Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

 

“Bazter itzazue alegoriak eta hutsak diren hipotesiak ! Betiko galdera madarikatuei erantzun zuzenak emaizkiezue”

Heinrich Heine in “Zum lazarus” (1853)

 

 

HITZAURREA

 

            Hamaika ate dituen Xalimen hiria honi ate berri bat jartzeko eskaini dit Fito lagunak, eta nik, uros, baietz, atariko bat idatziko dizut, eta urriko goiz hotz eta siku honetan, institutura joan aitzin, Erreniegako haize erroten argi gorriak ikuskatzen ditudano, galderak bilatzen hasia naiz zakutoan ditudan erantzunendako, erantzun guztiendako posiblea ez bada ere.

            Nor ote da zaintzan dabilen Artizarne hura, Xalimen hiriaren atez ate garamatzana, gizateriaren arazoetan arazoenetakoa eskolario bihur haiei aletzen diena? Nahiko nuke neretako, institutuko zaintza gela itsusi horretan eman ohi ditugun ordu galdu guzti horietan, Artizarneren eraman handia, eta datozkidan ikasle irriberei, horren oldarkor hartu gabe, elkarbizitzaren lehenbiziko ikasgaia ematea, xaloki, lagunarte ederrean, solasean. Baina ikasleok palestinartuegi zaizkigu, intifadaka, irakasleok sionistatuegi gauden ber, harresika, eta gure arteko kalapitak bere horretan dirau, betierekotzen, irakatsi nahi ez dugunon eta ikasi nahi ez dutenen arteko lehi antzuan, munduak mundu darraieno. Ez da erakusgarri makala Artizarnek berak ematen diguna erantzun borobilak ematen ez dakien irakaslea dela esaten digunean, eta ez litzateke abiapuntu txarra norberak daukan erantzukina bilatu ostean, berau onartuta, aurrera egiten hastea.

            Ez dakar Fitok proposamen zehatzik, Xalimen hiriko aferaz. Ez digu esaten zeinena den errua, edo nori zor zaion konpensazioa. Baina, ez al da hori jarrera zintzoena? Hausnarketa moltsoa plazaratu digu, gelaz kanpoko elkarrizketa galduan, pasabidean edo, inorena ez den tokian alegia, klaustrokidea ez den irakasle batekin, Artizarnerekin, Jerusalem bera sortu zuen Xalim jainkosa odoltsu harekin lotu daitekeena edo, eta hortxe ditugu Josu, Miren eta Joxe ikasle —kanporatuak hauxe kasualitate onomastikoa!—, elkarbizitza eta herritartasuna eskola hartzen.

            Zergatik mintzatu behar da Jerusalemez? galdetzen du Joxek, Jerusalemen gerran ari direlako, erantzuten du Artizarne andereņoak, eta urruneko liskar horrek baldintzatzen ditu hain zuzen ere, bai egun munduan dauden gerrak eta baita orain arte izan diren gainerako gerra gehienak ere. Askotxo dela pentsa liteke, baina ez dabil sobera okerturik Fito. Gurean ere, nola ez. Eta denboran oso atzera joan gabe hortxe ditugu azken gurutzada santuan oihukaturiko Dios, patria, rey zein jel leloak, elizak erre nahi zituztenekin batera, naski. Elkarbizitza ez zen orduan ikasten eskolan, baina egun antzeko leloak marmarikatzen dituztenek ere objezioa egiten diote herritartasunari, eta Xalimen gurpilak nekez duke etenik.

            Baina guztiarekin ere itxaropentsu zaigu Fito, hala behar, eta itxaropen hura ere darabilen umore zipriztinetik dario. Eta eskertzekoa da, izan ere, gerra tristea baita, eta bakean barrea da ozena, barrea baita gerraren aurkako armarik eraginkorrenetakoa. Fitoren umorea hizkuntzatik dator nagusiki, hitzen balio polisemikotik, euskaratik beratik, eta horregatik Gomorrakoak gorrak dira eta antisemiten ondoan antikamitak daude.

            Baina hitz jokuek ez diote testuari pisutik arintzen, eta Fito busti da busti denez. Egun erlijioaz horrela idaztea ez da gauza arrunta, ezta segurua ere, mendebalde handian zein gure txikian. Fundamentalismoaz ardura mintzo da bertako integrismo zahar eta berrituaz ahantzirik edo ikusi nahi gabe, eta Ameriketatik heldu nahi den kreazionismo eta Bible Belt sasi zientzia hurbileko sekta zenbaiten ariora loratzen hasia da nola mihura zuhaitzetara.

            Arrazoi du Artizarnek irailaren hamaikakoak mundu osora egoera berri bat ekarri zuela dionean, nazien holokaustoak gizaterian sortarazi zituenen pare. Ezin da halakoetara iritsi, eta elkarbizitzan aurrera egin beharra dago, elkarrizketaren bidetik, negoziazioaren bidetik, demokraziaren bidetik, bestela ez da berrikuntzarik izanen, lehengo lepotik burua jarraituko da, eta soilik eginiko triskantzaren tamainaren araberako etsipenak ekarriko gaitu atzera hausnarketa abiapuntu honetara ziklikoki. Luxuzkoegia ordea, aurki guztiok zanpart eta leher nahi ez badugu bederen.

            Eta hori du on ere Xalimen hiria honek, gutaz gutxi badihardu ere, gureak ere bor-borka dirakiela orriotan, Xalimen hiriaren tragedia gurea ere badela, Euskal Herriaren tragedia alegia, eta palestinarrak zein israeldarrak dauden bezala, euskaldun zein espainiar/frantsesak bagaude, arazoa are konplexuago bilakatzen diguten aldaera guztiekin, historia erabilera berarekin, hizkuntz afera lagun, eta elkarbizitzan urratsik eman nahi ez dutenekin. Fitok ehundu digun elkarrizketa, Palestina-Israel arazoaren inguruan, gure arazo nazionalaren alegoria dugu, eta gutako bakoitzak, honetan aktore dabilen neurrian, erantzukizuna ere badu. Hasteko, eta Artizarne andereņoaren aholkuari jarraikiz, norberari galderak egiten, erantzuten, erabakitzen uztean eta gauzatzeko bermeak eman ahal izatean datza arazoaren konponbidea. Ez diezaiogun bada objezioa egin.

            Ahitzeko hitz bakan bat testuaren generoaz, testu tipoaz. Ezin isilik egon. Zer dugu Fitok oraingo honetan —berriz ere?— eskaini digun testu hau? Antzerkia, saiakera, gazte literatura, gidoi zinematografikoa...? Eta zer axola zaigu, bestalde? Zein da egilearen asmoa? Norentzat idatzi du? Lortzen al du bere helburua? Hanpatasunik eta negarberarik gabe, hau da, sotiltasunez, arazo larriez dihardu, ba al da bide aproposagorik gauzak benetan konpondu eta aldatu nahi dituenarendako? Egiatasuna dario testuari, eta hori balio handia da. Erabilera handiko liburua begiztantzen zait, eskolan dudik gabe, baina haratago ere, irakurketa publiko batean, Josu, Maria, Joxe eta Artizarne andereņoarekin. Utziko al didate filosofia irakasle erretxinarena jokatzen?

Joxemiel Bidador