

KELE: Ta arriekin jo egiten zituen?

URRE: Jo ta bizitu. Zoratu eragin. Amorratzen ipiñi. Ta bein...

PAUL: Zer, amuma, zer?

URRE: Txirrist egin eban mutiltxo batek. Arria botatean, gorputzaren indarrez, laprast. Burdiñazko kaiola ondora jausi zan. Jausi ta batera leorik andienak erpakin ten egin eutsan, ten, bere albora.

KELE: Zelan ten?

URRE: Burdiña artetik.

PAUL: Il egin eben?

KELE: Erpa bakarragaz?

URRE: Ango ikara, txiliotsa, estutasuna!

MANU: Nun egozan ba leoien zaintzalleak?

PAUL: Domatzallerik ez euken?

URRE: Leoi zaintzallea agertu zan bixkor. Tiroka asi zan, baña leoia gero ta itsuago, ez egoan umetxoari lagateko. Erpakin arpegi guztia urratu ta bere odola mixkaten itsu-itsu ebillan.

KELE: Ta ikusten egozanak ez eben ezer agiten?

PAUL: ZeU urreratu ziñan, ala?

URRE: Estutu ziran danak. Didarrez eta negarrez egozan. A zan estutasuna! Zaintzallea beretik urtenda ebillan, irizil luze bategaz eta latiuagaz jo ta jo kaiolako burdiñak... Leoia orruka atzeratu zanian, mutil txikiak ez eukan zudurrik, ez begirik, ez arpegiko narrurik... Odol utsa zan. (Ixilunea.) Itzala da, ez Paul?

PAUL: Korapillua egin yat eztarrian.

URRE: Ez estutu, mutil. Emen ez da jazoten Jaungoikuak nai dabena baiño-ta. Egun aretan be... Aingerutxuak nai izaten ditue zeruetan mutil urduri eta zirikalariak be.

MANU: Nungua zan mutilla?

URRE: Nungua? Gaur bizi izan ba litz, zuen osaba izango zan. Zuen osaba Miel...

 

Aingira kumak, A. Zubikarai
Egan, 1/3-1969