Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

2. Jaffakoko atea

 

ANDEREŅOAK: Kaixo!

JOXEK: Zein zara zu?

ANDEREŅOAK: Artizarne

JOXEK: Eta zer egiten duzu hemen?

ANDEREŅOAK: Irakaslea naiz

JOSUK: Gu zigortuta gaude.

ANDEREŅOAK: Horregatik nator.

MIRENEK: Aspertuta ere bagaude...

ANDEREŅOAK: Normala da. Hemen ez dauzkazue ohiko gelakideak muturka aritzeko. Bakartuta zaudete.

JOXEK: Zertara etorri zara zu?

ANDEREŅOAK: Jerusalemi buruz hitz egingo dizuet...

JOXEK: Baina hau ez da erlijioaren ordua...

ANDEREŅOAK: Ez. Zuek elkarbizitza zer den ikasi behar duzue oraindik, bestela ez zinatekete hemen, zeuen gelatik kanpo, egongo...

MIRENEK: Eta guri errieta egitera bidali al zaituzte?

ANDEREŅOAK: Herritartasuna da oraingo ikasgaia, zuek behar duzue eta. Beraz, ez gara erlijioaz arituko...

JOXEK: Eta orduan, zergatik mintzatu behar da Jerusalemez?

ANDEREŅOAK: Jerusalemen gerran ari direlako.

JOXEK: Gerra hura urrutiegi dago, ordea.

ANDEREŅOAK: Urruneko liskar horrek baldintzatzen ditu hain zuzen ere, bai egun munduan dauden gerrak eta baita orain arte izan diren gainerako gerra gehienak ere...

JOXEK: Zergatik?

ANDEREŅOAK: Haatik.

JOXEK: Horixe arrazoia!

ANDEREŅOAK: Arrazoirik ezaren kondaira baita gaur kontatu nahi dizuedana. Ustez, Bakearen hiri zena, nola odol nahiz oinazeen hirigune bilakatu zen. Hiritartasuna irakasteko, bada, funtsezkoa. Beraz, zer dakizue Jerusalemi buruz?

JOXEK: Israelen dagoela.

JOSUK: Ez, Palestinan!

ANDEREŅOAK: Ongi, gehiago...

JOXEK: Israelgo hiriburua dela.

ANDEREŅOAK: Gaizki!

JOXEK: Palestinakoa, beraz...

ANDEREŅOAK: Ez bata eta ez bestea...

MIRENEK: Andereņo..., non dago eta nongo hiriburua da Jerusalem?

ANDEREŅOAK: Batzuek beren hiriburua dela diote, baina, ofizialki, ezin esan inongoa denik, eta kokapenaz... batzuek Israelen dagoela diote eta besteek Palestinan. Egia esanda, banatuta dago.

MIRENEK: Zer dago banatuta, horri buruzko iritzia?

ANDEREŅOAK: Irizpidea eta hiriaren kokapen fisikoa bera ere bai.

MIRENEK: Hiria erdibiturik al dago?

ANDEREŅOAK: Bai, hura eta inguru osoa harresi handiaz banatu dituzte barruti desberdinetan.

JOXEK: Aspaldidanik ditu Jerusalemek harresiak!

ANDEREŅOAK: Jakina, hamaika ate dituztenak, baina ni harresi berriaz ari naiz. Oraindik eraikitzen ari diren hormaz...

JOSUK: Eta zertarako ari dira egiten pareta bereizgarri haiek?

ANDEREŅOAK: Iritzi desberdinak dauzkatenak bereizteko, hain zuzen...

MIRENEK: Zer-nolako usteak ekar lezazke jendea bereizi beharrak?

ANDEREŅOAK: Adibidez, hautu erlijiosoak, hain justu edo...hain injustu!

JOXEK: Erlijioaz ez duzula hitz egingo esan duzu.

ANDEREŅOAK: Ez dut hori adierazi. Herritartasunaz arituko garela esan dizuet eta, horretarako, Jerusalemen adibidea hartuko dudala hizpide.

MIRENEK: Kontatu, bada.

ANDEREŅOAK: Jerusalemgo oraingo agintariek, israeldarrek, Jerusalem izendapena Dabid errege juduak ezarri ziola diote haren hizkuntzan Shalem (Bakearen) tokia izendatzeko. Palestinarrek, aldiz, Al Quds deitzen diote (Santua) eta beren hiriburua dela, edo izango dela diote. Egiptoar kronika zaharretan (K.a. 1850ean), berriz, Jerusalemen aurrekaria den Hurushalimu izeneko herri izena agertzen da, Xalimek sorturiko hiria omen dena, eta aipatu Xalim hura, berriz, orduko Venus jainkosa odoltsu bezain ankerra besterik ez zen.

JOXEK: Baina benetako izena, zein da?

ANDEREŅOAK: Jerusalem, noski. Gertatzen dena da toki hartan gerra dagoen bezalaxe, hango gizakien hizkuntzen artean ere borroka dagoela eta, hiztunen artean bezainbeste, gizatalde bakoitzaren zientzialari, hizkuntzalari eta erlijioen artean ere liskar bizian daudela.

JOXEK: Beraz, oraingo mokokaldia behintzat, ez da soilik erlijioa dela medio izaten ari.

ANDEREŅOAK: Aurretik ere ez. Erlijioa, aipatutako aspaldiko kalapitekin batera, lehiarako beste eremu bat besterik ez da. Beno, egia esanda, gure kasurako behinik behin, garrantzi handia duen arloa da. Izan ere, ezin esan Jerusalemen muntak, juduen, kristauen eta islamdarren hiru erlijio nagusietan pisu handia daukala bakarrik, haietariko bakoitzak dituen erlijio azpimultzo anitzetan ere, badu garrantzia.

JOXEK: Zer esan nahi duzu horrekin?

ANDEREŅOAK: Kristau sinesmena ez dela bakarra, esate baterako. Han, Eliza Katolikoak dituen gurtza-tokietan koptoak, armeniarrak, etiopiarrak, ortodoxoak edota erromatar erritoaren aldekoak dauden bezala, Jordan ibaian kristau protestante adbentistak, ebanjelikoak eta abar ere aurkituko ditugula. Halaber, juduak, karaitak eta hasidiak, zurrunak edo laxoak izan daitezke, mahometarrak, bestalde, ismaeldarrak, sunitak, xiitak eta Hanbal edo Wahhab zaleak diren bitartean. Horretaz guztiaz gain, ingurune bera maite eta zaindu nahi duten aurreko erlijioen arteko nahasketak ere badaude: Christian Embassay-ko kristau sionistak edo shisan islamdar kirkasiarrak kasu. Baita antzinako Pertsiatik edota Siriatik zaharberritutako bahi moduko sinesmen hermetikoak ere...

JOSUK: Erlijioak dauden tokietan bakerik ez, andereņo!

ANDEREŅOAK: Ez pentsa, erlijioak gainditu nahi izan zituen sionismo politikoak, erantzukizun handia du gerra garaikideetan. (edo ... politikoak, badauka eduki erantzukizun politikorik gerra garaikideetan)

JOSUK: Politikak eta erlijioak ez dute batere antzik. Batak praktikoa bezain arrazoizkoa behar du izan eta besteak, berriz, alderantzizkoa...

ANDEREŅOAK: “Xalimen gerretan”, erlijioak bezainbeste eragin du politikak, ordea.

JOXEK: Nolatan?

ANDEREŅOAK: Gure Aitaren idazki zaharrena gordetzen zen toki berean, Suitzan, hasi zen eratzen, 1897an eta Teodoro Herzlen eskutik, Jerusalemgo erlijio guztiez gain, munduko juduen baketokia eraiki nahi izan zuen sionismoaren ideologia politikoa. xx. mendearen hastapenetan, 1909an, lehenengo nekazaritza-bilgune utopikoa (kibutz-a) ezarri zuten Tiberiades aintziraren ezpondetan. Beraz, ezin arrazionalago eta baketsuago hasi zen, nahiz eta, handik gutxira, egun odoletan dagoen zauria irekitzen hasi izan.

JOSUK: Nekez uler daiteke...

ANDEREŅOAK: Horrek, noski, bere garapena behar izan zuen. Lehenengo Mundu Gerrarekin batera, turkiarrek Jerusalem galdu eta britainiarrek, aldiz, Palestina osoa eskuratu zuten. Azken hauek, 1917an, “Balfour” deituriko agiriaren bidez, lur haietan egoteko juduen eskubideak onartu zituzten eta horren ondorioz, Bigarren Mundu Gerra amaitu arte, etengabeko lipizta sesioa zabaldu zen. Naziek eragindako Genozidioren aurretik, bada, hain nabarmena zen biztanle juduen gorakada (aliah, hebraieraz), ezen, 1936an Jerusalemgo palestinarren agintariak haien aurka matxinatzeko proposatu zuela. Gauzak horrela, Nazio Batuen Erakundeak, Palestina bitan banatzea onartu zuen 1947an. Palestinarrek ez zuten hura onartu eta, hortik aurrera, hasi zen juduen independentziarako gerra. Juduek Tel Aviv aukeratu zuten hiriburutzat eta Ben Gurion lehen ministro. Inguruko arabiar gobernuek, etsita, su-etena adostu zuten 1949an Israelgo estatua onartuz eta, Palestina, Jordania eta Egiptoren artean banatuz. Ez zuen asko iraun hitzartutakoak. Alde batetik, palestinarren ezinegonak arabiar gobernuak gerrara eraman zituen berriro ere 1967an, eta bestetik, mota guztietako juduen etorrerak (askenaziak, sefardiak, etiopiarrak, etab...) lurraren premia areagotzen zionez, Israelek orduan gerra zela medio eskuratutako lurraldeak bereganatzera jo zuen Nazio Batuek (242. ebazpena) aurreko mugetara itzultzea derrigortu arren. Horri kasu egin nahi ez izanak ekarri zuen 1973ko gerra ( Yom Kippur deitua) zeinetan 1967az geroztik ezarritako mugak finkatu zituen nahiz eta Nazio Batuek berriro ere, 338. ebazpenaz, hasierako lurraldeetan banatzea berretsi zuen. Eta, gutxi gorabehera, gauzak horrela daude orain...