Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Artezblai, 2012

 

Erreferentziak

 

1. “Ez utzi haurrei negar egiten, ongi portatu beraiekin” diskoa 1979. urtean argitaratu zuen Nafarroako Ikastolen elkarteak, Tic-tac argitaletxearekin batera. Azalean poxpolin jantzidun haur bat ageri da, negarrez. Barnean letrekin eta haurrek egindako marrazkiekin osatutako liburuxka bat dago.

            Diskoan besteak-beste “Basoa suak erre du”, “Kapitain pilotu”, “Gure katua pitxitxi” eta “Txori txiki polit bat” abestiak daude. Denak haurrek abestuta. Nemesio Etxanizen poema batean oinarrituta dago antzezlanean erabiltzen dugun “Txori txiki polit bat” izeneko abestia.

 

2. Franco diktadorea hil ondorengo urteak gogorrak izan ziren oso. Aurreko erregimenarekin erabat hautsi edo erreforma egiteko eztabaida piztu zen Espainian. Euskal Herrian langile mugimenduek, ikasleenek, amnistiaren aldekoek, auzoetako mugimenduek, ekologistek, alderdi politikoek aktibitate ikaragarria izan zuten. Gizarte eredu berri bat sortzeko une historikoa zela sentitzen zen kaleetan. Kontestu horretan jaio zen “Asanblea de Renteria” eta ondoren “Oreretako Asanblada” deiturikoa. 1976.aren hasiera zen. Lau urtez etenik gabe martxan egon zen herri mugimendua izan zen, herritarren parte-hartze zuzena helburu zuen erabaki eta eztabaida gunea. Herriko enparantzan egiten ziren asanblada jendetsuak.

            Politika orokorrean erreformaren aldekoak gailendu ziren urte gutxian eta diktadurako estruktura eta agintari zenbait txertatu egin ziren ondoren egitura politikoan. Herritarren parte hartzea hauteskundeetara mugatu zen oro har eta Oreretako Asanblada bezalako bilguneak desagertuz joan ziren.

            Gomendagarria da oso honako liburua: “Orereta, herri borrokalari baten historia (1976, 1983)” Joxe Iriarte Bikila eta Luis Elberdin.

 

 

3. Benito Lertxundik 1967. urtean kaleratu zuen “Benito Lertxundi” izeneko ep disko txikia (Cinsa/Edigsa). Bertan hiru abesti zeuden, eta horien artean “Gure bide galduak”. Nestor Basterretxea artistarena zen azala eta “Ez dok amairu” taldearen zigilua zekarren diskoak.

            1965ean sortu zen “Ez dok amairu”, Jorge Oteizaren eraginpean, euskal artea berritu eta gizartea kontzientziatzeko xedez. Taldeko kide sortzaile izan ziren Lertxundirekin batera Artze anaiak, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Julen Lekuona besteen artean. 1972an desagertu zen kultur mugimendu garrantzitsu hau, baina ondorengo urteetan marka handia utzi zuen taldekideengan eta nola ez, euskal gizartean ere bai.

            Euskal kantagintza berrian eman duen musikaririk emankor eta beteranoenetakoa da Lertxundi. Besteen artean “Oro laņo mee batek”, “Hitaz oroit”, “Itsas ulu zolia” eta 2012 honetan berriki sortutako “Oroimenaren oraina” diskoak plazaratu ditu.

 

4. 1976ko martxoaren 3an Espainiako Polizia Armatuak —grisek— bost langile hil eta ehundik gora zauritu zituen Gasteizen.

            Soldatak mugatzen zituen dekretua salatzeko eta haien lan-egoera hobetzeko protestetan zebiltzan langileak urtarriletik, eta martxoaren 3an Greba Orokorra deitu zuten. Geldialdiak ia langile guztien babesa jaso zuen, baita enpresa andanarena eta herritar gehienena ere. Arratsaldeko bostetarako Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan informazio-bilera orokor bat egiteko deia egin zuten antolatzaileek, grebaren azken albisteen berri emateko. Bost mila pertsonatik gora bildu ziren barruan.

            Poliziak eliza inguratu egin zuen orduan. Gas negar-eragileak jaurti zituzten barrura, jendea bertatik indarrez aterarazteko; eta, elizaren ate bakarretik irteten ari zirela, bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek. Bost lagun hil zituzten, eta 150 zauritu. Hildakoetan gazteenak 17 urte zituen, zaharrenak 32.

            Polizia haien burua orduan Manuel Fraga Iribarne zen, Gobernazio Ministroa. Gertatutakoaren erantzukizuna greba deialdia egin zutenei egotzi zien. Sarraskiak epaiketa militarra izan zuen eta artxibatu egin zen autoa. Estatuari erantzukizun zibilagatik aurkeztutako erreklamazioek ere ez zuten erantzunik jaso.

            Manuel Fraga Iribarnek Francoren diktadura iraunarazteko errepresio gogorra bultzatu zuen Espainiar trantsizio garaian. Gerora politikagintzan jarraitu zuen, 2012an hil zen arte. Espainiako Partido Popularraren ohorezko presidentea izan zen azken egunera arte.