Miss Karaoke
Oier Guillan
Miss Karaoke
Oier Guillan
EHAZE, 2021

 

Sar hitza

 

ehaze-Antzerkizale elkartea

 

            Bistan da ehazek —Antzerkizaleen Elkarteak— euskal antzerkiaren aniztasunaren isla eskaini nahi izan duela orain arte kaleraturiko argitalpenekin. Modu horretan, erakunde gisa, ez dugu inoiz agertu nahi antzerki mota zehatz edo jakin baten alde, guztiz kontrara baizik. Gure ibilbide laburrean, eta ahal izan dugun neurrian, ale batetik bestera zerbait ezberdina eskaintzen ahalegindu gara, antzerkizaleei euskal arte eszenikoen pluraltasunaren testigantza helarazteko asmoz. Horren frogarako, plazaratu ditugun liburuen zerrenda birpasatzea baino ez dago: Arrastoak (2016), Arestiren nazioa, antzerkia (2016), Stereo (2017), Ekin eta joka (2018), Karanbola hirukoitza (2019) eta Bidenteak gara (2020). Argi dago bildumak ikerketa nahiz hausnarketa edo kritika arloko moduko testuak zein sormen lanak baitaratzen dituela, eta baita ere azken eremuko bi tituluek —Stereo zein Arrastoak— xxi. mendeko euskal antzerkiaren historiografian koxka egin dutenetako batzuk direla, gogoan geratu zitzaizkigunetakoak ditugula.

            Oraingo honetan Miss Karaoke testuari iritsi zaio txanda, eta uste dugu antzerkizale orok onartuko duela ikuskizunaren memoria gordetzeko ahalegin hau merezi duela. Arrazoiak askotarikoak dira: lehenbizi, aurreko ikuskizunen testuekin zerikusirik ez du, proposamen artistikoa guztiz bestelakoa delako eta horrek antzerkiaren egoera hobeto ezagutzen laguntzen digulako. Bigarrenik, Metrokoadrokaren eta, kasu berezi honetan, Oier Guillanen ekarpenaren berri emateak parada ematen digulako teatro ez-konbentzionalari buruz hausnarketa egiteko. Talde eta sortzaile horien praktikak alternatiboak izanda ere, ez dute edaten soilik Erwin Piscator, Bertolt Brecht, Tadeusz Kantor, Peter Brook, Ariane Mnouchkine edota Living Theatre-ren bezalako dramaturgietatik, eta, beraz, ez dira lerratzen halabeharrez diktadura frankistaren amaiera aldeko talde independenteetatik gurean 2010etik berreskuratu den antzerkigintzarekin. Esan gabe doa alternatiboak direla, baina beste era batean.

            Metrokoadroka eta Guillanen lanen genealogiak xix-xx. mende aldaketako Alfred Jarry-ren postulatuak zein futuristenenak nahiz 1920ko hamarkadako surrealisten edo dadaisten ekoizpenetan du abiapuntua. Abangoardiako planteamendu horiei gehitu behar zaio joan den mendeko 70eko urteen aldeko performance artistikoaren kontzeptua euren praktikara ekarri izana. Horregatik, Hugo Ball-en Cabaret Voltaire, Andre Breton, Tristan Tzara, Jean Arp, Samuel Beckett eta Eugene Ionesco-ren umore zein absurdoaren zantzuak topatuko ditu irakurleak, baina guztiz eguneratuak, hainbatetan non antzerki postdramatiko izateraino garatuta azaltzen zaigun. Gauzak horrela, Miss Karaoke lanak bete-betean jotzen du antzerki-ostearen eremuan, eta bere baitan jasotzen ditu Irungo Legaleon-T (eta Genevako L’Alakranen) eraginak. Gainera, esan ohi da azken euskal antzerki esanguratsuena herrietatik —periferiatik— zetorkigula (Irun, Errenteria-Orereta, Oiartzun, Aulesti, Luhuso...) eta ez hirietatik, baina oker genbiltzan, salbuespen argia dagoelako: Miss Karaoke ikuskizunak beste zerbait adieraztera etorri zaigu. Haren biraren bitartez handitu zitzaigun Gasteizko taldeen ikusgarritasuna Arabaz gaindiko beste lurraldeetan. Era horretan, Guillanen Metrokoadrokaren kokapen gipuzkoarra gogoan, Miss Karaokeren muntaiak beste norabide baterantz mugitu zuen gure antzerkiaren iparrorratza non, Pez Limbo taldearekin koprodukzioan, Parasite Kolektiboa, Factorνa de Fuegos eta Tripak, besteak beste, bistaratu zitzaizkigun. Arabako hiriburuko Baratza eta La Monstrenka aretoetan sortzen denari begira jarri gaitu Miss Karaokek. Horrela, Gipuzkoako eta Arabakoen arteko aliantza horrek euskarazko antzerki postdramatikoa bere gorenean ikusi ahal izatea ekarri zigun.

            Hartara, ehazeren argitalpen honetan ez duzue aurkituko antzerki naturalistaren ez logikarik ez manerarik. Aldiz, Guillanen Arra. Arraroa (2010) eta Mr. Seρora (2016) izenekoetan zeuden ideiak nahiz idazketa-estiloa antzemango dituzue. Ikuskizun honek hibridazio, identitate, auto-pertzepzioa, generoen auzia eta, halaber, antzezpenari buruzko gogoetak zentrifugatu zituen, betiere irudi poetiko, umoretsu eta kitsch-ak erabiliz.

            Liburuan Miss Karaokeren bi bertsio daude eskuragai: jatorrizko testua eta oholtzara eraman zena. ehazek testuok irakurtzeko eta gozatzeko proposamena egiten dizue, antzerki-osteak euskal antzerkiaren sisteman daukan tokiaren adierazle gisa.