Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Bat, bi, hiru
Imanol Elias
Ortzadar, 1990

 

VIII

 

markel, joxepa eta benita

 

BENITA: (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik, eskuetan tazatxo bat dakarrela). Nork eskatu du kafea?

MARKEL: Nik.

BENITA: (Mahai gainean utziko du). Tori bada. Beste ezer behar al duzue?

MARKEL: Ez, ez. Eskerrik asko.

BENITA: Gaua ongi igaro orduan. (Abiatzen da etxe barnera).

JOXEPA: Berdin...

MARKEL: (benitaren ondoren). Aizu... Gauz bat galdetu nahi nizuke alde egin aurrez?

BENITA: Nik erantzutekoa bada...

MARKEL: Ezer al dakizu agure honen bizitzari buruz?

BENITA: Ez didazu galdera erreza egin oraintxe. Berari entzuna diot, Alemanian jaioa dela. Gurasoak ordea, hemen ingurukoak izan behar zuten. Aspaldian ordea, alde batera eta bestera da ia gelditu ere egin gabe. Gaur hemen den bezala, datorren astean berdin aurkitu daiteke Ingalaterran, Italian, Kuban, Grezian edo Errusian...

MARKEL: (Aulki bat harturik esertzen da). Egia orduan, ondasun handiak dituela?

BENITA: Ondasunak? Bera ibiltzen den bezala ibiltzeko, asko behar da gaur egunean.

JOXEPA: Jendearen jarduna gehiago izango da, beste askotan bezala edo bestela beraren ametsak.

MARKEL: (Kafea hartuz). Eta egia al da, berak esan digun bezala, sendiko inor ez duela bizirik?

BENITA: Horrela dio On Lukaxek, bai.

MARKEL: Eta hoinbeste diru izanda, ostatu honetan egon? Denbora gutxiren barruan, porruak eta patatak azaldu behar zaizkio horregatik zudur zuloetatik.

BENITA: Zuri berriz beste zerbait azalduko zaizu buruan, baldin etxekoandreak entzuten badizu. Hobe duzu bada ez bada ere zerbait isilago hiztegitea, edo bestela sukaldeko erretza dantzatuko du.

MARKEL: Nahi badu entzun dezala. Ez diot gezurrik.

JOXEPA: Zaude isilik gizona! Goazen lotara, berriketak alde batera utzita.

MARKEL: Oraintxe goaz... (Zutituz, joxepak ere berdin egiten duen bitartean). Agure zahar horren diruak banitu...

BENITA: Neuk ere pozik hartuko nintuzke!

JOXEPA: (Bultzatzuz markeli). Ohera joan behar denean, ohera agudo.

MARKEL: Gaur baino hobeto jan ondoren horregatik eta ez tripak orroaz direla...

JOXEPA: (Besotik heldu markeli eta etxe barnera eraman nahirik lehen atetik). Tira, goazen...

MARKEL: Goazen bai, goazen... (Alde egiten dute biek lehen atetik).

BENITA: Gaua ongi igaro! (Bakarrik gelditzean). Dirudienez hauek ere zerbaiten usaina hartua ditek. On egingo ziotek! Kosmek zerbait laguntzen badit, hauek baino azkarrago ibiliko nauk... Bai horixe! Ikusiko litzateke nolako gogoa duen horrek On Lukaxen berri jakiteko. Baina, zertan naiz hemen? Agure zahar hori etxeratzen den unerako, guztia prestatu behar diat... (Etxe barnera abiatzen da lehen atetik, baina bertatik datorren jazintokin topo egiten du).