Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Artezblai, 2012

 

Dramaturgia eta plater hautsiak

 

            Memoriak plater hautsi baten antza du. Hala esan zuen Claude Simonek. Behin eta berriz konpontzen saiatzen garen plater hautsi baten antza. Nork osatzen duen platera, nola lotzen diren piezak, platerak itsura ezberdina izango du. Ezinbestean. Eta sekula ez da platera lehen izan zena izatera iritsiko. Beti gelditzen dira bete ezin diren zuloak, bidean galdutako piezak. Memoriak zulo horiek osatu egiten omen ditu, interpretatu, oraina antolatzeko, etorkizuna marrazteko.

            Gure bide galduak antzezlana sortzeko gure memorietan, gure gurasoenetan, arakatzeari ekin genion. Horrela bildu genituen lehen piezak. Plater hautsi askoren piezak zeuden nahastuta, eta guk bat osatu nahi, antzezlan forma emateko. Kolektiboki, talde gisa, jaio ginen urte haien inguruko imajinarioa osatzeko ariketa egin nahi genuen, behar hori sentitu genuen, iraganetik oraina hobe ulertzeko. Etorkizuna irudikatzeko.

            Objektuek, jantzi zaharrek, pertsonaiek, musika doinuek eta hitz inprobisatuek bete zituzten gure entsegu orduak. Eta gehienetan gertatzen zaigun moduan, antzezlanaren arkitektura orokorra prozesuaren amaieran eraiki genuen, baita orain esku artean duzun testua ere.

            Hori horrela, testu hau argitaratzeko gonbitea jaso dugunean, antzezlanaren sortze bidean ezinbesteko izan zaizkigun beste “pieza” horiek ere aipatu behar genituela iruditu zaigu, testuaz gain antzezlanaren dramaturgia osatzen duten zutabe garrantzitsu diren neurrian.

 

Espazio-denboraren trataera

            Oholtzaren erdian egurrezko plataforma bat dago. Plataforma horren gainean gertatuko dira eszena guztiak, hori da antzezpen eremua. Plataformaren inguruan antzezlana gauzatzeko beharrezkoak diren elementuak daude (aulkiak, objektuak, pertsonaien jantziak). Antzezleek ikusleen begi-bistan egiten dituzte jantzi aldaketak eta jokoan ez dauden antzezleak plataformatik kanpo daude, euren txanda iritsi zain.

            Antzezlanean espazio aldaketa asko dago eta oso azkar gertatzen dira (fabrika, osabaren etxea, magisteritza eskola, kaleak...). Ahalik eta elementu bakanenekin finkatzen dira espazioak, eta batez ere antzezleen irudimenarekin eta gorputz espresioarekin osatzen dira. Denboraren tratamendua ere ez da batere “errealista”. Erritmoarekin jolas egiten da, denbora sintetizatuz ala tenkatuz, antzezlanaren beharren arabera.

 

Korua

            Antzezle taldeak “Korua” osatzen du. Tragedia klasikoaren ereduari jarraiki, korua narratzaile orojakilea da, ikusleei kontestua azaltzen diena eta gertaeren iaburpena egiten diena. Antzezlanaren gai orokorraren inguruko gogoetak egiten ditu.

            Gure kasuan Kattalinen egunerokoa boz-altuan plazaratzen du koruak.

            Koruak gorpuztuko ditu antzezlanean agertzen diren giza-talde handien eszenak: jendetza Oreretako kaleetan, paper fabrika, Asanblada...

 

Antzezpena

            Antzezleek hiru mailatan jokatzen dute.

            1. Antzezlea bera. Ikuslearen begi-bistan antzezteko prestaketetan dabilela, eta antzezlana plataformatik at begiratzen duena.

            2. Koruko kidea. Neutroa, kolektiboaren parte.

            3. Pertsonaia. Elementu bakan batzuekin osatua, batez ere gorputz eta ahotsaren lanketatik sortua. Antzezle bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago jokatzen ditu.

 

Objektuen erabilera

            Antzezlanean erabiltzen diren objektuak batetik eszenetako ekintzak lagundu eta giro zein espazioak sortzeko erabiltzen dira: aterkiak euripean, paperak fabrikako makinak gisa, liburuak liburutegiko apalak marrazteko, jantziak pertsonaiak eraikitzeko, irratia albisteak entzuteko eta abar. Baina beste alde batetik objektu horiek badute funtzio poetiko bat ere. Hala, osabaren kutxa zaharra hilobi bihurtzen da momentu batez, Manuelen arropek galiziarraren heriotza irudikatzen dute, aterkiak guztiak elkarrekin biraka jartzen direnean Kattalinen barne mundua adierazten da edo Anderren oheko maindireak bikotearen banaketa adierazten du.

 

Musika eta soinuak

            Musika ezinbesteko elementua da. Narrazio-musikala egiten du gitarrak antzezlanean zehar eta esan daiteke, antzezlanaren arnasa dela, pulsoa. Musikaria oholtzan dago, antzezle taldearekin batera.

            Zuzeneko musikaz gain hainbat soinu ere entzuten dira, giro soinuak (autobusa, telefono deia, fabrikako makinak...) eta irratia batez ere. Irratiko grabaketak benetakoak dira, Loiola Irratiko artxibotik hartutakoak.

Dejabu Panpin Laborategia