Itxasora, Augustin Zubikarai
Egan, 3/6-1960

 

III

 

MATXIN, MOXKOR eta TXILIN

 

(MOXKOR eta TXILIN izugarrizko mozkorrakin sartzen dira, albo-alboka ta abeslari.)

 

                Tibilin, tibilin, tin

                Ploren, Ploren, Ploren,

                Tibilin, tibilin, tin

                Ploren, Ploren Maria.

 

(Bi aldiz.)

 

MOXKOR: (MATXIN'en argontzi edo parola ikausi ondoren.) Ene! Ikusten?

TXILIN: Izar bat eta iru izar.

MOXKOR: Kontxo, kontxo ! Gaur kalian izarrak !

TXILIN: (Ganora barik abestuten.)

 

                Zeru goietan izarra,

                errekaldian iparra;

                gure arpegian bizarra

                ta soñian piparra.

 

MOXKOR: Ba,ba ! A zelako kantak!

TXILIN: Eta zuriak?

MOXKOR: Ni kalian kantaten asten nazanetan...

TXILIN: Zuk kalian? Aurik ere zabaldu ez egunez.

MOXKOR: Nik kalian?

TXILIN: Gabian orru asko ta egunez eulirik ilteko adorerik ez.

MOXKOR: Nik kalian?

TXILIN: Egunez txistik ere ez.

MOXKOR: Nik? Zer nazala uste dozu?

TXILIN: Zuk kalian ? Neskarik politenari ere begiratu ez.

MOXKOR: Nik? Kalian nik?

TXILIN: Lotsatuta, nun zabizan konturatu barik, txirrist eta laprast sarri.

MOXKOR: Tira, tira. Neuk kalian?

 

(Zoro antzera abestuten.)

 

                Kalian gora

                kalian bera

                kalian gora

                kantaten

                Kalian gora

                kalian bera

                kalian gora

                zezenak.

 

TXILIN: (Bene-benetan.) Moxkor! Egi biribil-biribil-biribilla esan gero! Nik mozkorrik ez daukat ezta?

MOXKOR: Guk mozkorra? Guk? (Anka baten ganean jarri nai dau, baña jausi egiten da.) Guk mozkorra? Guk? (Kabriolak egiñaz.) Guk?

TXILIN: Nik sekula baño pentsamentu geyago darabilt buruan.

MOXKOR: Nik, egia esan, illun illun ikusten ditudaz gauza guztiak. Baña origaitik mozkorra? Begietako lanbrua bai, baña mozkorra?

TXILIN: Ori izarren onduan gabizalako da, txo!

MOXKOR: Izarren onduan? Min artuta izarrak ikusten diranetan, orduan lanbrurik ez da ikusten ba. Zazpi koloreko argitasuna gitxienez ikusi neban atzo ere malluagaz atzaparra zapaldu nebanian.

TXILIN: (MATXIN'en argontzi edo parola eskuetan artu ta dantza naiez.) Ikusten Moxkor?

 

                Tibilin, tibilin tin

                Ploren, Ploren, Ploren

                Tibilin, tibilin tin

                Ploren, Ploren Maria.

 

MOXKOR eta TXILIN: (Abestu ta dantzan.)

 

                Antero'n txomorrotia,

                Txingar'en bibotia,

                aretxek ei dauko,

                ei dauko,

                preso tximiñoya.

 

(Dantzan diarduela MOXKOR'ek MATXIN zapaldu ta au asarre jaikiten da.)

 

MATXIN: Zer da, zer da emen?

MOXKOR: Zu ere izarren onduan Matxin?

MATXIN: Ze izar eta ze bizar! Lotsarik ba'dozue zeuok?

TXILIN: Geuk lotsarik ez? Lotsia, bizarra ta izarra, dana.

MATXIN: Itxura bako erantzunik emon barik, ospa lotara.

TXILIN: E? Zer? Botara? Moxkor, emon oneri botia.

MOXKOR: (MATXIN'eri botia emoteko ustez eta lepotik oratuta.) Aupa Matxin, au da umoria!

 

        (Abestuten.)

                Au dek umoria

                utzi alde batera

                euskaldun jentia.

 

MATXIN: (Zarataka.) Zurikeri gitxi niri. Lotara esan dot, lotara!

TXILIN: A... Lotara, lotara... Gaua da ala?

MATXIN: Zuen atsuak ibiliko dira barriro ortozik eta negarrez.

MOXKOR: Ortozik eta negarrez? Eta sutako burdiniakin segi egiten dauskuenetan zer?

MATXIN: Urdalletik batetik bestera sartuko ba'leutsue bein, orduntxe bakia.

TXILIN: Eta oyan sartu ondoren zapladaz bete-bete egiten gaituenetan?

MATXIN: Lotsatu ere ez zarie egiten atsuen zapladak artzen? Orretarako ezkondu ziñen, ezkondu?

TXILIN: Ezkondu? Ezkondu diñozu ? Ja, ja, ja!

 

        (Abestuten.)

                Eta zeñekin

                eta norekin

                Petra zikiñan

                alabarekin.

 

MOXKOR:

                Eta zeñekin

                eta norekin

                Kospa mozkorran

                alabarekin.

 

MATXIN: (Asarre.) Beste bein ez dautsuet esango. Begien aurretik kentzen ez ba'zarie...

MOXKOR: Begien aurretik kendu? Ez begiratu biar. Aur bestia! Nok dauka ba errua?

MATXIN: Umekeririk eta zorakeririk ez esateko! Ta zuzen etxera!

MOXKOR: Etxera? Zetan? Etxe utsa gerra utsa.

TXILIN: Obeto gabiz gu kalian, bake-baketan.

MATXIN: Ez uste olgetan nabillanik. (Giltzak erakutsiaz.) Ikusten?

TXILIN: Zer giltzak? Nungo giltzak?

MOXKOR: San Pedro zara ala?

MATXIN: Barriketa gitxi erabilteko!

MOXKOR: Guk ez darabilgu ez barriketarik eta ez zirriketarik.

TXILIN: (Ganora barik abestuten.)

 

                Zirriketa

                marraketa

                kitarria

                botikaxuan

                alabia.

 

MATXIN: Ze demontre! Ixillik juango zarie edo ez?

MOXKOR: Juan? Nora?

MATXIN: Edonora!

TXILIN: Aur beroi. Ezagutuko ez ba zendukez...!

MOXKOR: Etxera? Eta andrak aterik zabalduten ez ba dauskue, zer?

MATXIN: Zer? Nai dozuena egin.

TXILIN: Laga ba orduan nai doguna egiten.

MATXIN: Alkatiak jakingo dau biar.

TXILIN: Alkatiak? Nungo alkatiak? Je, je! Biboterre ta pisterre arek?

MOXKOR: Alkatiak?

 

        (Abestuten.)

                Or goiko landetan

                eperrak dabiz kantetan

                Errigoiti'ko alkatiari

                kaka ein dautse praketan...

 

MATXIN: Oraindik enazue ezagutzen, ezta? (Erabagi sendoz, kanpora bultz egiñaz.) Ala ortik, alper, mozkor, ordi, baldar, badaezpadako arlotiok alakuok!

TXILIN: (Etengabeko jardunean zarataka.) Gu alperrak? Gu mozkorrak?

MOXKOR: Gu baño ordiago zara zu! Zaragi osua erango leuke-ta!

TXILIN: Nok esan leiken astuari arre.

MATXIN: Eta ixilik juan gero! bestela ikusi nun lo egingo dozuen!

 

Itxasora, Augustin Zubikarai
Egan, 3/6-1960