Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Booktegi, 2017

 

GERNIKA

 

MIKEL: Lehenengo gerra karlistaren ostean, bigarrena eta hirugarrena etorri ziren. Horrekin aski ez eta xx. Mendearen hasieran Gerra Zibila hasi zen.

PATXO: Euskarari dagokionez, garai hartan, Sabino Aranaren eraginez, fenomeno berria sortu zen, garbizaletasuna. Erderarekin antza zeukaten hitz guztiak gaizki ikusiak zeuden. “Erderakadak” omen ziren. Orduan asmatu ziren gaur egun normaltzat hartzen ditugun hitzak: Lehendakari, Ikurrina, Antzerkia… Beste batzuk arrakasta gutxiago izan zuten: berebila…

MIKEL: Noren bila?

PATXO: …Autoa; Urrutizkina: telefonoa; Bultzia: trena… Gerra zibilean gaude. 37. urtean. Gernika ondoko kuartel batean. Gudari bat guardia egiten.

 

mikel guardia egiten ari da. patxo hurbiltzen zaio.

 

PATXO: Guardia egiten?

MIKEL: Erdarakada!

PATXO: Barkatu, zaintza egiten?

MIKEL: Bai.

PATXO: Ta?

MIKEL: Nobedaderik ez…

PATXO: Erdarakada!

MIKEL: Barkatu, berririk ez.

PATXO: Laguntzea nahi?

MIKEL: Milesker. Lau begik bik baino hobeto ikusten dute. Gernika ondo zainduta egongo da gurekin.

PATXO: Belar-erregarri-paperean-tolestu bat?

MIKEL: Zer?

 

patxok zigarroa eskaintzen dio.

 

MIKEL: Ah! Ziga… Belar-erregarri-paperean tolestu bat! (Hartzen dio) Milesker, gogoa daukat, akeita hartu dut orain dela gutxi!

PATXO: Akeita?

MIKEL: Kolonbiar hazi errea eta birrindua, uretan egosia.

PATXO: Ah, kafea! Zera, akeita, bai! Nik, hartzekotan, kitzigarrigabea hartzen dut.

MIKEL: ¿(…)?

PATXO: Deskafeinatua. Bestela urduri jartzen naiz. Tauro naiz.

MIKEL: Erdarakada!

PATXO: Egia, barkatu. Zezenaga.

MIKEL: Ni arraineta.

PATXO: Sendia duzu?

MIKEL: Bai. Bi seme. Bata dardaindariztia.

PATXO: Hola!

MIKEL: Elektrizista.

PATXO: Ah… Gure etxean tximistargiztia esaten diogu.

MIKEL: Eta bestea osakina da. Otorrinolaringologo.

PATXO: Sudurreztarribelarriztia. Non ikasi du?

MIKEL: Beltzerrian. (…) Maketerrian. (…) Espainian!

PATXO: Ah! Gaixoa!!

MIKEL: Gaixoa, bai.

 

Isilunea.

 

PATXO: Gotzon bat pasatu da.

MIKEL: Igaro.

PATXO: Barkatu: Igaro bat pasatu da. Gure etxean aingeruari gotzon esaten diogu.

 

Alarma bat entzuten da.

 

MIKEL: Zuk nola esaten diozu horri?

PATXO: Gure etxean, “babes-deiadarra”.

MIKEL: Polita. Guk “Arrisku-hotsa”.

PATXO: Polita ere.

 

Abioi zarata entzuten dute. Zerura begira geratzen dira.

 

PATXO: Begira… Abio… Zera… Helizearen bultzadaz baliatzen diren aireko ibilgailuak.

MIKEL: Hegazkinak.

PATXO: Ah, jode, egia.

 

Bonba hotsak entzuten dira.

 

PATXO: Zer arraro. Zeruan hodeirik ez eta trumoiak entzuten dira.

MIKEL: Ez dira trumoiak…

PATXO: Barkatu. Zeruburrundotsak.

MIKEL: Ez.

PATXO: Hodeiburrunbak.

MIKEL: Ez.

PATXO: Tximist-zaratak.

MIKEL: Ez. Hegazkin jaurtigailuak!!

PATXO: Hegazki zer?

MIKEL: Bonbak!!!

PATXO: Erdarakada!!

 

Bonba batek lehertzen ditu.

 

iluna