Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

II. BIGARREN JOKALDIA

 

(errejentak azken estrofa kantatzen duenean eszenara datoz loyola aurretik dela, frances beaumont, oņazko martin eta kapitaina).

 

FRANCES BEAUMONT: Hau zer atsegina, nire senide Loyolatarrak ikustean! Ongi etorriak benetan.

OŅAZKO MARTIN: Agur Beaumont! Laisterka etorri gara Albriteko Endrikek Erronkari hartu duela jakitean. Nire anaia Iņigo Gipuzkoan aurkitzen zen Najerako Dukearen manuz eta bera ere hemen dator nire soldaduekin batera.

LOYOLA: Agur Beaumont! Esaiguzu prest zein den egoera. Hunat etortzean Iruiņeako jendeak irain egin digu eta “Gora gure errege Endrike” ohiukatzen zuten. Zer gertatzen da hemen?

FRANCES BEAUMONT: Ah! Iņigo. Gogorrak gertatu dira hemen. Najerako Dukeak ihes egin du eta mila soldadu besterik ez dut Iruiņea defenditzeko. Koldarra! Duke madarikatua!

 

(frances beaumont-en hitzak entzutean loyolak pauso bi egin ditu atzera eta ezpata agertu du eskuan. Fermuki dio).

 

LOYOLA: Otoi Beaumont! Otoi! Nire jauna ez da koldarra eta hori dioenak nire ezpataren altzairua dastatuko du.

FRANCES BEAUMONT: (Eztiki) Ez nuen hori esan nahi. Badirudi taktikaz erretiratu dela eta ez beldurrez. Uste baino gudaloste handiagoa jarri zaigu aurrean eta gainera Nafarroako herria Kastillako erregearen kontra ailtxa da.

OŅAZKO MARTIN: Utz ezpata Iņigo! Izanen duk norekin borrokaturik. Hago lasai! Aurreko lanak badizkiagu ondra eta ohore kontutan sartu gabe. (frances beaumont-eri) Beaumont! Esaiguzu zein den egoera.

FRANCES BEAUMONT: Esan dizuet mila soldadu besterik ez dudala. Zuek etorri aurretik hiru kapitaina nituen eta orain bost Iņigo eta zurekin.

OŅAZKO MARTIN: Ni ez naiz izanen inorren kapitaina. Nire etxeko nagusia naiz eta erregearenaz beste agindurik ez dut onartzen. (Fierki) Loyola eta Oņazko jauna naiz ni.

LOYOLA: Ni Najerako Dukearen esanetara nago. Baina utz ditzagun hitz alferrak eta has gaitezen gerlarako prestatzen.

OŅAZKO MARTIN: Iņigo! Nireak ez dira hitz alferrak. Nire etxeko nagusi naiz eta Beaumonteko Frances berriz bere anaiaren ordeko baino ez. Iruiņeako agintea eta nire gizonena neri dagokit.

FRANCES BEAUMONT: Arrazoi duzu Oņaz, nire anaiaren ordezko naiz, baina ni nafarra naiz eta gipuzkoarra zu. Neri dagokit Nafarroa defenditzea.

KAPITAINA: Beaumont dut gidari eta jaun.

 

(Eszenaren alde batetan jarri dira frances beaumont eta kapitaina eta bestean daude iņigo eta martin).

 

LOYOLA: Nire anaia dut gidari.

FRANCES BEAUMONT: Zu Iņigo Nafarroako birregearen kapitaina zara eta ni naiz hemen bere ordezkari. Obeditu behar didazu beraz.

KAPITAINA: Arrazoina du Baumontek.

OŅAZKO MARTIN: Zatoz nirekin Iņigo!

LOYOLA: (pentsakor) Odolaren mintzoa zure ahotik datorkit Martin, baina nire militar ohorea odola baino gogozkoago dut.

 

(Isilunea).

 

OŅAZKO MARTIN: Ohorea eta odolaren bide berdina da... (Asarre) Zuek ikusi! Nire agintea ez baduzute onartzen ni banoa etorri naizen bidetik.

LOYOLA: Egon hadi Martin. Hi joaten bahaiz oraindik kolokago jarriko duk Iruiņearen defentsa.

OŅAZKO MARTIN: (Asarre) Nahi dukena egin dezakek hik, baina ni ez nauk inoren morroi. Nafar hauek oroitu behar litekek Oņazkoak zer egin zuten Beotibarren.

LOYOLA: Borroka egitera etorri naiz eta borroka eginen dut.

 

(martinengana doa eta bere anaia besarkatuz dio).

 

LOYOLA: Agur, anaia, zoaz eta zaindu gure etxea. Ni Kastillako erregeren alde borrokatuko naiz.

OŅAZKO MARTIN: Agur Iņigo... oroit hadi Loloya eta Oņaztarra haizela.

 

(Zuhur eta militarki agurtuaz badoa oņazko martin eta berari lagunduz kapitaina).

 

FRANCES BEAUMONT: Loyola! Barkatu lehen esandakoak Birregearengatik... zu bezalako zaldunaren jauna ez daiteke koldar izan.

LOYOLA: Maite dut Najerako Dukea eta zihur nago bere jokabideak baduela zentzurik. Baina has gaitezen gure indarrak prestatzen etsaiak heldu bide izan behar dute.

FRANCES BEAUMONT: Bai garaia da.

LOYOLA: Kezkagarriena Iruiņeako herriarena da. Kanpokoak etsaiak ditugu eta barrukoak ere etsai bilakatu zaizkigu.

FRANCES BEAUMONT: Horrela da.

LOYOLA: Herri urduria da Iruiņeakoa. (Paseatzen hasten da) Badirudi ez dela inoiz konformatuko Castillarekin bat egin ezkero. Neronek sarritan jarri dut bere tokian, ezpataren puntarekin, Iruiņeako kaleetan zenbaiten iseka eta maltzurkeria. Antza denez, nahiago dute errege frantses bat Castillako erregea baino.

FRANCES BEAUMONT: Agramondarrek ez dute inoiz etsi. Beren lana da oraingoa ere. (Bitartean kapitaina sartu da eta berarekin datozte soldadu biak).

KAPITAINA: Agur jaunak!

FRANCES BEAUMONT: Zer duzu orain?

KAPITAINA: Jauna... Gauzak okertzen hasi dira. Oņaz eta bere gizonak joatearekin beste arazo bat korapilatu da.

FRANCES BEAUMONT: Esan!

KAPITAINA: Urduri dira gure soldaduak. Diotenez sekulako gudalostea omen dator eta ez omen dute zaldietatik jeitxi beharrik izango Iruiņea hartzeko.

LOYOLA: (Biziki) Madarikatuak! Koldarrak! Non da Castillako soldaduen korajea?

SOLDADU BAT: (Humil) Jauna... azken sei hilabetetan ez dugu xoxik ikusi...

SOLDADU BI: Soldatarik gabeko soldadoa, ura nahastutako ardoa.

 

(errenjentak algara bat egiten du baina beste aktoreak ez dute ezer entzuten).

 

FRANCES BEAUMONT: Utikan hemendik!

 

(soldaduak presaka ateratzen dira).

 

KAPITAINA: Beaumont jauna... Hori ez da guztia. Gure arteko zenbait errenditzearen aldeko dira. Bandera zuria jarri behar gendukela diote Castillakoaren ordez.

 

(kapitainaren hitzak entzutean loyolak ezpata atera du eta blziki dio).

 

LOYOLA: Lehenago hil etsaiari amor eman baino. Goazen eta ebaki ditzagun aulezia guztiak. (Ohiukatuz) Gora Castilla! Gora erregea!

 

(Guztiak irtetzen dira).

(errejenta bere tokitik altxa eta eszenaren erdira doa betiko ritualari jarraiki eta abestuaz).

 

ERREJENTA:

            1.— Begira nola dagoen

                        Nafarroako erreinoa

                        askatasunaren egarri

                        ireki du ahoa.

            2.— Fernando Katolikoak

                        ostu zion askatasuna

                        geroztik ahienez zegon

                        Nafarroako erresuma.

            3.— Jatsu eta Xabierkoak

                        Albriteko erregeari

                        eskeini diote koroia

                        kenduaz Espainiari.

            4.— Albritekoa baita

                        errege Behenafarrokoa

                        batasuna egin dezake

                        euskaldunen artekoa.

            5.— Loyolaren nagusiak

                        arrotz dira lur honetan

                        joan daitezen nahi dute

                        nafar guztiak benetan.