Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

X. HAMARGARREN JOKALDIA

 

(Eszena hutsik aurkitzen da eta halako batetan lainez eta fabro sartzen dira calvino eta erasmorekin).

 

LAINEZ: (Pozik agertzen da oso) Jaunok! Ohorerik handiena egiten diguzute zuen bisitarekin.

CALVINO: Paris guztian Loyolaz mintzatzen da eta ezagutu nahi nuen.

FABRO: Zer moduz Suizan?

CALVINO: Ez hain ondo. Luterotarrek gogor erasotzen didate eta erromakoek berriz susmo pean jarri naute inoiz. Espiritu ttipi eta laburren denborak dira hauek. Ikerketarako gutizia eta jakinduri berriak susmagarritzat jotzen dituzte Erroman. Erregeek berriz armaz erabaki nahi dituzte arazo guztiak.

LAINEZ: Barkatu jaunok! Loyolaren bila noa.

 

(Irtetzen da. fabro eta calvino isilik hitzeginaz entretenitzen dira. erasmo liburu batzuk miatzen dabil).

 

ERASMO: Gaztetan, ni ere kolejio honetan bizitua naiz.

CALVINO: Ni ere bai. Jende asko ikusi dute paret hauek. Rebelais idazlea ere hemendik ibilia da.

 

(Pauso hotzak nabari dira eta loyola, xabier eta Lainez sartzen dira. loyolak erren nabarmena egiten du eta xabierren besoaz baliatzen da ibiltzeko).

 

LOYOLA: Egun on, jaunak! Ni naiz Loyola.

LAINEZ: (erasmo adieraziaz) Horra, hau duzu Rotterdameko Erasmo sonatua.

 

(Eskua ematen diote elkarri loyolak eta erasmok).

 

CALVINO: Ni naiz Calvino.

 

(Eta calvinok eskua luzatzen dio loyolari, honek hartzen dio baina mesfidaz beteriko begirada bat botatzen dio).

 

LOYOLA: Gizon ezagunak zarete biak. Poztutzen naiz zuek ezagutzeaz. Jarri gaitezen. Ikusten duzutenez ez dugu hemen apainduri handirik. Zuhur bizi gara zeren pobreziaren botoa egina dugu.

 

(xabier, lainez eta fabrok oheak mugitzen dituzte guztiak beraietan eseritzeko moduan. Jartzen dira).

 

LOYOLA: (calvinori) Irakurri dut zure liburua Seneca-ri buruzkoa eta gogoz irakurri badut ere ez nago orobat ados zurekin.

CALVINO: Jakin nahi nuke zertan ez zauden ados.

LOYOLA: Zu, kristautasuna eta Senecaren estoizismoa uztartzen eta bateratzen saiatzen zara, baina ezin parekatuak dira biak.

CALVINO: Eleizak, itxaropenaz eta pazientziaz dizkionak Senecaren zenbait pentsamenduekin badute antzarik.

LOYOLA: Antzak engainu bideak dira. Seneca paganoa zen eta berak dioenak ez dezake antzik izan Kristok asmaturiko dotrinarekin. Estoizismoa pagano eta jentillen gauza da.

ERASMO: Zuk diozunez, kristautasunak eta Kristok esandakotik kanpo beste jakintza guztiak arbuiagarriak dira.

LOYOLA: Horrela da, arbuiagarriak.

ERASMO: (Ironiaz) Baina horrek asko mugatzen du jakintzaren arloa.

LOYOLA: Munduko jakintza guztiak ez du gauza handirik balio Eleizaren drotinaren aurrez. Egia rebelaturik dugu kristauok.

ERASMO: Mundua mundu zen Kristo jaio aurretik. Eta gizonak bazuten orduan ere osasunik. Aristoteles eta Platon adibidez jakintsu handiak ziren eta gauza ederrik idatzi zuten. Nik uste dut oso baliotsuak direla Kristoren aurreko jakintza ugari. Nik pertsonalki biziki maite ditut antzinako filosofoak.

LOYOLA: Peligrosoa da hori... Bakar bakarrik egiń dezakeguna zera da: antzinako jakintzetaz nagusitu eta beren esangura eta muina hustu ondoren kristautasunaz bete.

ERASMO: (Irriz) Hori ez da oso zientifikoa.

LOYOLA: (Serioski) Teologia da zientzia guztien erregina eta beste guztiek berarengana makurtu behar dute.

ERASMO: Baina, gaur, teologia dela eta politika egiten da, ikus bestela zer gertatzen den Alemanian Luterorekin. Europa osoa ere zenbait teologoren iritzia dela eta ez dela gerlan trabaturik dabil.

LOYOLA: Kristautasunaren egia defenditzeko zilegi da indarra eta politika erabiltzea. Politika eta gerla ere Jainkoaren gloriarako egin daitezke.

CALVINO: (loyolari) Zuretzako beraz, Seneca bera ere eleizaren etsai bat litzateke.

LOYOLA: Nik dakidan gauza bakarra zera da: estoizismoa ezin duela kristau batek preziatu eta miretsi.

CALVINO: Inkisidore jaunak ez luke besterik esango.

LOYOLA: Gizonak ez dezake bere etsipena bere baitan sustraitu eta hori da Senecak dioena finean. Gizonak Kristorengan bakarrik etsi dezake.

CALVINO: Horrek predestinazioara garamazke.

LOYOLA: (Asarre) Utikan Ez horrelakorik! Gizonaren bizitza guztia gatazka bat da. Jainkoaren dohainak eskuratzeko ere borrokatu egin behar da.

ERASMO: (Ironiaz) Fedea, dohazkoa zela uste nuen.

LOYOLA: Eta horrela da. Baina gizonak bilatu egin behar du fedea. Aukeratu egin behar du bere indar guztiekin eta gero Kristoren eskuetan jarri behar du... eta orduan bai. Orduan etsi dezake gizonak Jainkoarengan. Orduan guztia berdin zaio. Berdin zaizkio mundu honetako gauza guztiak. Diruak, gloriak, aberriak, eta bekatu berak ere ez dute orduan garrantzirik. Ah! zer lasaitasuna hortara iritxi ezkero.

 

(Isilunea).

 

ERASMO: Sorte tristea paratzen diozu gizonari. Aberririk eta ohorerik gabe.

LOYOLA: Kristauen aberria zerua da. Mundu honetara borrokara gatoz. Zerua irabazteko.

ERASMO: Zu, aukeraz mintzatzen zara behin eta berriro, baina nire ustez zure baitan gizonak ez du albredio haundirik. Gizonari, Jaungoikoarengan abandonatzeko aukera soila eskeintzen diozu. Gizonaren libertadea ezer ezean uzten duzu.

LOYOLA: Eta zertarako behar duzu libertadea? Pekatua egiteko?

ERASMO: Gizona, askatasunarik gabe animalien pareko da.

LOYOLA: Peligrosoak dira zure ideiak, Erasmo.

ERASMO: (Sutunik) Maite dut libre pentsatzeko arrixkua.

CALVINO: (erasmo besotik hartuaz) Erasmo! Goazen etorri garen bidetik. Kortesiazko bisitan etorri gara eta Loyolak irainka hartzen gaitu.

LOYOLA: Fede kontuan ez du kortesiarik balio.

 

(Badoaz erasmo eta calvino. Isilune luzea. lainez buru makur dago eszenaren erdian).

 

LOYOLA: (lainezi) Ez zaitez kezkatu Lainez. Gogorrak izan behar gara gure fedea defenditzerakoan. Ez dugu kupidarik izan behar gure etsaiekin.

LAINEZ: (Besoak zabalduaz) Baina... Erasmo ez da gure etsaia, ez eta ere Calvino.

LOYOLA: Calvino ideia susmagarriak zabaltzen ari da. Gizon azkarra da, baina erreformak bera ere kutsatu duela uste dut.

LAINEZ: Erasmo ordea...

LOYOLA: Erasmo bezalakoak dira kaltegarrienak. Jakintza berrien errenazimenduaren aitzakiarekin duda eta esamesa besterik ez dute ereiten. Lutero horietaz baliatzen da Aita Santuaren autoridadearen aurka altxatzeko.

 

(Korro bat osatzen dute guztiak eta loyolak besoaz inguratzen ditu).

 

LOYOLA: (Sutsu) Lainez, Xabier, Fabro... Eman abisu beste lagunei ere. Heldu da garaia bidean jartzeko. Aski dugu Sorbonako jakintzaz. Lanean hasi behar dugu. Badatorkigu etorkizun aztuna, lanaz eta gatazkaz josia. Jerusalemera joan behar dugu lehenik eta Erromara gero Aita Santuaren esanetara jartzea. Kristoren soldaduak gara gu, eta Aita Santua da gure kapitaina. Munduak inoiz ikusi duen armadarik boteretsuena eraikiko dugu.

 

(“Inazio gure patroi handia” himnoa entzuten hasten den bitartean erortzen da ohiala).

 

(bigarren partearen amaiera)