Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

10. Urrezko atea

 

ANDEREŅOAK: Horretarako gure gogoa astindu beharko dugu.

JOXEK: Zergatik?

ANDEREŅOAK: Oroimen edo gogo besterik ez garelako...

JOXEK: Baina, ez al duzu esan mundua aldatzen ari dela eta aurrekoak ez duela batere balio?

ANDEREŅOAK: Nik ez dut esan iraganaz oroitzea baliagarria ez denik nahiz eta pentsatzearen bidea betiko gaiak modu berriaz azaltzeko eta, halaber, gai berriak betiko moduz azaltzeko gaitasuna izan.

JOSUK: Hasi al gara berriro ere tutik ulertzen ez diren esaerak botatzen?

ANDEREŅOAK: Zuk ez duzu ezer ulertu nahi, ordea... orain arte ikasten zuenarekin aski zuen edonork bizitza osoan irauteko. Lanbideak ere halakoxeak ziren, hau da, familiaren bidez eskuratuak eta hil arteraino. Dagoeneko horrek ez du balio. Etengabeko prestakuntzaren beharra dago aldaketaz aldaketa dabilen gizarteari egokitzeko edo, izatekotan, berau ere eraldatu ahal izateko.

MIRENEK: Hori egia da..., baina edozein gauza ikasteko ere ezinbestekoa da memoria lantzea.

ANDEREŅOAK: Memoriari “mnmosine” deitu zioten greziarrek jainkosa bat zelako. Erromatarrentzat, aldiz, moneta izena zuen hark zeren Junoren tenpluan zegoen eta halako epitetoa erabiltzen zuten berari buruz hitz egiterakoan, izan ere, aipatutako tenplu hartan monetak egiten baitziren.

JOXEK: Baina ez al zenuen esaten diruak fedea behar zuela? Sosak ere jainkosak direla esango diguzu orain?

ANDEREŅOAK: Berriro diotsuet, bada, diruaren atzean fedea eta memoria badago egon, moneta baita iraganeko nahiz egungo jainkosa, orain inoiz baino gurtuago izaten ari dena...

JOSUK: Baina diruak askatasuna bermatzen du..., beharretatik libratzeko balio baitu...

ANDEREŅOAK: Balizko askatasunaz, diruaz edota nazionalismoaz gauza bera esan daiteke... guztiak ere bizitzaren osagarriak direla...beren neurrian!. Hau da, bizitzeko gatza edo glukosa funtsezkoak izan arren, bizi-kalitaterako kaltegarri ere bihur daitezke...

MIRENEK: Zerk bermatuko digu, beraz, kalitatezko elkarbizitza? Izan ere, nik, behintzat, ez dut uste “bizikidetza” bezalako ikasgaietan sasi-politika edo hiriari dagokion etika irakatsi behar denik... Bizitzaren arlo praktiko bezain naturalek kezkatzen naute ni...haur jaioberriak nola artatu edota agure-atso zaharrak nola lagundu...

ANDEREŅOAK: Baina gai haiek kezka moralak sortzen dituzte, haurdunaldia edo bizia eteteaz, abortuaz nahiz eutanasiaz hitz egin beharra dago...

MIRENEK: Nahi duzuna..., baina gehiegi mintzatu ohi da eskolan, premia zehatzei erantzuteari muzin eginez betiere...

JOSUK: Eskarmentua da falta dena...

ANDEREŅOAK: Esperientzia, ariketa praktikoetatik bezainbeste, eguneroko jardunetik kanpo gelditzen garenenean suertatu ohi da. Denboraren jariotik at gaudenean esperientzia mota bat hasten da garatzen, estetikoa nahiz erlijiosoa ...

JOSUK: Lotan nagoenean ere bai?

ANDEREŅOAK: Bai zera!, zuk lotan zaudela ere ezin diozu pentsatzeari uzi... arnasa ez hartzeko deliberoa hartu arren, ezin dituzu nahita ere pentsamenduak alboratu...; esperientziak, berriz, pentsamendu edo sentsazio baten inguruan soilik finkatzea eragiten du. Mundutik aparte.

JOXEK: Irakurtzen bezala?