Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Artezblai, 2012

 

—6—
MUGIMENDUA: HAIZEA

 

 

Hogeita hamaika

 

kattalinek ez daki zer egin. Koruko kide batek bere maleta zaharra jartzen dio parez pare. kattalinek maleta ikusi eta etxera itzultzeko erabakia hartzen du. Maleta hartu eta badoa, koru osoa atzean duela. Korrika hasten dira denak. Iritsi zeneko kaleak igarotzen ditu, arnasestuka. Autobus geltokira iritsi da azkenean, eta abiatzear den autobusari kattalinek eta koru guztiak “Itxoin!” oihu egiten diote. Autobusa gelditu da. gidariak, ordea, atzean zerbait erori zaiola adierazten dio kattalini. kattalinek harrituta begiratuko du. Bere egunerokoa da, lurrean. Jasotzerakoan bertatik gutun-azal bat eroriko da. gidariak esango dio presa duela eta ea igo behar duen. kattalinek ezetz esaten dio. Badoa autobusa.

 

Jakin-min haundiarekin irakurtzen du gutuna.

 

KATTALIN: Eskutitz hau irakurtzen duzunean etxetik urruti egongo zara. Beti esaten zenidan bizitza paper zuri bat bezalakoa dela. Karratua dirudiela lehen bistan baina bertan margotzen hasiz gero, norberak nahi duena margotu dezakeela bertan. Bizitzan ere halaxe omen da. Ezer esan gabe joan zara, ez zait inporta. Joan bazara, hala egin behar zenuelako izango da, seguru. Faltan botako zaitut osaba. Kattalin, Zubieta 1966.

 

kattalin konturatu da, gutun hura berak txikitan osabari bidalitakoa dela. Sekula erantzun ez zizkion gutun horietako bat. Tolestu eta maleta hartuta osabaren etxera itzultzen da.

 

 

Hogeita hamabi

 

Eszena musikatua. “Gure bide galduak” abestiaren nota batzuk entzuten dira. manuel eta pedroren jantziak eskuan dituztela sartzen dira antzezleak eszenategira. Bizkarrez jarri, manuel eta pedro gorpuzten dituzten bi aktoreak jantzi eta koruak Gasteizko manifestazioa irudikatzen du mugimendu geldoan.

 

IRRATIA: “...La intervención de los cuerpos policiales del Estado ha tenido fatales consecuencias hoy en la capital. Los trabajadores manifestados han tomado la Iglesia de San Francisco a lo que la policía ha tenido que responder con contundencia. El resultado es de cinco trabajadores muertos y más de un centenar de heridos de bala. Cientos de personas han sufrido heridas graves...”

 

Bat-batean manuel izoztuta gelditzen da eta atzerantz erortzen hasten da. Tiro bat eman diote bularrean. aktore taldeak manuelen jantziak daramatzan antzezleari jaka, bufanda eta txapela kentzen dizkiote astiro. koruak jantziekin irudikatutako gorpua, manuelen heriotza irudikatzen du. Lurrean uzten dute azkenik irudikatutako gorpua.

 

pedro gelditzen da bakarrik eszenategian, garrasi mutuan, lagunaren gorpuari eusten diola?

 

 

Hogeita hamahiru

 

pedro etxean dago. Lur jota, leihotik begira.

 

Manuel Fraga Iribarne, orduan Ministro de Gobernacion zenaren hitzak entzuten dira irratian.

 

IRRATIA: “A continuación escuchamos las declaraciones del Ministro de Gobernación, Don Manuel Fraga Iribarne: Que la situación económica del país y del mundo es una situación seria y preocupante, no tiene duda. Que en ella las reclamaciones salariales y de condiciones de trabajo deben adaptarse a las reglas del juego civilizadas, también. Que no es posible aceptar planteamientos anarquistas o planteamientos utópicos en un momento como este es absolutamente intolerable. Que el país no los va a tolerar y que el Gobiemo no los puede aceptar es evidente también. Que este triste ejemplo sirva de gran lección para todo el país en los meses próximos...”

 

 

Hogeita hamalau

 

kattalin sartzen da etxean. Maleta eskuan duela. Etxera bueltan zetorrela, Gasteizen gertatutakoa entzun du. Beldurtuta sartu da etxean.

 

KATTALIN: Osaba. Ongi zaude?

PEDRO: Tira. Azkenean bide bazterrean geratzea ez da hain aukera txarra izango.

KATTALIN: (Leihora gerturatzen da kattalin, osabaren albora) Baina ez gara harri izateko jaioak, ezta? (osabak lehenagotik hari esandako hitzak erabiliaz)

PEDRO: Ez harri, eta martxa honetan ezta herri ere!

 

kattalinek eskua sorbaldan jartzen dio osabari. Isiltasun luzea.

 

KATTALIN: Osaba, pentsatzen aritu naiz eta, zer iruditzen zaizu hemen gelditzen banaiz, zurekin, beste denboratxo batez. (Harrituta begiratzen du iloba osabak) Gauzak ditut egiteko.

PEDRO: Tira, beste erremediorik ez badago moldatuko gara. (Irribarre txiki batek egin dio ihes ezpainetan) Afaria prestatuko dut.

KATTALIN: (Eskuan duen egunerokoari begira) Osaba, gauzatxo bat erakutsi nahi dizut. Zuretzat idatzi nuen. (Egunerokoa zabaldu eta osabari luzatzen dio. pedro irakurtzen hasten da) Haizeak lekuz aldatzen ditu izenak baina ez ametsak...

 

 

Hogeita hamabost

 

koruak hartzen du egunerokoa osabaren eskuetatik. Poemaren ondorengo esaldiak denen artean esango dituzte.

 

            ...Oihuen laburpena da,

            ezin da kateatu hitz batean haizea.

            Haizea da garai guztietako

            jendearen arnasa.

            Haizea biriketan, hesteetan, sexuan, odolean,

            hitzetan, oroitzapenetan.

            Gure ahotsean hasten da haizea.

 

Azken hitzak esan bitartean bi pertsonaiak erantzi egiten ditu astiro koruak. kattalinen bufanda maletaren gainean uzten dute, egunerokoa lurrean. osabaren txapela eta berokia kutxa zaharraren gainean.

 

korua eszenatik irteten da, eta pertsonaien objektuak soilik gelditzen dira oholtzan. taldeko bat bazterrean jarrita dagoen binilo irakurgailu batera gerturatzen da eta “Ez utzi haurrei negar egiten” diskoa jartzen du. Entzuten da:

                        Txori txiki polit bat,

                        Leihoan kantari.

                        Kontu txiki polit bat

                        Esan dit gaur neri...

 

ilunera

 

amaiera