Itxasora, Augustin Zubikarai
Egan, 3/6-1960

 

V

 

TXANGURRU eta KARRASPIO

 

(KARRASPIO sartzen da itxas tresna barik, itzal.)

 

TXANGURRU: Zer da Karraspio? Otzakin bildurtuta?

KARRASPIO: Amasei urte inguru alkarregaz ibilli gara ta iñoiz bildurrik ezagutu daustazu?

TXANGURRU: Zer da ba?

KARRASPIO: Gaur ezin nei itxasora etorri.

TXANGURRU: Makal aldirez bat?

KARRASPIO: Ez...

TXANGURRU: Zoritxarren bat?

KARRASPIO: Ez txikia.

TXANGURRU: Etxian?

KARRASPIO: Beti saltoka ta beti alai-alai ebillan semetxua ezagutzen zendun, ezta?

TXANGURRU: Ezagutu ez? Bai...ta?

KARRASPIO: Geyago ez dogu ikusiko Txangurru.

TXANGURRU: Ene ba! Zer diñozu?

KARRASPIO: Il egin da gixajua, il.

TXANGURRU: Ez da egia izango. Il? Noiz?

KARRASPIO: Gau erdi-erdian. Oraindik bere gorputxua bero-bero dago.

TXANGURRU: Zelan baña?

KARRASPIO:: Makalik ebillan aspaldi, baña ez ainbeste uste izateko eran. Atzo gabian, uste batean, ezeukan ezertxo ere. Beti lez alai egoan... Illuntze guztia alkarrekin igaro gendun jolasean. Gero... nik ez dakit zer izan daben. Zizpuruz beterik negar uluka asi zan bat batean. Alegiñak alegin ez gendun geiago bere irribarrerik ezagutu. Negarka ta zotinka ebillala, miñen bateri eutsi eziñez itxuraz, bertan bera begiak itxi ta il egin da. Bera bakarrik neban eta... il da koittadu errukarria.

 

(Bera begira zotiñari eutsi ezinda lotuten da. TXANGURRU'k besarkatuten dau ta biak penaz eta atsekabez beterik irauten dabe, harrutik abeslariak abestuten daben artian.)

 

        (Abestia.)

                Zure oroiz

                aita dago

                goi-goizetik

                gaberaño.

                Nik zu zaitut

                maitiago

                txoritxuak

                umia baño.

                Aingerukin

                bat egiñik

                zeru goitik

                beitu guri.

                Nik zu zaitut

                maittiago

                arraintxuak

                ura baño.

 

KARRASPIO: Ni-neuk ere, Txangurru, bera kendu ezkero, nayago neuke an Goian dagonak bere ondora eruango ba'nendu.

TXANGURRU: Barruko miñaren pentsamentuak izaten dira orreik, Karraspio. Guk biok oraindik itxasote asko egin biar doguz. Eta gabetan, itxasoetako bakartadian, izarrak kiñu egiten dauskuen antzera, ekaitz egunetan aingeru bat eukiko dogu, emendik aurrera, guri begira, goi-goitik guri lagunduten.

KARRASPIO: Baña nik ez dakit ara juateko barruko min au gaindu al izango dodan.

 

Itxasora, Augustin Zubikarai
Egan, 3/6-1960