Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

1. Damaskoko atea

 

Bero handia egiten zuen eta irakasleari ez zitzaion ezertxo ere aditzen. Josu, Joxe eta Miren hizketan ari ziren azken lerroko aulkietan eserita.

 

IRAKASLEAK: Platonek bere “Elkarrizketak” idazteari ekin ziolarik, ez zen soilik idazteko modu berri bat erabiltzen ari izan, pentsatzeko era berria ere abian jartzen ari izan zen... Aurreko Hesiodok edo Homerok mito erlijiosoak edo kronikak erabili bazituzten ere, Platonen idazkerak bere aurretik ez zegoen memoria motari nahiz gogamenari ateak ireki zizkion...

            ...zer gertatzen da hor atzean?

JOSUK: Ezer ez.

IRAKASLEAK: Zertaz ari zarete hizketan?

JOXEK: Ezertaz ere ez.

IRAKASLEAK: Gurean, halaber, modu honetako idazki literario-filosofiko-pedagogikoak izan dira, adibidez, L. L. Bonaparteren aginduz eta A. Iturriagaren Jolasak oinarritzat hartuz: J. Duvoisinen Iturriagaren Solastaldiak lapurteraz eginiko bertsioa edo E. Intxausperen Iturriagaren Elhestaldiak zubereraz eginikoa edota J. A. Uriarteren Iturriagaren Berbaldijak bizkaieraz egina bezalakoak. Autore ezagunik gabeko zenbait kasuren artean jorratu izan da eredu hau, Irakasdearen eskugarria deituriko elkarrizketa da horren adibide...

            Eta Mogelek, Peru Abarka, euskarazko eleberrigintzan aitzindari dena idatzi zuenean, gertaera solteak bildu eta eskaini baino elkarrizketak papereratu nahi izan zituen euskal literaturan filosofia-oinarria ezarriz. Ez genuke ahaztu behar, bide batez, Mogel bera izan zela Pascalen Gogamenak itzuli zituena...

            Aski da!, zuek, atzeko hirurok, zoazte kanpora eta klasea amaitu arte itxaron niri, gero hitz egingo dugu-eta!

JOXEK: Guk ez dugu ezer egin...

IRAKASLEAK: Horregatik, hain zuzen ere. Eskolara ikastera etorri behar da eta ez hizketan denbora alferrik galtzera..., beraz, zoazte kanpora!

JOSUK: Eta zer egin behar dugu kanpoan?

IRAKASLEAK: Itxaron, besterik ez!.

MIRENEK: Nik ere bai?

IRAKASLEAK: Noski!. Zu zara horietariko bat...