Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

I

 

markel, joxepa eta lukax

 

Afaldu ondoren, mahai baten inguruan markel eta joxepa dira eseririk. Beste mahai batetan on lukax berriz egunkaria irakurtzen afaldu ondoren.

 

MARKEL: (joxepari) Hau duk afaria egin duguna gaurkoan ere! Baina, ez al da ostatu honetan porrua eta patata besterik?

JOXEPA: Zaude isilik!

MARKEL: Porru-patatak iluntzero alajaina! Zeharo aspertua naiz oraintxe eta lehertu behar dut une batetik bestera.

JOXEPA: Goseak ez zara gelditu izango behintzat! Zenbait txerriek jateko gutxiago izango zuen beraren askan, zuk gaur iluntzean izan duzun baino.

MARKEL: Jan beharko edo aurki naiz bestela hankak luzatuta... Egia diozu, bai, txerriak baino ere patata gehiago jaten dugula. Baina, beste ezer ekartzen al digute mahaira? Gaur eguerdian ere, patata...

JOXEPA: Haragi zati ederrak ere bai tartean.

MARKEL: Haragia? Guztia zuk hartu izango duzu orduan! Nire plateran ez dut behintzat aurkitu haragi zati bakar bat ere. Patata, patataetapatata... Batzutan egosirik eta bestetan errea. Patata zutik, patat etzanda, patata belaunikaturik...

JOXEPA: Zuk izan ere azkar jaten duzu eta konturatu ere ez haragia ahoratzean.

MARKEL: Konturatu ez, haragia ahoan izanda? Bai agudo! Baina, ostatu honetan garen bi aste hauetan, ez dugu horrelakorik izan.

JOXEPA: Ezetz?

MARKEL: Behin bakarrik eta bertan xerra zatitxo bat besterik ez.Ez oso samurra gainera!

JOXEPA: Oraintxe bezala, istilu ederrak ibili zinduzen orduan ere.

MARKEL: Beharko! Lehenik, tomate tartean haragia aurkitu ezinean eta ondoren berriz haragia zatitu ezinik. Esan behar, bizirik zela.. Alkandore ederra gelditu zitzaidan bada tomate zipristinez beterik...

JOXEPA: Eskerrak bakarrik aurkitzen ginen jantokian...

MARKEL: Beste mahaian den hori ere, ez zen ederki ibiliko, baldin behintzat niri eman zidaten bezalako haragi gogorra eman bazioten. Pozik ikusiko nuen bera...

JOXEPA: Plateran errendituko zuen behintzat haragia eta ez zuk bezala mahai gainean.

MARKEL: Plateran errenditu? Ez berehalakoan! Nik bezala mahai gainean haragia ebakitzen ere nahiko lan izango zuen.

JOXEPA: Alkandorea ezezik, mahai gaineko zapia ere ederra utzi zenuen...

MARKEL: Beste horrek ere, antzekoa izango zuen. Bai horixe!