Larru Haizetara
Patxo Telleria
Larru Haizetara
Patxo Telleria
Artezblai, 2010

 

SEXU HIZTEGIA

 

PATXO: Horregatik guk hutsune hori betetzeko hiztegi bat egin genuen...

MIKEL: Bai, euskarak izkutuan duen sexualitate hori... Alegia, euskarak oso oso oso izkutuan duen sexualitate hori agerian utzi nahi genuen.

 

Liburua erakutsiko dute.

 

PATXO: Euskera-gaztelania-frantsesa: Izenburua, “Haz el amor, no la gerra”, “Faire l’amour pas la guerre”, “Larrua jo inor larrutu gabe”.

MIKEL: Pasarte batzu buruz dakizkigu.

PATXO: Goazen ba zenbait hitz gogoratzera...

MIKEL: Sexua bikoteka egin:

PATXO: Larrua jo.

MIKEL: Bakarka.

PATXO: Eskularru.

MIKEL: Lau lagun.

PATXO: Larrukote.

MIKEL: Orgia.

PATXO: Larruogeitapiku.

MIKEL: Orgia nazionalista.

PATXO: Larruak bat.

MIKEL: Libidoa.

PATXO: Larrugogo.

MIKEL: Kabaretera.

PATXO: Larrugogo.

MIKEL: Travesti.

PATXO: Larrutruk.

MIKEL: Orgasmoa.

PATXO: Larruikara.

MIKEL: Viagra.

PATXO: Larrujasotzaile.

MIKEL: Felazioa.

PATXO: Larrupatu.

MIKEL: Eta jakina, Estriptisa:

MIKEL eta PATXO: Larruaizetara!!!

 

mikel eta patxo biluzten hasiko dira, musika egoki baten laguntzarekin. Baina ikusle batek berarekin hitz egiten saiatuko balitz bezela egingo du patxok.

 

PATXO: Zer....? (...) Barkatu, ez dizut entzuten... Musikarekin...

 

mikelek bitartean, ezertaz konturatu gabe, berean jarraituko du. patxo ikuslearengana doa, eta belarria ikuslearen ahora hurbilduko du, honek zerbait esaten ari den itxurak egiteko. patxo kezkaturik agertuko da.

 

PATXO: Barkatu!! Barkatu jauna (edo andrea)!

 

mikel bitartean prakak jeisten hasi da. patxo beragana doa, ziztu bizian.

 

PATXO: Ez, Mikel, ez!! (Prakak igoko dizkio. Musika itzaltzeko eskatuko du. Publikoari) Barkatu. Hemen guk beti strep-tease bat egiten dugu.

MIKEL: (Prakak berriro jeitsiz) Strep-tease integrala, oso polita.

PATXO: Baina zuen kultur kontzejalak, badakizue nolakoa den herri honetako kultur kontzejala, esan dit “ez zaiola politikoki zuzena iruditzen biluztearena, hau ez dela berak euskaldun jatorrari buruz duen imajina...” Kontuak kontu, biluzten bagara ez dugu kobratzen.

 

mikelek prakak igoko ditu automatikoki.

 

PATXO: Eta terapia sexuala oso importantea da... baina dirua dirua da. Biluzik ikusi nahi bagaituzue, gure hurrengo emanaldia ikustera joan zaitezkete, xxxxx-n izango da.

MIKEL: Ez nago konforme. Streep-tease gabe, terapia honek ez du zentzurik, erridikuloa da. Eta ni ez nago prest erridikuloa egiteko!!

 

mikelek prakak erabat erantzi eta bere galtzerdien tiranteak agerian utziko ditu.

 

PATXO: Mikel, jantzi zaitez eta goazen aurrera.

MIKEL: Baina Patxo, ezin dugu amore eman. Gu artistak gara, non dago gure duintasuna?

 

mikel patxorengana hurbilduko da, prakak oinetan dituela, pinguino baten moduan ibiltzen, itxura ezin patetikoagoaz.

 

PATXO: Duintasuna?

MIKEL: Duintasuna, bai!!

PATXO: Nik ulertzen dizut, Mikel, baina artistak gara, eta artista batek jakin behar du poterearen aurrean batzuetan prakak jeitsi behar direla.

 

patxok prakak igoko dizkio.

 

MIKEL: Nik ez. Berdin dit kontzejala, alkate edo lehendakari, ni ez nago prest prakak jeisteko!

 

mikelek prakak jeitsiko ditu. patxok eutsiko dio.

 

PATXO: Mesedez!

MIKEL: Eta bestela, ni banoa hemendik.

PATXO: Itxoin, Mikel, guk ezin dugu biluztu... (Argia piztu zaio) Baina ikusleek bai...

MIKEL: Beno, ez da gauza bera izango, baina... Ea ba, nor animatzen da igo eta larruaizetara bat egitera?

PATXO: Zatozte hona. Eskenatokia ez da oso handia, beraz, zortzi baino gehiago ezin duzue etorri.

 

Zai geratuko dira, baina inor ez da animatzen.