Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

6. Ate hirukoitza

 

JOXEK: Hori da hori!. Nik uste nuen erlijioaz edo politikaz hitz egin behar izango genuela baina nazionalismoari buruz aritzea beste gauza bat da.

ANDEREŅOAK: Gauza bera da mutiko!

JOXEK: Baita zera ere!

ANDEREŅOAK: Frantziako Iraultzaren karietara “Gizonaren Eskubideen Agiria” plazaratu zenean...

MIRENEK: Ez al da gizakiona?

ANDEREŅOAK: Ez, zoritxarrez. Galde egiozu bestela zergatik Iraultzak berak Olimpe de Gourges izeneko andrea akabatu zuen, aipatutako agirian emakumezkoen eskubideak aldarrikatu nahi izateagatik, hain zuzen. Iraultza gizonena soilik izan zen, tamalez...

JOXEK: Eta?

ANDEREŅOAK: Testu horretan, historian lehenengo aldiz, subirautza herrian datzala eta ez erregearengan idatzita utzi zutela. Hortik aurrera burujabetza, bada, nazioari dagokio eta ez monarkiari orduko nazionalismoa ezkerrekoa izan baitzen. Ikuspegi-aldaketa horrek bukatu zuen Erdi Aroan zegoen otseintza (morrontza/neskametza). Hasiera besterik ez zen izan, zeren mundu osoan zehar zabalduriko mezu horrek Nazioen birsortze konstituzionala ekarri baitzuen eta antzinako erregeekiko mendekotasunaren partez nazioa bihurtu zen norbanakoen eskubideen berme.

JOXEK: Horixe esan dut nik beti. Nazionalismoa ezkerrekoa bezainbeste herritarrentzat berme ere badela.

ANDEREŅOAK: Halere, ez da beti horrela izan...

JOXEK: Zergatik?

ANDEREŅOAK: Egia da xix. mendeko lehenengo nazionalismo hura, errepublikarra zen neurrian, aurreko mendekotasunak hautsi egin zituela, baina xx. mendean, aldiz, tradizioari itsatsitako zintasunak eskuineko nazionalismoari bide eman zion eta inperialista bezain militarista izan zen mendea ekarri zigun.

JOXEK: Beste bat nazionalismoa gaiztoa dela diona...

ANDEREŅOAK: Ez jarri nire ahoan neronek esan ez dudana. Egon, badago, herrien eta herritarren askapena bilatzen duen nazionalismorik, baina, ezin uka, arrazakerian oinarritutako nazionalismoa ere badagoela.

MIRENEK: Eta horietariko zein dagokie juduei eta zein palestinarrei?

JOXEK: Eta zein espainiarrei eta zein euskaldunei?

JOSUK: Edota marokoarrei eta sahararrei..., baina erlijioa eta nazionalismoa gauza bera al dira?

ANDEREŅOAK: Zeini erantzungo diot ?

JOSUK: Denei..., nahiz eta nik galdetutakoa zuk batere azaldu gabe bota duzun lehenengo baieztapena izan.

ANDEREŅOAK: Egia esanda, dagoeneko gehiegi hitz egin dut eta botatako asko behar bezala argitu gabe gelditu da ziur aski... Ez, ez dut uste erlijioak eta nazionalismoak gauza bera direnik baina une jakin batetik aurrera nazioen trinkotasuna bermatzen omen zuten erlijioek galdu egin zuten horretarako gaitasuna eta, haien partez, ideologia nazionalistek ekin zioten gizartearen eraketari. Arazoa zeretik dator, garai batean erlijio bakoitzaren barruan batek gailendu behar zuelako tesiaren moduan eta, horren arabera, inguruko erlijioen aurka borrokatu zuten bezala, nazioen artean ere, badaudela batzuk besteen gainean ezarri direnak. Historian arazo bera da bi garai desberdinetan, boterearen egiturak eraikitzearena da arazoa, baina erlijioa eta ideologia nazionalak horretarako bitartekoak baino ez dira.

MIRENEK: Eta juduak eta palestinarrak?

ANDEREŅOAK: Horri buruz esan beharko nizuke juduak esatea ez dela batere zuzena...

MIRENEK: Ni ez naiz antisemita, gero!

ANDEREŅOAK: Ez eta antikamita ere... badakit. Baina Israel estatua, Espainia bezala, ez da egitura politiko konfesionala. Beraz, israeldar guztiak ez dira judutarrak. Areago, lehen, sionismoari buruz hitz egin dugunean, argi gelditu omen da Israel estatua sionismoak, hau da, nazionalismoak, eraiki zuela.

MIRENEK: Espainia eta Israel estatu laikoak al dira?

ANDEREŅOAK: Ezta pentsatu ere... Espainian, Eliza katolikoaren hezkuntza-sistema osoa, adibidez, Estatuak ordaintzen duen neurri berean, Elizari berari ere berea ordaindu egiten dio. Halaber, Israelen, Juduen eskubideak herritar arruntez harago doaz. Judu ortodoxoak Estatuaren bizkarrezur den derrigorrezko soldaduskaz kanpo egoteaz gain Knsseten (Israelgo Legebiltzarrean) zuzeneko ordezkaritza ere badute. Egun adibidez, Legebiltzarra hamazazpi alderdiren artean banatuta dago eta haietariko lau alderdi erlijiosoak dira eta beste bost, etnikoak (nazioaren jatorri-interes desberdinak defenditzen dituztenak...). Israelgo biztanleriaren laurdena arabiar jatorrikoa da (Palestinar Nazio Agintaritzaz apartekoa) baina jaiegun izan ohi diren larunbatetan, esaterako, etxeetako igogailuak etengabe doaz goitik behera eta alderantziz solairu guztietan geratuz, juduen egun sakratuetan ezin baita ezer piztu. Ustezko akonfesionaltasuna, bada, ez omen da denentzat berdina.

JOSUK: Ardiak bezala...

ANDEREŅOAK: Nola ardiak?