Larru Haizetara
Patxo Telleria
Larru Haizetara
Patxo Telleria
Artezblai, 2010

 

“LEY DE VASCOS COMUNICANTES”

 

MIKEL: Keba! Inor ez... Ze tristea! Jakina, euskaldunak...

PATXO: Hau Burgosetik behera egingo bagenu, buah! Eskenatoki osoa beteko zen. Baina...

MIKEL: Euskaldunak oso kontserbadoreak gara. Oso motzak... Oso lotsatiak... Eta komunikatzeko sekulako arazoak ditugu.

PATXO: Hori lege fisiko bat da: “La ley de vascos comunicantes”: “Euskaldunak, infinitoraino iritsi arren sekula gurutzatzen ez diren linea zuzenak dira”. Eta Bilintxek ederki islatu zuen bere bertsoan:

 

Musika entzungo dugu. patxok eta mikelek dantza egingo dute paraleloan, sekula gurutzatu gabe.

 

PATXO: “Neska polita zara polita guztiz bai hala ere omen zaude oraindik ezkongai ezkon gaitezen biok esan zaidazu bai...

MIKEL: Ni zurekin ezkondu? Ni zurekin jajai!”

PATXO: Izan ere euskaldunak milaka eta milaka urte daramagu hemen, Kantauri partean. Hasieran, oraindik euskera inbentatu gabe zegoen eta inkomunikazioa erabatekoa zen. Arazoa konpontzeko, euskaldun tribu guztiak batu ziren: “homo erectus”, “homo interruptus”, “homo eiakulator”...

MIKEL: Homo frigidus...

PATXO: Eta euskera asmatu zuten.

MIKEL: Baina ai! Euskerak ez zuen komunikazio arazoa konpondu.

PATXO: Jakina, ze kobazulo batetik besteraino distantzia handiegia zegoen. (...) Hara, Mikel, orain arazo txiki bat daukagu...

MIKEL: (Lehengo ikusleari begira) Zer ba? Kultur zinegotzia berriro?

PATXO: Ez... Arazoa da... Gutako batek orain neskarena egin behar duela.

MIKEL: (Larri) Neskarena?

PATXO: Ez dago beste erremediorik.

MIKEL: Eta nork...?

PATXO: Bazorteak erabaki dezala. Txanpona aidera bota eta tokatzen zaionari, “Hor konpon, Marianton...” Edo “Mariantonia” kasu honetan. Gero nahi baduzu, txandaka egingo dugu. Baina lehenengoa nork egingo duen jakin behar dugu. Ados?

MIKEL: Bai. Beste erremediorik ez badago... ‘

 

patxo txanpona aidera botatzeko planta egingo du. mikel oraindik gora begira dagoenean, patxok txanpona eskuaz jasotzeko planta egingo du.

 

PATXO: Zuk neskarena egin behar duzu.

 

mikelek izkutuan, pozezko keinua egingo du. patxok ez du ikusiko.

 

PATXO: Imajinatu kobazulo batean Maria Magda... Maria Magda... Nola zen?

 

mikelek emakume papera hartuko du, peluka zantar bat ipiniaz.

 

MIKEL: Maria Magdaleniense...

 

patxok inbidiaz begiratuko dio mikeli. Uste baino hobea da neskarena egitea.

 

PATXO: Hori da. Eta beste kobazulo batean, beste homo erectus bat: Ander. Ander Tal.

 

patxo mutilaren ezaugarriren bat jantziko du.

Oihuka hitz egiten dute. Kobazulo batetik bestera hitz egitean oihartzuna sortzen da.

 

PATXO: Australopitekus polita zara... zara... zara... zara...!!!

MIKEL: (Bere kabuz) Sara? Norekin ari da ba, ni Maria naiz, nor izango da Sara hori? Pelanduska bat, seguru.

PATXO: Polita guztiz bai... bai... bai...!!!

MIKEL: (Bere kabuz) Eta baietz esaten dit, lotsagabeak!

PATXO: Hala ere omen zaude oraindik ezkongai... gai... gai...

MIKEL: (Bere kabuz) Gay? Gay dela? Gay, Sararekin... Nirekin... Palo guztietara apuntatzen da hau!

PATXO: Apareatu zaitez nirekin, esan zaidazu bai, bai, bai!!!

MIKEL: Ni zurekin apareatu? Ni zurekin jajajajajaiiiiiiiiiiii!!

PATXO: Inkomunikazio latza. Hori konpontzeko inbentatu zuten euskaldunek txalaparta.

 

biak txalaparta jotzeko itxurak egiten. Txalaparta entzungo da, “Ni zurekin ja jai” doinuarekin. patxok lehenengo hiru bertsoen musika joko du, eta mikelek, erantzunez, laugarrena.

 

PATXO: Polita dirudi ezta? Hara, berriz joko dugu, baina itzulpen simultaneoarekin.

 

Berriro txalaparta jotzeko imintzioak egin baina oraingoan zarata barik hitzak entzungo ditugu.

 

PATXO: Dama txukurrun polita zara, polita txakun txakun guztiz txukurrunkun bai, ala ere omen txukurrunkun zaude oraindik txakun txakun ezkongai. Txakun Ezkonzaitez txukurrukutxun nirekin, esan zaidazu txukurrukutxun bai.

MIKEL: Ni zurekin txakun txakun? Ni zurekin txis pum!!

PATXO: Hemeretzigarren mendean telegrafoaren garaia heldu zen.

                        “Ni zurekin jajai” bertsoaren doinuaz:

                        Marra punto ta punto, marra punto ta pun

                        punto marra ta punto, punto marra ta pun

                        marra punto ta marra, marra marra ta pun

MIKEL: punto marra ta punto, punto ta marrano.

PATXO: “No” horrek ezetz esan nahi du. Geroago beste asmakizun bat heldu zen, walki-talkia.

 

Walki talki bana hartu eta bakoitza eskenatokiaren mutur batean.

 

PATXO: Neska polita zara, polita guztiz bai, txanda.

MIKEL: Zer? Entzuten dizut nahiko txungo, txanda.

PATXO: Ze esan duzu...? Txungo... zera txunda... zera txanda?

MIKEL: Txandal, txanda?

PATXO: Ez, txanda, espainiako himnoaren letra bezala (Kantatuz) “Txanda txanda tatxan tatxan tatxanda...”, txanda.

MIKEL: Baina, hori ez da “Txundatxundatatxan tatxantatxunda...”?, Txanda.

PATXO: Egia da, “txunda txunda”! Txanda txanda... Zera, txunda... Zera, txanda.

MIKEL: Zertan ari ginen, txanda?

PATXO: Eh? Ah, bai. Neska polita zara, txanda.

MIKEL: Etzanda, txanda?

PATXO: Etzanda eta zutik. Hala ere omen zaude oraindik ezkongai. Ezkon gaitezen biok, esan zaidazu bai, txanda.

MIKEL: Artxandan, txanda?

PATXO: Artxandan edo nahi duzun tokian ze nago zeharo katxondo, txondo... Zera, txanda.

MIKEL: Ni zurekin Artxandan? Ni zurekin txanda eta moztu.

PATXO: Gaur egun komunikazioaren urrezko aroan omen gaude: internet, mobilak... eta batez ere sms-ak.

 

patxo mobilean ari da tekleatzen.

 

MIKEL: Ui, sms bat! (Irakurtzen) Nsk plta zra, plta gtz bi, hler men zde orndik skngi, zkn gitzn bik, sn zadzu bi.

 

mikelek erantzuna idazten dut. patxok jasotzen du.

 

PATXO: (Irakurtzen) N zrkin zkndu? n zrkin ji ji.

 

Orain biak gazte raperoz jantzita. Skatean ibiltzeko itxurak eginez, erdian elkartuko dira.

 

MIKEL: Aupa, Patxo.

PATXO: Koño, Mikel.

MIKEL: Zer, nobiaren sms bat?

PATXO: Aha.

MIKEL: Eta zer dio?

PATXO: Puta idearik ez, enborra.

MIKEL: Bagoaz botellon bat egitera?

PATXO: Guay.

 

Nor bere aldetik doa.

 

PATXO: La ley de vascos comunicantes. Zorionez, beti geratuko zaigu sexu telefonikoa.

MIKEL: Oh, bai!

 

Telefono numero bat markatzen du mikelek.

 

EMAKUMEA: (Off) Este es el servicio telefónico sexual de Vanessa. This is the Vanessa’s sexual telephone service. C'est le service telefonique sexuel de Vanessa. Hau Vanessa-ren telefono sexuala da. Quieres gozar conmigo en castellano? pulsa 1. Do you want to take pleasant with me in english? Then push 2. Voulez vous plasentir avec moi en français?, Pulsez 3. Euskaraz gozatu nahi al duzu nirekin??

BIAK: Bai!!!!

EMAKUMEA: (Off) Lotsagabe zikina!! Kolgatu oraintxe bertan, zaplasteko bat ematea nahi ez baduzu, zerria!! (...) Lotsarik ere ez duzu ta!!

 

patxo eta mikel, lotsaturik, izkutatu egingo dira.