Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

XXII

 

markel eta benita

 

MARKEL: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik, oherako jazkiak dituela soinean). Baina, non arraio sartu da etxekoandrea? Ez diat inon aurkitzen! Ez sukaldean, ez hemen... Nire emazteari berriz iruditu zaiok orain buruko mina duela eta aspirina bat hartu gabe ez duk isilduko. Emakumeak baino gauza txoroagorik... Nire emazteak behintzat beti izaten dik zerbait oheratzean. (Bigarren atetik barrukaldera begira). Beste alderdi honetan begiratu beharko diat... Etxekoandrea ez bada ere bertan, beste agure zahar horren logela aztertzeko une egokia diat. (Bigarren atetik etxe barnera sartzean, benita agertzen zaio bertatik bapatean).

BENITA: Nora zoaz gizona?

MARKEL: Etxekoandrea nonbaiten aurkitu nahirik naiz.

BENITA: Baina gaurkoan, ez al du inork lo egiteko asmorik etxe honetan?

MARKEL: Aspirina bat ematen ez badiot behintzat nire emazteari, ez du begirik itsiko. Ongi dakizu, iluntzero izaten duela zerbait oheratzean...Gaur, burukomina, dirudienez.

BENITA: (Abiatzen da etxe barnera lehen atetik). Zatoz nerekin.

MARKEL: Esan zaidazu aurrez Benita, etxeratu al den On Lukax edo delako hori.

BENITA: (Hurbiltzen da markelena). Bai, etxeratua da...

MARKEL: Baina, oraindik oheratu gabe izango da?

BENITA: Oheratua, zutitua... Berriro oheratua...

MARKEL: Zer? Ondoezik al da ba?

BENITA: ez, ez. Gau asko egiten ditu horrela. Lo hartu eta handik une batetara jeikitzen ere badaki. Ez zaitez batere harritu, zure gelara azaltzen bazaizu gauean. Amets ibiltari hoietakoa da On Lukax eta batez ere zerbait gehitxo jan edo edaten duenean...

MARKEL: Gaur iluntzean hemen jan duena gatik ez da izango orduan. Edariak egin beharko dio zerbait... Baina zer gertatu daiteke berak dituen ondasunekin, amets ibilaldi hoietako batetan leiho batetik erori eta hilko balitz?

BENITA: ez dakit ba... On Lukax beste mundura joan ondoren, banketxea jabetuko litzateke ziur asko ondasun hoietzaz.

MARKEL: Ederra kontua horixe! Lehen ere gutxi harrapatzen dute...

BENITA: Zer uste duzu ba? Zuretzako izango lirakeela?

MARKEL: Bai agure zahar horrek hil aurrez nire izenean jarriko balitu!

BENITA: Zer? Zu ere horrela?

MARKEL: Beste norbaitek ere pentsatzen al du nik bezala?

BENITA: ez dut nik horrelakorik esan. Tira, zatoz nirekin eta zuretzat ere beste pastila bat emango dizut, burutik kendu ditzazun pentsamendu hoiek. (Alde egiten du etxe barnera lehen atetik).

MARKEL: Agure zahar horren ondasunak balitu nire emazteak, buruko minak alde egingo lioke berehala... (Alde egiten du etxe barnera benitaren ondoren).