Miss Karaoke
Oier Guillan
Miss Karaoke
Oier Guillan
EHAZE, 2021

 

5.

 

MISS KARAOKE: Zer iruditu zaizue? Hunkituko al da jendea? Nork ez du ezagutzen kanta hau? Hunkituko al da jendea? Zer iruditzen zaizue?

AHOTSA 1 (zur eta lur): Esan dezaket zerbait?

AHOTSA 2: Noski, horretarako zaude hemen. Horretarako zara deabruaren abokatuaren bokata bukatua. Horretarako kontratatu gaitu Antolatzaile Handiak. Esan ezazu mesedez. Egoera hau tamalgarria da, etsigarria da, Telecinco da. Nire txostena idatzi nahi dut behingoz. Esan ezazu zerbait, mesedez.

AHOTSA 1: Nik zera esango nuke, hau da, alegia, diot, nik zera esango nuke, esango dudanez: susmoa dut agian erradikal moderatuak, moderatu erradikalak eta moderatu modernotuak haserretuko zaizkizula kanta hori aukeratzen baduzu.

AHOTSA 2: Aizu, horrek ez gaitu askorik laguntzen. 64 minutu falta dira Ebento Handia hasteko!

MISS KARAOKE: Zer esan nahi duzu? Raffaella Carrΰ ez dela politikoki korrektoa?

AHOTSA 1: Kontrakoa. Ez da politikoki inkorrektoa. Gaur egun artea eta kulturaren munduan politikoki inkorrektoa izatea da politikoki korrektoa izateko modu bakarra.

AHOTSA 3: Baita ere, ezta ere, eta ere.

 

(ahotsak haien artean korapilatuko dira eztabaidan.)

 

AHOTSA 2 (ahotsa 1i): Ezin zara apur bat eraikitzaileagoa izan? Zu abokatua zara! Ezin zara apur bat desblokeatzaileagoa izan? Nire txostena bukatu behar dut! Ezin diozu utzi hain... zera... hain-hain izateari?

AHOTSA 1: Hain... zer?

AHOTSA 3: Hain... hain, hala eta guztiz ere?

AHOTSA 2: Hain “metafisiko, politiko, sifilitiko”.

AHOTSA 1: Eta zu beti hain “dispositivo, positivo, retroactivo”.

AHOTSA 2: Idealista!

AHOTSA 1: Zinikoak zarete idealistarik handienak!

MISS KARAOKE: Aski da, ados, ulertu dut. Raffaella Carrΰ ez da Ebento Handiko publikoa malkotan jarriko duen kanta bat.

AHOTSA 2: Ez da.

AHOTSA 1: Ez.

AHOTSA 3: Ezta nik ere.

 

(Pentsakor geratu dira.)

 

AHOTSA 1 (zeozer bururatuko zaio): Zure aitonak, andaluziarra izanik, euskara ikasi zuen, munduko gauzarik logikoena iruditu zitzaiolako, logika batere logikoa ez zen diktaduraren garaian. Orduan..., ez zenuke euskaraz kantatu behar?

MISS KARAOKE: Badakit oso inportantea dela hizkuntza, baina benetan..., gauza inportanteak hain dira inportanteak?

AHOTSA 2: Ingelesez kantatu dezakezu, ondo ikusia dago. Edo bi hizkuntzatan...

AHOTSA 3: Bikokiko gni ndundu?

MISS KARAOKE: Ez, hori ez. Edo bata, edo bestea. Bi hizkuntza nahasten direnean ahulena ateratzen da beti galtzaile. Eta nik ahalik etajende gehien hunkitu nahi dut. Eta nire aitona maite dudan arren, ez dut argi gehiengoak ulertuko ez duen hizkuntza batean kantatzeak zer ekarriko duen!

AHOTSA 1: Baina gehiengoak gutxiengoaren alde dagoela dio, eta gutxiengoen barruan gehiengoa bezalakoa izan nahi duen gehiengo bat dago!

AHOTSA 2 (ahotsa 1i amorruz begiratzen dio): Ba bai, abokatua zara, zalantzarik gabe. 61 minutu Ebento Handia hasteko!

 

(ahotsak haien artean korapilatuko dira eztabaidan.)

 

AHOTSA 3 (oso haserre): Edo ala baizik eta nahiz zein baina baizik eta hala ere! Aspirina, spidifen, termalgin, mon dieu! (Mantra lasaigarri bat esaten hasi da Buda jarreran)

AHOTSA 2: Zer esan du poetak? Zer esan nahi du? Posible duzu zerbait itzuli? Poetak dioena ere txostenean jarri behar dut?

AHOTSA 1: Metafora metaforiko bat izan da. Ez duzu ulertu?

AHOTSA 2: Nola jasotzen dira metaforak txostenetan? Egin daiteke sentimenduekin txosten bat, memoria bat, akta bat, balantze ekonomiko bat?

AHOTSA 1: Metafora meta-anfetaminiko bat da esan duena. Ez duzu ulertu?

AHOTSA 2: Ez dut ulertu.

AHOTSA 1: Eta sentitu? Ez duzu ezer sentitu?

AHOTSA 2: Zer esan nahi duzu?

AHOTSA 1: Batzuetan ezer ulertu ez arren, poetek zeozer sentiarazten dute.

AHOTSA 2: Uau. Ba ez, ez dut ezer sentitu. (ahotsa 3ri) Zer esan duzu lehen?

AHOTSA 3 (are haserreago): Edo ala baizik eta nahiz zein baina baizik eta hala ere! Aspirina, spidifen, termalgin, mon dieu! (Mantrarekin jarraitzen du intentsuago, Buda jarreran).

AHOTSA 2: Ba ez, kebab, ez dut ulertu eta ez dut sentitu.

AHOTSA 1: Haserre dago poeta! Ez duzu ezer ulertzen? Frustratua dago! Ez duzu ezer-ezer ulertzen? Hizkuntzartekotasunaren gai honek saturatua dauka! Ez duzu ezerezer-ezer ulertzen? Bera poeta da, ez duzu ulertzen? Metaforekin lebitatu egiten du.

AHOTSA 2: Lebitatu?

AHOTSA 1: Elebitatu.

AHOTSA 2 (geldiunea): Hori txiste bat izan da? Txostenean sartu behar dut, edo txistenean?

AHOTSA 1 (geldiunea): Hori ere txiste bat izan da...?

MISS KARAOKE: Aski da!

AHOTSA 2: 59 minutu falta dira Ebento Handiari hasiera emateko.

MISS KARAOKE: Gero eta denbora gutxiago daukat kanta aukeratzeko. Urduritzen hasia nago. Zer kantatuko dut Ebento Handian, Antolatzaile Handiaren enkarguz, Jende Guztiaren aurrean? Ni hunkitzen nauelako agian besteak hunkituko dituen zerbait? Maite dudan eta dagoeneko hemen ez dagoen jendeari eresia? Zein hizkuntzatan kantatu behar dut, gehiengoak ulertuko duena edo gehiengo diren gutxiengoak errespetatuko dituena? Nik erantzun bat nahi nuen, ez lau galdera...

AHOTSA 1: Eta zergatik karaokea? Hau da, alegia, diot, zergatik karaokea? Agian hori jakiteak emango liguke argibideren bat zuri laguntzeko.

AHOTSA 3: Agian bai, agian ez, agian ezta ere ez dakit ezta pentsatu ere.

MISS KARAOKE: Karaokea iruditzen zait arterik gorena, nire aurrekoek kantatzen zutena kantatuz lotura bat sortzen da iraganarekin, nire aurrekoekin. Karaokea kantatuz historiak oroitzen ez dituen gauzak oroitzen direlako: maitasun istorioak, aldarriak, betirako agurrak...

AHOTSA 1: O, Karaokea...

AHOTSA 2: O, Karaokea O...

AHOTSA 3: O...

AHOTSA 1: O, Karaokea...

AHOTSA 2: O, Karaokea O...

AHOTSA 3: O...

AHOTSA 1: O, Karaokea...

AHOTSA 2: O, Karaokea O...

AHOTSA 3: O...

MISS KARAOKE: Karaokea da memoria ez-historikoa gordetzeko modua.

AHOTSA 2: Uau, txostenean sartuko dut hori.

AHOTSA 1: Uau, eta urte asko daramazu tesi hori defendatzen?

MISS KARAOKE: Tesi? Ze tesi?

AHOTSA 1: Tesia, tesina, masterra, iritzi artikulua, txioa, akta edo dena delakoa?

MISS KARAOKE: Ez, karaokean mozkorrei kantatu ostean esaten diedana da, bakean utz nazaten. Zuekin ere funtzionatu du.

AHOTSA 2: 58 minutu falta dira Ebento Handia hasteko!

MISS KARAOKE: Bai... gero eta denbora gutxiago daukat zer erabaki erabakitzeko eta zer aukeratu aukeratzeko...

AHOTSA 2: Publiko aurrera ateratzeko unea iritsiko da, eta ez dago kantarik! Hau desastre bat da! 57 minutu falta dira soilik Ebento Handia hasteko!

 

(Isilunea. Pentsakor denak.)

 

AHOTSA 1: Nik zera esango nuke, esango eta errepikatuko eta azpimarratuko dudanez, lagungarri izan daitekeelakoan, gogoeta deseroso bat egingo dut: Miss Karaoke jaun edo andere edo jaundere edo ez bata ez bestea txit agurgarria, agian ez zenuke saiatu behar Jende Guztiaren, gehiengoaren gustuko kanta kantatzen. Agian publikoan dagoen pertsona bakar bat aukeratu beharko zenuke eta harentzat kantatu. Pertsona bakar bat hunkitzeko kantatzen baduzu, intimitatean egongo bazinaten bezala, agian... publikoko pertsona bakoitzak berarentzat ari zarela sentituko du!

AHOTSA 2: Hunkitu nahi zenukeen pertsona bakar batentzat kantatzea! Oso polita, baina hori ez dut txostenean jarriko. Txostenean hobe geratzen dira kopuru masiboak eta kopuru “mas-ivak”.

AHOTSA 1 (ahotsa 2ri): Hori txiste bat izan da...?! (miss karaokeri) Kanta ezazu! Kanta ezazu kanta horretan maite duzun pertsona bakar batentzat kantatuko bazenu bezala!

MISS KARAOKE (etsipenetik ateratzen): Ulertzen dut, uste dut ulertzen dudala diozuna, uste dut ulertzen dudala nik ulertzea nahi duzuna uler zaitzadan! Alegia: pertsona bakar baten mina arintzea lortuko banu bezala kantatu beharko nuke.

AHOTSA 2: Mina arindu?

MISS KARAOKE: Mina arindu. Niri kantatzeak mina arintzen dit.

AHOTSA 1: Oso ondo, oso ondo... eta noren mina arindu nahi zenuke?