Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

IX. BEDERATZIGARREN JOKALDIA

 

(errejentak kantatzen duen bitartean loyola, fabro eta xabier eszenara sartzen dira. fabro eta xabier ohera sartzen dira biluztu ondoren. loyola belauneko jartzen da gurutzearen aurrean. Laister, loyola negarrez hasten da. Astiro egiten du negarra. Gero, zutik jarririk bizkarra biluzten du. Eszenan argi gutti dago, agian, foko batek argitu dezake loyolaren gorputza. Lo daudenen zurrunkak entzuten dira. loyolak “disziplinak” edo latigo bat hartu eta bere bizkarra gastigatzen hasten da irmoki. xabier esnatu egiten da eta bere ohean jezarririk harriturik begiratzen dio loyolari. Ohetik jeiki eta kamisoi baten antzeko soineko bat soinean daramala loyolarengana hurbiltzen da hemeki-hemeki).

 

XABIER: Inazio... zer ari zara?

 

(loyolak, lo aztun batetatik iratzarri balitz bezala begiratzen dio. Poliki-poliki bere sorbalda estaltzen du. Parez pare daude biak).

 

LOYOLA: Otoitzean ari nintzen.

 

(xabierrek “disziplinak” ditu eskuan).

 

XABIER: Honekin otoitzean?

LOYOLA: Aldiz, gorputza gastigatu behar da.

XABIER: Ez duzu nahiko gastigu zure anka errenarekin?

LOYOLA: Hori ez da gastigu bat, Jainkoaren dohain bat baizik. Iruiņean ez banintz elbarritu oraindik pekatari nintzateken.

XABIER: Kalte bat inoiz ez da dohain bat.

LOYOLA: Kaltetatik onik irtetzen bagara bai. Jainkoaren borondatea da.

XABIER: Ah Inazio! Zein gizon aparta zaren. Ez zaitut ezagutzen.

 

(fabrok lo dirau eta zurrunkaren bat egiten du inoiz).

 

LOYOLA: Xabier... esaidazu.

XABIER: Zer Inazio?

 

(Ohe gainean jarri dira biak).

 

LOYOLA: Zoriontsua zara?

XABIER: Baietz uste dut. (Isilunea) Gaztea naiz. Familia on batetako semea eta atsegin zait Paris.

LOYOLA: Eta Jaungoikoa?

XABIER: Sinesten dut Jainkoarengan... Txikidandik erakutsi zidan amak.

LOYOLA: Baina maite duzu Jaungoikoa?

XABIER: Baietz uste dut. (Isilunea). Bai. Maite dut Jaungoikoa.

LOYOLA: Aizu Xabier... Pariseko estudioak amaitzean zer egin behar duzu. Pentsatu duzu etorkizunean?

XABIER: Oraindik ez dakit. Goiz da horretarako. Gaztea naiz eta urte batzuetan hemen jarraituko dut. Gero Nafarroara itzuliko naiz eta ikusiko dut. (Isilunea) Eta zuk Inazio? Zer egin behar duzu zuk?

 

(loyola paseatzen hasi da).

 

LOYOLA: Ni, Xabier, zu bezalokoa nintzen. Jainkoarengan sinesten nuen baina bizitza aldrebes bat neraman. Nire amets eta asmo guztiak mundu honetan narrasten ziren. Haragiaren begietatik kanpo ez nuen ezer ikusten. Itsu nengoen. Baina egun batetan Loyolako dorrean hilzorian nengoela Kristoren aurpegia ikusi nuen eta harrezkero beste gizon bat naiz. Konbertitu egin nintzen nire baitan eta aukera bat egin nuen eleizaren aukera. (Isilunea) Bai aukera bat egin nuen. Nire gorputz eta ametsetatik libratu ninduen aukera.

XABIER: Baina nik ez dut Jainkoaren aurpegia ikusi!

LOYOLA: Borondate guztiarekin saiatu behar da Jainkoaren aurpegia ikusteko. Otoitza egin behar da eta gorputza gastigatu... orduan gorpuzduraren harresiak bota ondoren imajina daiteke Kristo.

XABIER: Zu santu bat zara Inazio...

LOYOLA: Ez. Jainkoak aukeratu duen pekatari bat naiz ni. Eta poliki-poliki badakust zergatik aukeratu nauen Jainkoak. (Zerura begira) Gatazka handi batetan ikusten naiz eta ni Kristok aukeratu dituenen kapitaina naiz. Eleiza aurkitzen den tokitik jasotzeko borroka izugarri bat libratu behar dut.

XABIER: Ni ez nau Jainkoak aukeratu.

LOYOLA: Lehenik norberak aukeratu behar du Jainkoa gero Hark bere partetik aukeratu gaitzan.

 

(fabroren zurrunkak).

 

XABIER: Logurerik ez dut. Orobat iratzarri naiz.

 

(Isilunea. xabier pensatzen ari da. loyola xabierren alboan jartzen da ohean. xabierrri besotik heldurik jarraitzen du).

 

LOYOLA: Aizu, Xabier?

XABIER: Bai.

LOYOLA: Atsegin izango zenuke munduko neskarik ederrena zeurea izatea?

XABIER: (Irrifarrez) Bai, horixe!

LOYOLA: Aizu, Xabier.

XABIER: Bai, Inazio.

LOYOLA: Pentsa instante batetan Nafarroan zaudela eta bere askatasuna lortu duzula Nafarroako errege izateko.

XABIER: (Ametslari) Ah! Orduan bai nintzatekela zoriontsu munduko neska eta diru guztiak baino gehiago maite dut aberria.

LOYOLA: Eta Xabier...

XABIER: Esan. Esan, atsegin zait amestea.

LOYOLA: Pentsa munduko gizonik jakintsuena zarela. Zure ospea eta gloria denen ahotan dabil...

XABIER: Benetan maite dut ideia hori.

 

(Isilunea. loyola altxa eta pauso batzuk ibiltzen ditu. xabier bere ametsetan murgildurik dago. Hurbiltzen zaio xabierri eta goitik behera begiratuz eta behatzarekin fermuki adieraziaz dio).

 

LOYOLA: (Abots handiz) Entzun ondo! Xabierko Franzisko Jatsu eta Azpilikueta! Entzun! Zertarako dituzu mundu honetako neskarik ederrenak? Erreinu batetako koroia? Esan! Zertarako duzu mundu honetako ondasun eta jakinduri guztia? Esan! Zertarako? Zeure arima galtzen baduzu? Zertarako balio dizu mundo guztiak, zure arima betirako sukarretan erretzen bada?

 

(xabier zutik jarri da ozen-ozen. Isilunea. xabier eta loyola elkarren parean elkarri begietara so daude).

 

XABIER: Inazio... Lagundu iezadazu. Espantuz entzun dizkizut azken hitzak. Nik ere nahi nuke konbertitu. Lagundu iezadazu!

 

(xabier eta loyola luzaro besarkatzen dira. Bitartean fabroren zurrunkaren bat entzuten da).

 

LOYOLA: (Eskutik hartuaz) Atoz. Egunsentia da jadanik. Egin dezagun otoitz. Esan dezagun “Aita Gurea”. Pentsatu eta gozatu ondo hitz bakoitza.

 

(Abots altuz errezatzen dute oso astiro).

 

LOYOLA - XABIER:

            Aita gurea,

            zeruetan haizena;

            santifika bedi hire izena.

            Etor bedi hire erresuma.

            Egin bedi hire borondatea

            zeruan bezala lurrean ere.

            Gure eguneko ogia iguk egun.

            Eta barka ietzaguk gure bekatuak,

            nola guk ere ofentsatu gaituztenei

            barkatzen baitdiegu.

            Eta ezgaitzala sar erazi tentazionetan,

            baina delibra gaitzak gaitzetik.

            Ezen hirea duk erresuma, puisantza eta gloria,

            sekula sekulakotz. Amen.

 

(Errezoaren hotsak fabro iratzarri du eta berak ere “Aita Gurea-ren” azken partean laguntzen die).

 

FABRO: Egun on Jaunak! Ikusten dut probetxuko gaua iragan duzutela. Ni lo eta zuek otoitzean.

 

(Ezer esan gabe Xabier hurbiltzen zaio fabrori eta herstuki besarkatzen du loyolak irrifarka begiratzen dituen bitartean).

 

LOYOLA: Arima sanoa, gorputz sanoan! (Irrifarrez) Ea! goazen gosaltzera.

 

(Irtetzen dira eta errejentak betiko ritualaz ekiten dio kantuari).

 

ERREJENTA:

            1.— Loyolaren borondateak

                        Xabier du konkistatu

                        soldatu bat gehiago

                        duelarik konbertitu.

            2.— Xabierko gazteluak

                        galdurik du semea

                        eleizaren armadak

                        egina du berea.

            3.— Mundu guztian zehar

                        Xabierrek du zabalduko

                        Konpainiaren izena

                        Erromaren onerako.

            4.— Loyolaren ospea

                        hedatu da jadanik

                        berangana datoz

                        alde guztietatik.

            5.— Erasmo eta Calvino

                        Calvino eta Erasmo

                        Loyolarengana datoz

                        bera ezagutzeko asmoz.