Aingira kumak, A. Zubikarai
Egan, 1/3-1969

 

VI IRUDIA

 

MANU, KELE, PAUL, URRE, BEGO eta GOZO

 

(URRE, BEGO eta GOZO agertzen dira.)

 

URRE: Sikatu egizu ondo ondo burua. Ondo gero.

 

(BEGO, GOZO'k lagunduta, burua sikatzen ibilliko da.)

 

PAUL: Amuma, gure aititak ba ekian igarian?

URRE: Pixkat. Ez asko asko.

PAUL: Entzuten?

KELE: Gure aitita zelakua zan?

URRE: Ez andi ta ez txiki.

KELE: Argala?

URRE: Totolo.

PAUL: Zuri? Baltz?

URRE: Ez zuri ta ez baltz. Mariñelen koloreko. Neguan illun, atuntsuan gorrixka. Ule ta bizarra be urre koloreko.

KELE: Arrantzale ona izango zan, ez?

URRE: Bestien antzeko.

MANU: Ixurdetan eta ibilten zan?

URRE: Ixurdetan ain zuzen be, ez. Ixurdei laga egin bear yakoe arraiñak ataraten. Atunetan, zimarroietan, antxoatan, berdeletan...

PAUL: Ona zan?

URRE: Okerrik ez neutsan ezagutu. Baiña, txotxo, zetarako orrenbeste jakin gura?

BEGO: Sikatu dot, amuma.

URRE: Beste bein ibilten ba zara...

MANU: Ori? Beti mutillei burletan ibilten da.

BEGO: Ez da egia.

PAUL: Ezetz? Ta gero... negar ta negar egiten be eziñen ibilli atzo bertan?

URRE: Negarra? Berak ikusiko dau. Len be gurian negarra obeto dago, kaletik malkorik ekarri barik.

GOZO: Origaitik ibilten zara beti baltzez jantzita?

URRE: Origaitik? Alarguna naizelako.

GOZO: Alargun izatea, zer da ba?

URRE: Bakarrik gelditzea.

PAUL: Orrela dala orain etzara alargun.

URRE: Zegaitik ez?

PAUL: Geu be emen gagoz, eta...

URRE: Baña laguna falta, senarra falta,

BEGO: Ni laguna baño geiago naz, ez?

MANU: Izan ez? Inpernuko barrabasa zu.

BEGO: Entzuten, amuma?

PAUL: Ta Martintxu be alarguna izango da? Gaiztuago da...

URRE: Batek ba daki.

KELE: Eta Kospa be alarguna da?

MANU: Eztakizu Pello'neko ama dana? Ama izan eta alarguna?

PAUL: Ori jakiteko aiña pospororik be eztaukazu buruan?

KELE: Asko esan, zera, kofradixako lendakaria zara zu bestela be-ta.

GOZO: Ta zegaitik, amuma, beti beti baltzez jantzita ibilten zara?

URRE: Ezaugarri bat. Oitura bat. Zerbaiten utsunea, illuntasuna agertzeko.

KELE: Orregaz agertu nai dozu aitita maite zendula, ez?

URRE: Zeiñek ez?

PAUL:: Eta, amumatxo, alargunei bizarrak urteten dautse okotsean?

URRE: Alargunei eta alargun ez diranei.

PAUL: Ollo kakagaz igortziten dozue, ala?

URRE: Nok esan dautzue ori, Paul?

PAUL: Neuk ikusi neban atzo, Peru, igortzi ta igortzi.

KELE: Bai neuk be. Ta berak esaten eban bizarra ariñago urteteko zala.

URRE: Bakarrik ebillan?

PAUL: Bai. Ni neuk be, Peru lako izatera eltzen naizenian, ori egin bear dot?

URRE: Kontuz gero olako zikinkeriak egiteagaz.

PAUL: Ta bizarrik urten ezik?

URRE: Orren kezkarik ez artu, ez orixe.

KELE: Ba eukan aititak bizarrik?

URRE: Kirikixu batek baño sarratuago.

MANU: Arek asto pekorotzagaz igortziko eban eta...

URRE: Zeiñek esaten dautsuz olako gauzak, nok?

PAUL: Eztakizu? Peru-ta, Ibon-eta, Patxitxu-ta, olakoxe kontuak esaten ibilten dira beti.

 

(Atea joten dabe.)

 

BEGO: Atea joten dabil norbait.

GOZO: Bai zera be.

MANU: Onek beti atearen bildurra eukiten dau.

 

(Atea barriro.)

 

BEGO: Egia da edo ez? Eztozue entzuten?

MANU: (Giltzan zulotik ikusiaz.) Aguazilla da. KAKU aguazilla.

PAUL: Eskola igesi egin zendulako etorriko da. Edo uretara jausi zarealako.

KELE: Eta orain zer?

URRE: (Deika.) Aurrera. Ai txotxo, orain izango dira kontuak. Gaur be ba dakazue zuek garrazkeriren bat.

 

Aingira kumak, A. Zubikarai
Egan, 1/3-1969