Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

Pertsonaietaz zenbait zehaztasun historiko

 

LOYOLA:

             Iņigo Lopez de Loyola, antzerkiaren protagonista, Azpeitiako Loyolan jaio zen 1491.ko Abenduaren 25.an. Bere inudea Egibar baserriko etxekoandrea izan zen. Loyolako Inaziok zazpi anaia eta bost arreba zituen eta bera zen gazteena. Ahaide Nagusietarik familiarik boteretsuenetakoa zen Loyola eta Oņazko sendia. Hamaika edo hamabi urte zituelarik bere gurasoek Arevalo’ra bidali zuten Juan Velazquez de Calderon-en etxera. Berau Kastillako erregearen kontadore nagusia zen, beraz Kastillako gortean hezia izan zen Inazio. 1525.eko karnabaletan Inazio eta bere anaia Perok Anchieta familiako seme bat eraso eta heritu zuten; hori zelata epaitu nahi izan zuten Inazio. Arevalotik Najerara etorri zen Inazio, bere ahaidekoa zen Nafarroako Birregearen serbitzuan jarriaz. 1520. urtean matxinada batek eztanda egiten du Najeran eta Inazio, kapitaina jadanik, izanen da berau zapalduko duena. 1521. urtean Albreteko erregearen tropak Iruiņea setiatzen dute. Inazio eta Martin bere anaia nagusiek, Gipuzkoako Oihartzunen biltzen dituzte zenbait arma-gizon beraiekin Iruinera joanaz, haren defendatzeko. Bitartean Najerako Dukeak (Nafarroko Birregea bereau) ihes egiten du Iruiņeatik. Maiatzaren hogeiean heriturik gertatzen da Inazio. Bere heritasuna Loyolan igaro ondoren 1522.ko Martxoan Najeratik zehar Katalunyarantz abiatzen da. Bere gaixoaldian Loyolaren “konbertsioa” gertatzen da. Bere zaurien ondorioz erren gelditzen da betirako eta militar karrera utzirik bere etxea ere abandonatzen du. Montserrat eta Manresan egon ondoren Jerusalemeko bidea hartzen du Barzelonan, 1523.ko urtean Erroma eta Veneziara heltzen delarik handik Jerusalemera joanaz. Italiara igortzen da ostera hurrengo urtean eta handik Barzelonara non eta 1526.ko udaberrirarte egonen den. 1527.ko urtean Alcantara eta Salamancatik dabil, bi hiri haietan Inkisizioarekin topo eginaz. 1528.ko urtean Parisera doa bere ikasketak Sorbonan egiteko asmoz eta Konpainiaren lehen partaideak han bildurik, 1535.ean Azpeitira abiatzen da eta handik Valenziatik barru Veneziara heltzen da non eta 1537.ko martxorarte egonen den, azkenik, Erroman finkatuaz. Ez da Erromatik mugitzen 1556 uztailaren 31.an hil arte. Erroman eraikitzen ditu Jesusen konpainiaren habeak eta mundu guziaren barne hedatzen ikusten ditu bere gizonak. Loyola hiltzean milatik gora konta zitezken Jesusen Konpainiakoak.

 

MARTIN OŅAZKOA:

            Loyolako Inazioren anaia berau, familiako buru suertatu zen Juan, anaia nagusia, Napolesko Kanpainan hil zelarik. Oņazko Martin, arma-gizon ospetsua zen, eta Belateko gatazkan parte garrantzitsua hartu zuen 1512 urtean. 1521.ko Maiatzean eta Albreteko erregearen hamabi mila gizoneko gudalosteak Iruiņea setiatu zuenean, Nafarroako erregetzaren kadira berreskuratzeko asmoz, bere anaia Inaziorekin batera Iruinera heltzen da. Iruiņeako plazaren gidaritzaz Frances de Beaumont-ekin eztabaidatu ondoren, gatazka hasi baino lehen, Gipuzkoara igortzen da berriro. 1524.ko urtean Hondarrabiako gatazkan parte hartu zuen. 1538 urtean suertatu zen bere heriotzea.

 

MIGEL JATSU AZPILIKUETA:

            Xabier eta Miguelen anaia denez Juan Jatsu eta Atondoren setnea da. Bere anaia Juanekin batera Iruiņeako erasoan parte hartu zuen. Miguel, Xabierko gazteluko buru zen bitartean, Juan Kapitaina zen Loyolaren antzera. Xabiertarrak biziki borrokatu ziren Nafarroak bere subirotasuna berreskuratu zezan. Bere aitarekin batera desherriratuak izan ziren Miguel eta Juan Xuberoko lurretara. 1529 urtean Castillako erregeak berriro Nafarroako erresuma bereganatu zuenean Miguel eta Juanek nafar abertzaleen azken eginahalean parte hartu zuten Amayurko gaztelua defendatzen. Campionek dionez Miguel zen Xabierrek begikoen zuen anaia.

 

FRANCES BEAUMONT:

             Frances Beaumont Leringo Komtearen anaia zen. Villalarko gatazkan nabarmendu zen militar bezala Juan Bravo “Comuneroa” preso hartu zuenean. Labriteko erregearen tropak Iruiņea setiatu zutenean bertako buruzagia zen. Leringo Komptearen sendia Loyola eta Oņazko Familiaren leinukoa zen eta adiskide beraz.

 

ANDRE DE FOIX:

             Andre de Foix Labriteko erregearen tropen buruzagia zen. Gatazka hasi aurretik errendi zitezen eskatu zien Iruiņeako defendatzaileeri.

 

XABIER JATSU AZPILIKUETA:

            Xabierko Francisco Jatsu Azpilikueta 1506.ko Apirilaren seiean jaio zen. Senideetan gazteena zen. Bere aita Boloniako Unibertsitatean zuzenbidea ikasia zen eta Nafarroako erregearen Kanziller izana, azkenik desherrian hil zen Xabierren aita. Xabierren ama Maria “Maria Azpilikueta tristea” Nafarroako familietarik zahar eta nobleneetako batetakoa zen. 1525.ko urtean habiatu zen Xabier Parisera eta bere ikasketak egiten ari zela ezagutzen du Loyola. Laister hartzen dute elkar eta Loyolaren konpainian sartzen da Xabier. 1540.gn urtean Lisboara doa handik Indietara joateko asmoz. 1545 urtean Malacan eta Indian aurkitzen da. 1549.gn urtean Japoira heltzen da eta 1552.ean Txinako ateetan dago baina Sanchon-eko irletan aurkitzen du heriotzea Abenduaren 3.an.

 

D'ETXEPARE BERNART:

            D’Etxepare lehen euskal idazlea dugu, lehen liburua berak argitaratu zuen 1545.gn urtean. Bere biziaz argitasun handirik ez izan arren gauza jakina da kartzelan egona zela arazo politiko bat zela medio, izan ere zenbaitek dioenez Nafarroa Castillako erreinuari atxikitzearen aldeko omen zen. Bere apezgoa Eiheralarreko herrixkako erretore bezala kunplitu zuen.

 

MATEO ORI:

             Loyolaren garaietan Pariseko Inkisizioaren burua zen delako Mateo Ori hau. Ortiz izeneko espaņiar batek salatu zuen Loyola Ori jaunaren aurrean, baina Loyolak salaketaren berri jakin bezain prest Inkisizioaren aurrera agertu zen hotsegina izan baino lehen. Azpeitiarraren “Ejerzizioak” irakurri bezain laister Ori jauna Loyolaren babesle eta eragile bezala azaldu zen ondoren.

 

FABRO:

             Pierre Lefevre, Fabro izenaz ezaguna, 1506 urtean jaio zen Saboyan. Parisen ezagutu zuen Loyolak eta gelakide izan ziren biak St. Barbare-ko kolejioan. Jatorri apalekoa zen, artzain ibilia haurtzaroan, oso mutiko azkarra zenez Pariseko Sorbonara bidali zuten. Gaztea eta azkarra izaki laister bereganatu zuen Loyolak. Fabro zen Pariseko taldean “ejerzizioetan” lehenik Loyolak trebetu zuena.

 

LAINEZ:

             Lainez, espainiarra, 1512 urtean jaio zen. Alcantara-ko denboretatik ezagutzen zuen Loyola, baina Parisen bereganatzen du Loyolak orobat. “Kristau berria” zen eta jatorriz judua. Beti izanen zuen bere jatorriaren kezka. Lainez, konpainiako teologorik trebeena izanen da eta Loyolak Trentoko Kontziliora bidaltzen du bere bozemaile zuhur eta fanatiko bezala. Eleizaren historia biziki markatuko duen Kontzilio honetan utzi zuen Lainezek bere aztarna.

            Loyola hiltzean Jesuiten buru bezala autatua izanen da.

 

POLANCO:

            Hogeitabost urte zituelarik sartu zen konpainian. Burgosko familia aberatseko semea da Polanco. Loyola ezagutu zuenean Aita Santuaren Kantzilleriako idazkari zen jadanik eta bere familiaren gogoaren kontra sartu zen Konpainian. Loyolaren idazkari izan zen.

 

CARAFFA CARDENALA (PAULO IV):

            Denboraren poderioz Paulo iv. Aita Santua izatera helduko zen hau, Venezian ezagutu zuen Loyolak. Haseratik kontrajarriak agertzen zaizkigu Loyola eta Caraffa Cardenala. Gizon fanatiko eta integrista zen bera eta agian begi jelostuekin ikusten zuen Loyola. Caraffa izanen da Italian Inkisizioa sartzen duena. Loyolak Paulo iv-garaietan lortuko ditu bere garaipen instituzional nabarmenenak, eta Paulo iv berriz jesuiten aurkako agertuko da. Caraffa Napoles-tarra zen.

 

CALVINO:

            Jean Calvin, Frantziako Picardian jaio zen 1509 urtean. 1523 urtean agertzen da Parisen eta Loyola bizitutako kolejioa zen bere egoitza. Gaztedandik Inkisizioak susmagarritzat dauka bere ideiak direla eta. Ginebran eraikitzen du bere eleiza erreformatua. 1564 urtean hil zen Ginebran. Calvinoren jarraitzaileak arrakasta handia lortu zuten ipar Euskal Herrian Albretteko Jeanne erreginak Calvinoren erakutsietara konbertitu zenez gero.

 

ROTTERDAMNEKO ERASMO:

            Erasmo Rotterdamn-eko hirian jaio zen 1469 urtean. Erasmoren ideologia “humanismo” deritzan pentsakeran gauzatzen da. Handia izan zen humanismoaren hedadura eta garrantzia xvi.gn gizaldian eta Trentoko kontzilioak bakarrik itzaliko du zerbait Erasmoren eragina. Erasmoaren eginahala kristautasuna eta antzinako greko eta erromatarren jakinduria uztartzea da. Lutero eta eleiza erromatarren arteko gatazka ideolojikoan susmarritzat hartua izanen da Erasmo. Erasmo ere Calvino eta Rabelais-en antzera Loyolaren kolejio berean bizituak ziren. Rotterdam-ekoa xv eta xvi gizaldien mugan gizonik argiena bezala agertzen zaigu. Basileako hirian hil zen 1536 urtean. Bere garaiko gerla ugarien zehar pakezale agertzen da Erasmo eta era berean Lutero eta Vatikanoren arteko sesioan konponbidearen aldeko. Aldiz, Loyolak ez zuen inoiz erreforma zaleen aldeko bake biderik eskeini.