Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Booktegi, 2017

 

GERNIKAKO ARBOLA

 

PATXO: Zer Mikel? Arazoren bat?

MIKEL: Ez, bat ere ez. Oso ondo aritu zara. Akaso labur xamarra izan da, bestela primeran.

PATXO: E, Mikel, ez joan hortik, e… Hartu humorez.

MIKEL: Ados! Humorez hartuko dut.

PATXO: Hori oso inteligentea da zure aldetik! Goazen aurrera, euskararen historiarekin. Ezinezkoa da Euskal Erdi Aroaz hitz egitea Gernikako Arbola aipatu gabe.

MIKEL: (Kantatuz, txantxetan) “Gernikako Arbola”

PATXO: Gernikako arbola…

MIKEL: (Kantatuz, adarra jotzeko asmoz) “Gernikako Arbola”

PATXO: Gure instituziorik begetarianoena da.

MIKEL: Zein?

PATXO: Gernikako ar…

MIKEL: (Kantatuz) “Gernikako Arbola…”

PATXO: Beno, nahikoa da!!

MIKEL: Zer?

PATXO: Utziozu ba hori egiteari!

MIKEL: Zer?

PATXO: Jode, Gernikako arbola esaten dudan bakoi…

MIKEL: (Kantatuz) “Gernikako Arbola…”

PATXO: Jode…!!

MIKEL: Ah, hori! Molestatzen zaitu?

PATXO: Bai!!

MIKEL: Ba hartu humorez.

PATXO: Eta zer moduz ez baduzu berriro kantatzen??

MIKEL: Ados. Tolerantea naiz. Ez dut berriro kantatuko.

PATXO: (Publikoari) Gernikako arbolaren azpian…

 

mikelek melodia tarareatzen du hortz artean.

 

PATXO: …erabaki garrantzitsuak hartzen ziren. Baina jende gutxik daki, toki berean euskarak beste aurrerapauso ikaragarria eman zuela.

 

patxo Bizkaiko Jaun-az jantzi da, Lopez de Haro bat. patxo taulada moduko batera igoko da. mikel publikoaren artean dago. Ez du pankarta ikusi oraindik.

 

MIKEL: (Publikoari) Nire senarro da. Bizkaiko Jauno. Don Diego López de Haro. Guapo ezta? (patxori) Diego!! Diego!!

PATXO: Nor…? (Abotsa nondik datorren ikusten duenean) Ah, maitea, etorri zara?

MIKEL: Lepoa!

PATXO: Zer?

MIKEL: Lepoa, laztano, zuzendu ezazu, oker daramazu eta.

PATXO: (Lotsatuta konpontzen du) Ah… Eskerrik asko, maitea.

MIKEL: (Publikoari) Jatorro da, oso jatorro, baina arroparako desastre hutso da. Eta mantxak…! Ez dago banketerik, lanparoi batekin bukatzen ez duenik…!

 

patxok hasperen egiten du.

 

MIKEL: Bai, laztano?

PATXO: Gernikako Arbolaren…

 

mikelek kanta tarareatzen du.

 

PATXO:  …azpian gaude, maitea, eta ez etxeko sutondoan.

MIKEL: Eta?

PATXO: (Paperak erakutsiz) Utziko didazu?

MIKEL: Oh, bai, laztano, barkatu.

PATXO: Ez da ezer, Maitea. (Papera irakurriz) “Bizkaitarrok!! Gaztelako erregeak zergak igo nahi ditu, eta gu preokupatuto gaude. Preokupatuto eta kezkatuto. Une honetan denok egon behar gara batuto…

 

mikelek eskua altxatuko du.

 

MIKEL: Barkatu laztano.

PATXO: Bai, maitea?

MIKEL: Herri honetan emakumeak ere badaude!

PATXO: Badakit, Maitea. Hain zuzen ere ni zurekin ezkonduto nago. Eta hori ezin daiteke ahaztu.

MIKEL: Eta orduan zergatik baztertzen gaituzu?

PATXO: Noiz baztertu zaitut nik, maitea?

MIKEL: Orain. Gizonezkoei bakarrik hitz egiten diezu. Bizkaitarrok, preokupatuto, kezkatuto… Emakumeak ere preokupatuta eta kezkatuta gaude!

PATXO: Badakit, maitea. Eta orain barkaidazu. (Berriro irakurtzera doa) “Ez bagaude denok batuto…”

 

mikelek berriro eskua altxatauko du.

 

MIKEL: Barkatu, laztano.

PATXO: Bai maitea?

MIKEL: Mesede bat eskatu nahi dizut: sartu emakumeak ere zure diskurtsoan.

PATXO: Baina maitea, nola nahi duzu ba esatea: “Bizkaitarrok eta Bizkaitarrak, preokupatuto eta preokupatuta gaude, kezkatuto eta kezkatuta. Denok eta denak batuto eta batuta…”?

MIKEL: Ez, jakina. Hori gogaikarria da.

PATXO: Ba horrexegatik, maitea. Maskulinoa erabiltzen dugunean, modu generikoan, gizon eta emakumeei buruz hitz egiten ari gara, inor ere baztertu gabe. Ulertzen? Konbentzio linguistiko bat besterik ez da. Eta orain, zure baimenarekin, jarraituko dut, oso atzeratuto nabil. (Papera irakurriz) “Bizkaitarrok…”

MIKEL: Barkatu, laztano.

PATXO: Bai, maitea?

MIKEL: Eta zergatik ez duzu alderantziz egiten?

PATXO: Barkatu?

MIKEL: Zergatik ez duzu dena femeninoan esaten?

PATXO: Txantxetan ari zara, ezta? Eta gizonezkook zer?

MIKEL: Femeninoa erabiliz, modu generikoan gizon eta emakumeei buruz hitz egingo genuke, inor baztertu gabe, ez? Konbentzio linguistiko bat.

PATXO: Maitea… Publikoa gure eztabaidaz nekatuto dago.

MIKEL: Eta nekatuta!

PATXO: Eta nekatuta, bai. Hara… Gauean hitz egingo duzu horretaz, ados?

MIKEL: Ez, laztano. Orain.

PATXO: Baina…

MIKEL: Orain!

PATXO: Ondo da… Kasu egingo dizut, ikusiko duzu zeinen gauza erridikuloa planteiatzen ari zaren. (Papera irakurriz)Bizkaitarrak!!...

 

Barreak. patxok femeninoan esaten dituen hitzak enfatizatzen ditu, barrea eragiteko asmoz.

 

PATXO: …Gaztelako erregeak zergak igo nahi ditu, eta gu preokupatuta gaude…

 

Barre gehiago.

 

PATXO: Preokupatuta eta kezkatuta…!

 

Barre algara.

 

PATXO: Une honetan denok egon behar gara batuta… (Musika zuzendariaren keinua egiten du, batuta erabiliz bezala) Batuta!!

 

Barre algara zaratatsua.

 

PATXO: Denak batuta aldarrika dezagun, Gora Herria Astakaltuta!!!

 

Barreak.

Barre algaren gainean patxo badoa. mikel, bere tokitik.

 

MIKEL: Bizkaiko Jaunak ezin zuen imajinatu ere egin handik gutxira emaztearen amets hura egia bihurtuko zenik. Ordutik, euskara munduko hizkuntzarik feministena da… Ah, eta Bizkaiko Jaunak, gau hartan, sofan egin zuen lo.

 

iluna