Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Artezblai, 2012

 

—2—
MUGIMENDUA: ZEMENTUA

 

 

Zazpi

 

Escuela de Magisterio, Donostian. Liburutegian matxalen eta arantxa liburu artean dabiltza. Debekatutako zerbait egiten ariko balira bezala dabiltza ezkutuan, batak besteari ahapeka hitz eginaz.

 

MATXALEN: Arantxa galdera bat!

ARANTXA: Zer nahi duzu?

MATXALEN: Den-denetan?

ARANTXA: Ez, oraingoz “Educación” jartzen dutenetan bakarrik.

 

arantxak eta matxalenek jarraitzen dute liburuak arakatzen alde batetik bestera.

 

MATXALEN: Arantxa!

ARANTXA: Zer? (Desesperatzen hasita)

MATXALEN: Orduan “Educaciön nacional-católica”, honetan ere bai?

ARANTXA: Bai, horretan bi sartuko ditugu! Ale!

 

kattalin sartzen da liburutegian. arantxa eta matxalenek bere horretan jarraitzen dute. Liburutegiaren izkina batean papertxoak sartzen ari dira hautatutako liburuetan. Ezustean ordea, liburuzaina sartu da liburutegian (ez dugu ikusiko, soinuen bidez adieraziko da) eta matxalenek eta arantxak atzemango dituztenaren beldurrez, liburu guztiak lurrera bota eta ihesari ekingo diote.

 

kattalin badoa ea zer gertatu den ikustera. Lurrean daude liburu pila bat eta liburuzainak zer gertatu den galdetzen dio kattalini.

 

KATTALIN: ¿Qué? ¡Ah! Los libros... perdone, ahora los recojo (Badoa liburuzaina).

 

kattalin liburuak jasotzen hasten da. Papertxo bat erortzen da lurrera orduan. Irakurtzen du.

 

KATTALIN: “Kontuz! Liburu honetan jartzen duenak zure burmuinean kalteak eragin ditzake. Irakaskuntza aske eta euskaldun baten alde! Asteazkenero bilerak. ebt, Euskara Bizirik Taldea”

 

Eskolako txirrinaren soinua. Hiru eserleku oholtzaren gainean. arantxa eta matxalen aurrera begira eserita, leku bat libre erdian. irakaslea bizkarrez.

 

kattalin sartzen da presaka. Esertzen da.

 

IRAKASLEA: Buenos días señoritas.

DENAK: ¡Buenos días Don Miguel!

IRAKASLEA: Espero que el verano lo hayan invertido en cuidar de sus familias y no se hayan visto arrastradas por la oleada de locura colectiva que se está apoderando de nuestras calles.

            Veamos. (Arbelera gerturatzen da idazteko) Vamos a comenzar este curso hablando de la importancia de las disciplina y la correcta compostura.

KATTALIN: (arantxa eta matxaleni bizkarrean ukitua eginez, ahots baxuan) Aizue, paper hauetan jartzen du asteazkenetan...

 

Amaitzen utzi aurretik, eskutik kentzen dizkio paperak arantxak kattalini, larrituta irakasleak ikusi ote dituen begira. Isiltzeko keinua egiten dio.

 

MATXALEN: Kaixo, ni Matxalen naiz eta hau Arantxa, barkatu lehenagokoagatik.

KATTALIN: (Kuriositateak jota) Baina zer egiten duzue bilera horietan?

ARANTXA: (Ahots baxuan irakasleak entzun ez ditzan) Pedagogia berriak aztertu, etorkizunean haurrek euskaraz ikasi ahal izan dezaten lan egin...

KATTALIN: Euskaraz?

ARANTXA: Bai, interesatzen zaizu?

KATTALIN: (“Ez dakit” keinuz adieraziz)

IRAKASLEA: ¡Señoritas! (hiru neskek irribarre egiten dute, txintxo)

MATXALEN: (Disimuluan) Lagun baten etxean elkartzen gara, Luismari, bera irakaslea da. Haur askeak hezi nahi ditugu, askeak eta euskaldunak!

ARANTXA: Proiektu pila bat dugu eskuartean. Pedagogia berriak aztertzeaz gain ikasmateriala euskaratu...

MATXALEN: Orain disko bat egin nahi dugu, haurrentzako kantekin. Abestiak biltzen hasi behar dugu...

ARANTXA: Kristona izango da!

IRAKASLEA: ¡Señorita Aranzazu silencio!

ARANTXA: Nahi baduzu datorren asteazkenean etorri eta...

IRAKASLEA: Aranzazu Zubeldia Gerrikabarrena, ¡tengamos la fiesta en paz! Le recuerdo que está usted repitiendo curso. Y es una lástima que hayan abolido el test de madurez, que según las leyes de la autoridad del Régimen...

ARANTXA: Perdone Don Miguel... (irakasleak harrituta eteten du hizketaldia) siento ser yo la que le da esta mala noticia pero, (Iseka eginaz, Arias Navarrok telebistan egindako agerraldia imitatuz) Franco... ha muerto.

 

denak barrez lehertzen dira.

 

IRAKASLEA: Aranzazu ¡A dirección! ¡Y ustedes tranquilícense! jTranquilícense!

 

Badoaz denak.

 

 

Zortzi

 

luismari, aurrezki kutxa bateko bulegoan dago. Aulki baten alboan dago, publikoari begira. Euskaldun berria da. Larruzko zorro bat darama gainean.

 

LUISMARI: Apa, kaixo. Bai, barkatu, jesarriko naiz. Luismari Garmendia naiz Euskara Bizirik taldeko kidea eta proposamen bat egitera natorkizu. Gu hezkuntza eredu berritzaileengatik lanean ari gara. Eskoletan erabiltzeko euskarazko materiala sortu nahi dugu, eta bide batez, noski, euskal kultura bultzatu. Gure asmoen artean bada, disko bat ateratzea haurrentzako abestiñoekin. Klaro, proiektu zabala da eta babesa beharko genuke. Zer? (Baietz erantzunez aurrean duenari) Dirua bai, dirua! Eta zuek aurrezki kutxa bat zaretenez pentsatu dugu agian... (Poltsatik “Ez utzi haurrei negar egiten”' diskoaren azalaren marrazki bat ateratzen du) Begira hemen daukat prototipo bat de karatula. Begira ze poxpolina, ze polita!

            Nola? Politika? Ez, ez, hau ez da politika! Da ikas materiala haurrentzako, abestiñoak... “Basoa suak erre du, astoa ikusi dugu...”

            Bai badakit gauza dago dena nahastuta, baina da zerbait oso baliagarri, inportante... (Bulegoko langileari irribarrea kendu zaio aurpegitik) Ezetz. A, bale, bale ez kezkatu, lasai. Moldatuko gara. (Aulkitik altxa eta badoa, azken momentura arte ez du etsitzen ordea) Baina badaezpada utziko dizut nire zenbakia del telefono? Ez. Oso ondo. Zer? (Atzerantz begira) Atea? A, bai... banoa bai. Eskerrik asko, mila esker zuen arretarengatik. Eta pentsatu e! Badakizu zer esaten duten: hobe berandu inoiz...

 

 

Bederatzi

 

Bat-bateko eszena aldaketa. arantxa eta matxalen iristen dira Antiguoko pisura.

 

LUISMARI: ...Inoiz baino beranduago hasiko gara Arantxa. Baina tira Matxalen! Zer hasiko al gerete, ezta? Berandutuko gara kontxo.

 

Aulkiekin jokoa, egiten dute. Antiguako pisuaren eszena guztiak aulki joko batekin hasten dira, nor non eseri jolasean. Azkenean esertzen dira.

 

LUISMARI: Bueno, hemen dauzkat gaur bozkatu behar ditugun gaien zerrenda.

 

Paper bana ematen die. Musikaren erritmora pertsonaiek papera goitik behera irakurtzen dute. Luze luzea da zerrenda. Asperen egiten dute hirurek.

 

LUISMARI: Prest? Ondo da. Lehenengo puntua.

 

Musikaren doinu biziarekin bakoitzak bere paperean irakurtzen du lehen galdera. Musika amaitzean besoa altxatuz aldeko botoa ematen dute hirurek. Pozik daude kontsentsuarekin.

 

LUISMARI: Ea ba, bigarrena!

 

Bigarren galdera irakurtzen dute. arantxa eta luismarik besoa altxatzen dute proposamenaren alde, matxalenek ez ordea. arantxa eta luismarik zorrotz begiratzen dute, eta matxalenek azkenean etsi eta aldeko bozka ematen du.

 

Bozketa saioaren gainontzeko eszena musikatua da, hitzik gabekoa. In crescendo doa tentsioa, gero eta desadostasun handiagoa baitago hiruen artean. Bozketaren amaieran leher eginda eta izerdi patsetan daude irakasleak.

 

LUISMARI: Tira ba, gaurkoz nahikoa. (Paperean azken ohar bat dagoela ikusten du ordea) A ez! Azken oharrak. (Irakurtzen du) Bai. Diskoarena. (beste biak arretaz begiratzen dute) Aurrezki kutxan izan naiz eta...

 

luismarik poltsikoa arakatzen du, zerbait ateratzera doa. Aurrezki kutxan hartutako goxoki batzuk ateratzen ditu. hiru irakasleak etsituta, goxokiak jaten hasten dira.

 

Atea jotzen dute.

 

MATXALEN: Kattalin izango da, klaseko neska.

LUISMARI: A, beno. Aurrera ba!

 

kattalin sartzen da.

 

KATTALIN: Kaixo.

LUISMARI: Kaixo Kattalin, ongi etorri. Ni Luismari naiz asko pozten naiz zu hemen izateaz... baina jesarri, jesarri.

 

Aulkien jolasa egiten dute. kattalin esertzen da.

 

LUISMARI: Ondo. Zeri buruz ari ginen?

ARANTXA: Diskoaz!

KATTALIN: Niri diskoarena oso ideia ona iruditzen zait.

LUISMARI: Baina zaila dago. Oso proiektua anbiziosoa zen, eta bagenekien. Hasteko abestien bilduma egin beharko genuke... eta nondik hasi!

KATTALIN: Nik abesti batzuk ekarri ditut idatzita. Klasean aipatu zenidatenez... Amak txikitatik abestu izan dit.

LUISMARI: Bai, baina gero grabaziorako, kopiak egiteko dirua beharko genuke eta sosak, uf!

ARANTXA: Atez ate eskatuko dugu, ez da lehenengo aldia izango!

LUISMARI: Eta nork kaleratuko du ondoren?

MATXALEN: Dena prestatzen dugunean ez da hain zaila izango kaleratzea! Mundu guztiak nahiko du!

HIRU NESKAK: Horixe!

LUISMARI: Oso ondo! Beraz onartuta. Hau ospatu beharra dago Penny Lane tabernan tragotxo batekin.

 

Zalapartaka badoaz denak.

 

 

Hamar

 

Lan elkarrizketa batean.

 

Ahots batek: Andres Urrutia Girasola!

ANDER: Gi-sa-so-la. (Idazkaria zuzenduz)

            Bai. Hemen eseriko naiz? (Esertzen da publikoari begira aulki batean) Ah, que no hablais euskera. No, no. Ningún problema. Sí, claro. Por lo del trabajo. Leí en el periódico que buscabais un electricista.

            Hombre, estaría bien saber las condiciones. ¿Experiencia? Tengo. Estuve trabajando en ello una buena temporada.

            ¿En los últimos años? Sí, bueno, he tenido que vivir fuera unos años, por motivos ajenos a mí, por la situacion, ya sabe... pero ahora que las cosas están cambiado he pensado que... ¿Cómo? ¿Que no cumplo el perfil? ¿Y de qué perfil me está hablando? No, no... ¡Yo estoy muy tranquilo! (Gero eta haserreago aulkitik jaikiz) ...pero dígame solamente de qué perfil me está hablando ¡Que estoy tranquilo! Ez da ba izango perfila markatuegia daukadala, ez? (Altxatzen da aulkitik, desafioka) Ni lasai nago, oso lasai! Baina gertatzen dena da markatua ni nauzkazuela zuen lista beltz puta hortan, mekaguendios!... (Haserretuta aulkia hartu eta jaurtitzeko keinua egiten du)

 

 

Hamaika

 

Penny Lane tabernan. Musika entzuten da, Janis Joplin. ander bizkarrez dago, tabernako barran, mozkor xamar. arantxa, matxalen, luismari eta kattalin sartzen dira.

 

MATXALEN: Hauxe da Penny Lane. Bilerak eta gero hona etortzen gara beti. (Tabernako jendea agurtzen)

ARANTXA: (Atzeko barrara doa) Aupa Ander! Zer moduz?

ANDER: Izorratuta. Gauzak aldatu direla esaten diten, baina keba! Ze aldatu da ba! Betikoak zauden hor...

ARANTXA: Bueno, bueno, tragotxo bat hartuko duzu gurekin. Benga ...trago bat!

 

anderrek kattalin ikusten du orduan, gustuko du.

 

ANDER: Ongi da.

ARANTXA: (taldeari aurkezten dio laguna) Hau Ander da, Lezoko lagun bat.

ANDER: Aupa. Ze trago bat?

LUISMARI: Tira, tragotxo bat eta etxera...

 

denak goateke musikarekin dantzan dabiltza, mugimendu geldoan. Gaupasa irudikatzea da helburua, taldea gero eta mozkorrago. Musika bukatuko da eta kalean daude. anderrek botaka egingo du. kattalinek eusten dio burua.

 

ARANTXA: (matxalenek lo hartu diola gainean) Bueno Kattalin, gureak egin du, milindris hau etxera eramango dut.

KATTALIN: Segi zuek. Bihar arte! (anderren burua eutsita du eskuan) Aizu, edaten ikasi beharko zenuke.

 

Altxatzen du mutila, baina nekez eman dezake pauso bat zuzen.

 

KATTALIN: Etxera eramango zaitut. Nondik da?

 

Erdi dantzan etxerako bidea egiten dute. Azkenean iritsi dira.

 

KATTALIN: Hau al da atea? (anderrek baietz buruaz) Giltzak. Non dituzu giltzak? (Arakatzen hasten da praketan baina ezin ditu giltzak patriketatik atera)

KATTALIN: Faborez! (Arakatzen hasten zaio, lagundu nahian)

ANDER: Ei, ei... neskato!

KATTALIN: Txorakeriarik ez, aizu! Hementxe utziko zaitut eta bestela. Eutsi pareta! (Paretaren kontra jarri eta poltsikoetan arakatzen hasten da)

ANDER: (Ahapeka) Cuerpos represivos, ¡Disolución! (Garraxika ondoren) ¡Policía asesina!

 

kattalinek etxeko atea irekitzen du.

 

KATTALIN: Segi barrura, dutxa bat hartu eta lotara. (anderrek persuasioa erabiltzeko saiakera traketsez kattalini eskutik helduko dio, irribarre eginaz. kattalini grazia egiten dio eta berarekin sartzen da etxera)

 

 

Hamabi

 

Osabaren etxea. pedro irratia entzuten ari da. Laneko buzoa du eskuartean.

 

IRRATIA: “Goizeko 8ak dira. Loiola Media, Herri Irratia. Konfrontazioa bilatzen duen greba orokorraren deialdiari erantzunez, Gobernuak bilera egingo du Espainian gehiengoa duten sindikatuekin, eta hitzarmen bat proposatuko die. Herria aurrera ateratzeko funtsezkoa da gobernua eta sindikatuen arteko elkarlana...”

PEDRO: Gezurra, dena gezurra. Ikusi nahi nituzke nik fabrikan lanean. Orduan jakingo lukete zein diren gure benetako beharrak. Hitzarmena! Paperjale madarikatuak! Mecaguendios, orain horien erabakien zain egon behar al dugu ba? Hitzak eta promesak! Patroiak ere promesekin engainatu nahi izan gaitu beti. Joder! Iñaxioren semearena gertatu zenean bezala.

            Neguko goiz puta hura ezin dut burutik kendu. Ondo gogoratzen ditut gaztetxo haren begi ilunak. Mutil txiki mehar bat zen eta gure plantan jarri zuten, amasadoraren gainean. Sekulako zarata izaten genuen. Ni tenperaturak kontrolatzen ari nintzen, errebisioan, eta klank! (Eskuan daukan buzoa bota du lurrera) Zerbait gertatu zitzaion zinta hari. Gora begiratu eta Iñaxioren semea ez zen ageri. Korrika joan nintzen eta... (Ezin du jarraitu. Lurrean ikusten du laneko buzoa, iñaxioren semea)

 

pedrok gogoratzen du momentu hura. iñaxioren semea amasadoran hilda.

 

PEDRO: Emergentziako sirena jo nuen. Beranduegi. Gero etorri zen anbulantzia. Inaxio jota zegoen. Orduan ere ez zen zarata gelditu. Ez ziren makinak edozein “txikikeriagatik” geldituko.

 

kattalin osabaren etxera dator parrandatik, goizean, pixka bat mozkortuta. Soinurik atera gabe gurutzatzen du espazioa zapatak eskuan dituela. Justu bere gelara iristear denean, osabak karraskatu egiten du eztarria.

 

KATTALIN: Gabon osaba.

PEDRO: Egunon Kattalin. Ikusten dut hasi zarela hemengo giroa ezagutzen.

KATTALIN: Bai. Liburuetatik kanpo mundu bat dago hemen.

PEDRO: Eta baita tabernetatik kanpo ere.

KATTALIN: (Lotsatuta) Gauzak hartu eta banoa klasera...

PEDRO: Gaur ez itxoin afaltzeko.

PEDRO: Ez. Hor kanpoan gauzak ez daude batere goxo.

 

kattalin etxean bakarrik utzi du berriro osabak. Irratia piztuta dago. kattalinek zapatak jartzen ditu. Loiola Irratiko albistegi bat entzuten dugu (1975):

 

IRRATIA:  “...La escalada de la violencia oficial en nuestra provincia en los últimos días es causa de gravísima preocupación en el pueblo. La disolución de pacíficas reuniones y manifestaciones con el empleo de la máxima violencia, sin excluir el recurso al empleo de las armas de fuego se ha convertido en costumbre entre las fuerzas de orden público. Los sucesos del domingo en San Sebastian, con dos heridos de bala, el empleo de la fuerza más injusta contra los asistentes a una fiesta popular en la plaza de la Constitución el mismo día; la disolución de la tamborrada de Gros el martes y los sangrientos sucesos de Fuenterrabía y Pasajes registrados los pasados días 8 y 9, que han producido 5 heridos graves, y culminan con la muerte mediante un tiro...”