Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

VI. SEIGARREN JOKALDIA

 

(Ohiala jasotzean, Loyola otoitzean ari da ohe baten alboan belauneko jarririk. errejentak kantari ekiten betiko moduan. loyolak bere hartan jarraitzen du errejentak bukatu arte).

 

ERREJENTA:

            1.— Iruiņeatik Loyolara

                        zauriak sendatzeko

                        eta oinazeen artean

                        Nagusiz aldatzeko.

            2.— Mundu hontako loturak

                        eten zituen Manresan

                        ejerzitaturik gogor

                        berak garbi duenez esan.

            3.— Katalunyatik Veneziara

                        eta handik Jerusalemnera

                        Kristoren soldadu izateko

                        egina zuen aukera.

            4.— Gero Kastillatik zehar

                        Inkisizioarekin topa

                        kartzela besterikan

                        ez zioten haiek opa.

            5.— Orain hemen Parisen

                        bildu ditu lagunak

                        munduan zehar hasteko

                        konbertitzen kristauak.

 

(errejentak bukatu bezain laister sartzen da).

 

LAINEZ: Arratsaldeon Inazio!

 

(loyolak ez dio jaramonik egiten. Isilunea. Halako batetan gurutzesantuaren seinalea egiten du eta zutitu ondoren lainezengana hurbiltzen da. Erren nabarmena egiten du. Hemendik aurrera, loyolaren jestuak patxarakoak eta estilizatuak dira).

 

LOYOLA: Arratsaldeon Lainez! Nondik zatoz?

LAINEZ: Eskolatik irten ondoren hospitaletik pasa naiz egunero bezala. Nire otoitza eta kontsolamendua eskeini diet gaixoei. Izurritea gehiagora doa. Jende asko ari da hiltzen.

LOYOLA: Jaungoikoaren borondatea.

 

(lainezek oheak dauden aldera erreparatzen du behin eta berriro).

 

LAINEZ: Aizu Inazio! Hirugarren ohe bat jarri duzute!

LOYOLA: Bai. Fabroren lagun bat etortzekoa da. Euskalduna omen da, Nafarroakoa. Laister etorriko da. Nik ez dut ezagutzen.

LAINEZ: Zer moduz daukazu hanka?

LOYOLA: Hemen dago... Pariseko bero sarkor honek ez dio nonbait onik egiten. Baina gaur hala ere tripetakoa okerragoa da. Tripako miņak ahaztu arazten dit nire hanka elbarria.

LAINEZ: Medikuren batengana jo beharko duzu.

LOYOLA: Ikusiko dugu. Baditugu aurreko lanak. Eta bakarrik joan zara hospitalera?

LAINEZ: Ez. Nirekin etorri da Salmeron.

 

(lainez paseatzen hasten da).

 

LOYOLA: Aizu! ... Lainez. Kezkatuta somatzen zaitut. Zer duzu?

LAINEZ: Bai kezkatuta nago.

LOYOLA: Zer duzu bada?

LAINEZ: Salmeronek esan didanez zurrumurrua zabaldu da, norbaitek inkisizioaren aurrean salatu ote gaituen.

 

(Isilunea. loyolak asarre jesto bat egiten du).

 

LOYOLA: Salmeronek esan dizu hori?

LAINEZ: Bai.

LOYOLA: Eta zergatik ez da bera etorri! (Asarre) Badakizute informazioa zenbat preziatzen dudan.

LAINEZ: Gero pasako dela esan du. Baina gauza handirik ez daki. Dirudienez Mateo Ori izeneko bat kargutu omen dute gutaz ikertzeko.

LOYOLA: Eta zer dute gure kontra?

LAINEZ: Hori ez dakit, baina badakizu zein gogor erasotzen duten hemen Erreforma kutsua duen edozer. Alde guztitan susmo txarrak ikusten dituzte.

LOYOLA: Egon gaitezen lasai. Ez da lehenengoa Inkisizioarekin zer ikusirik dudanik. Espainian bi aldiz juzgatu ninduten Alcala eta Salamancan eta bietan ez zuten ezer susmagarririk aurkitu nire Ejertzizioetan. Inkisizioraen gartzelak ezagutzen ditut... ez dut beldurrik.

LAINEZ: Bai... baina argi ibili beharko dugu.

 

(fabro sartzen da).

 

FABRO: Kaixo Inazio! Arratsaldeon Lainez!

 

(loyolak jesto batekin agurtzen du).

 

LAINEZ: Kaixo Fabro!

FABRO: Zer berri kontatzen duzute? (Oherantz begiratzen du) Ez da oraindik etorri?

LOYOLA: Ez. Ez da inor agertu.

FABRO: Aizute! Salmeronekin topatu naiz Sorbonan eta oso kezkaturik ikusi dut. Gero zurekin hitzegitera etorriko dela esan dit.

LOYOLA: Hortaz ari ginen hitzegiten.

FABRO: Inkisizioko jende hori ez da txantxetan ibiltzen. Maizegi kixkaltzen dute jendea Parisen. Ez dut uste denak herejeak izango direnik.

LOYOLA: Inkisizioak bere lana egiten du. Luteroren landarea zainetik atera behar da. Gure Eleiza Santua bitan banatzeko zorian jarri du Luterok.

LAINEZ: Baina Inkisizioarekin jenderik ez daiteke konbenzitu. Eskasia handiak ditu Eleizak eta denbora berri hauei aurre emateko bide berriak aurkitu behar ditugu. Zenbaitek Kontzilio bat egin behar dela diote.

FABRO: Ez legoke gaizki kontzilio bat. Baina lehenik bakea egin behar dute Frantzia eta Espainiako erregeek. Egun latzak bizitzera egokitu zaigu.

LOYOLA: (Eszenaren erditik, iluminaturik bezala) Denbora latzak bai! Eta guk hor jokatu behar dugu gure borroka. Mundua aldatzen ari da. Renazimenduaren izenean gauza berri asko ari da zabaltzen, baina aldaketa horiek denak ez dezakete eleizaren iraunkortasuna hauzitan jarri. Hori izanen da gure egitekoa: Eleizari eustea eta bere egiak zabaltzea.

 

(Isilunea).

 

LAINEZ: Ondo diozu Inazio, baina borroka hortarako soldadurik ez da geldituko, inkisizioak pakean ez badigu uzten.

LOYOLA: Horri ez diot beldurrik...

 

(Harat-hunat paseatuz. Isilunea).

 

LOYOLA: Ez diot ez beldurrik. Gainera... zuek diozutena egia bada ez naiz hemen zai geldituko inkisidorea etor dadin... neroni joango naiz Mateo Ori Inkisidorearengana.

FABRO: Ez dezazula korri gehiegi egin. Agian hobe da gauzak nola datozen ikustea.

LOYOLA: Ni militar izana naiz eta ikasia dut erlijio gauzetan ere militarki jokatu behar dugula. Defentsarik hoberena erasoa da. Neroni joaten banaiz garbi geldituko da ez dudala zer gorderik.

 

(Isilunea. loyolak kajoi batetik ateratzen du liburuxka bat eta eskuan aurkezten du).

 

LOYOLA: Ona hemen Ejertzizioak, Loyolako gazteluan idazten hasi nintzanak eta zuengan frogatu ditudanak. Ori Inkisidoreari erakutsiko dizkiot, ea herejiarik aurkitzen duen, baina ezer susmagarririk ez badu aurkitzen Inkisizio berak egin beharko du agiri bat Ejertzizioren ortodoxia adieraziz. Ez gindezke gehiago susmopean ibili. Ez dugu ezer gordetzekorik.

LAINEZ: Ondo iruditzen zait neri.

FABRO: Agian, hobe da horrela. Inkisizioari aurre hartzen badiogu guttienez gure fede ona garbi geldituko da.

 

(loyolak eskuan ditu beti Ejertzizioak eta orain bastoia hartzen du ohe gainetik).

 

LOYOLA: Goazen!

FABRO: Baina Xabier berehala etorriko da. Norbaitek gelditu beharko du bera agurtzeko. Zuek ez zaituzte ezagutzen.

LOYOLA: Zu gelditu Fabro. Goazen biok Lainez.

FABRO: Ondo joan eta... azti ibili.

LOYOLA: Jainkoaren eskuetan gaude.

LAINEZ: Gero arte Fabro.

FABRO: Agur.

 

(loyola eta lainez badoaz. fabro pentsakor gelditzen da, gero gesto bat eginaz mahainera hurbiltzen da, jarri eta irakurtzen hasten da. errejenta, bere tokitik altxa eta aurreko jokaldietan bezala jokatzen du).