Itxasora, Augustin Zubikarai
Egan, 3/6-1960

 

VII

 

TXANGURRU. Geroago MIEL, KAXPAR, eta arrantzale mutillak

 

TXANGURRU: Nik, sinesmenik ez ba'neu eta batzuen antzera sorginkerietan sinestuko ba'neu, gizon oneri begizkua egin eutsela esango neuke, txikitan edo. Gizon asarria ta adoretsua dala, atsekaberik eta zoritxarrik ba'dabil berak. Karraspio errukarria! Semetxu, bat bakarra izan, beti berari begira ta bere amesez bizi, ta bera il...! (MIEL arrantzale gaztia sartzen da, itxas tresnak eskuetan.) Berandu zabiltz Miel.

MIEL: (Erdi asarre.) Iñoiz berandu eltzen ete da lenengo dabillenik? (Asarre.) Beti Miel berandu. Ta bestiak?

TXANGURRU: Bestiak e... Tira, belak zabaltzen asi potiñean.

MIEL: Belak zabaltzia besterik ez ba'da ez dogu denpora askorik galduko. Beste tresnak gertu dagoz?

TXANGURRU: Atzo gabetik. Ba'da ezpadan begiratuko dot bodegan ezer geratu ete dan.

 

(Barrutik abestia entzungo da leun-leun, lenengotan, geroago ta indartsuago. MIEL, potiña dagon aldera ezkutatzen da ta TXANGURRU bodegan sartu. Abeslariak sartu aurretik bodegatik potiñera ostera bat edo bi egingo ditu tresna batzuk eruaten. Arrantzale taldia sartuko da neguan itxasora eruaten dituen jantziekaz, esku batean otzara ta lepotik mundillak dindilizka. Irudirik politena egiteko eran geratuko dira abestia amaitu arte.)

 

        Abestia: («Nire maitia jaiki ta jaiki»-ren erara.)

 

                Arrantzalia, jaiki ta jaiki,

                ez al zara loz ase?

                Itxas arrañak txartaka dira

                laster ur goian agiri.

                Guazen eguna argitu baño len

                agur egiñaz kaiari.

 

                Jaiki arrantzalia,

                potiña zure zai beti.

                Errikuak ez daki

                itxastarraren barririk

                lurra agurtu ta itxasoan

                eguzki eta illargi.

 

TXANGURRU: Ia mutillak, gau lorik naiku egin dozue-ta. Otzarak eta mundillak laga bixkor potiñean.

KAXPAR: (Potiñera deyez ba'lebil antzera.) Artu Miel otzara au ta mundillak.

MIEL: (Barrutik.) Morroi barik ezer egiten ez dakizue ala?

KAXPAR: Ia ba, aguria emen dabil xaxpiki antzera-ta.

 

(Guztiak otzarak potiñera eruaten ditue KAXPAR'en antzera.)

 

TXANGURRU: Biar diran guztiak ekarri dozuez?

KAXPAR: Nik betiko antzera.

BATEK: Nik beti beste.

BESTIAK: Nik bardin.

KAXPAR: Gitxi gora bera or ibilliko gara nunbait. Jaki barik etzan iñor etorriko ta beste guztiak or konpon.

TXANGURRU: Asi ba erramuak ataraten.

 

(Arrantzale bat bodegan sartu ta banan banan erramuak ataraten asiko da, guztientzako atara arte. Erramuak artu ala antzokian geratzen dira mutillak egal batetik besterako erreskadan.)

 

KAXPAR: Karraspio falta da oraindik.

TXANGURRU: Arek berak naiku, burukomiñik eta atsekaberik ba dan gaur. Semetxua il egin ei yako gaberdian.

 

(Guztiak arrituta geratzen dira.)

 

MIEL: Semetxua il? Atzo iluntzean neuk ikusi neban ba geuriagaz.

KAXPAR: Ondo zoritxarreko ta errukaria da bera.

TXANGURRU: Emen munduan ba ete dago iñor zoritxarreko ez danik? Atsekabe geyago edo gitxiago... baña beti miña barruar. Ni-neuk uste dot mutilzar geratzen diranak bakarrik dakiela zoriona zer dan.

MIEL: (Asarre.) Beti jardun bardiña darabizu. Guk ez dogu miñik orduan?

KAXPAR: Zuek? Aita ta ama bizi diran artian pixkabat, baña gero? Gauza guztiei or konpon esan ta ibilli nai dozuen erara.

TXANGURRU: Guk beintzat, ondo pentsau ezkero, atsekabe miña ez daroagu, urrun, oraintxe ere. Ointxe ere ba'guaz beintzat gurasuak, kutunak, semetxuak, ondasunak, etxia, erria... dana lagata, Jaungoikuak gura daben arte ta Berak bakarrik nai daben bidetatik ziar. Lotan laga doguzanak biar ba'da negarrez itxartuko dira gu geiago ikusi ezinik. Begiratu erriari... ta ez dakigu azkenengoz agur egiten dautsagun. Ta beti bardin, beti onelaxe, beti juan egin biar, urrun urrunera juan biar... ura ta zerua besterik ikusten ez dan urrun-urrunera...

 

(Arrantzale taldiak, erramuak eskuetan dituezala, «Boga Boga» abesti ezaguna abestuten asiko dira iru edo lau abotsera, andikiro, bulartsu, gogo-gogoz.)

 

        (Abestia.)

                Boga boga

                mariñelak.

                Juan biar dogu

                urrutira,

                bai Indietara.

                Ez dot

                nik ikusiko

                zure kai ederra.

                Agur Ondarroa'ko

                itxaso bazterra,

                Mariñelak,

                boga!

 

OYALA

 

Itxasora, Augustin Zubikarai
Egan, 3/6-1960