Miss Karaoke
Oier Guillan
Miss Karaoke
Oier Guillan
EHAZE, 2021

 

Hitzaurrea

 

edo zergatik Miss Karaokek lehen momentutik bahitu ninduen bere inguruan ikerketa akademiko bat abiatzeraino euskal antzerkigintzaren historia zati baten parean nengoela ohartu bezain laster

 

Edurne Azkarate

 

            Irakurle agurgarria: liburu hau esku artean edukitzea erabaki baduzu, ziurrenik bi aukera hauetariko bati erantzungo dio zure jakin-minak: Miss Karaoke bizitzeko aukera eduki zenuen edo Miss Karaokeri buruz zerbait interesgarria entzun diozu baten bati. Aukera batean edo bestean, edo ez batean ez bestean egoteak ez du batere inporta. Hitzaurreari abiada emateko trikimailu kutre bat besterik ez zen. Orain zure arreta neureganatu dudala, edo betirako galdu, has gaitezen benetan garrantzitsua denarekin.

            Esku artean duzun hau zer den azaltzen ez nuke jakingo, baina hitzaurrea idaztea eskatu badidate, Miss Karaoke asko maite dudan pieza bat delako da. Hain zuzen ere, Miss Karaoke maite dut, antzezlana bera maitasun oda bat delako. Norbera den hori maitatzeko eskubidea aldarrikatzen duen obra bat, eskubide hori plazaratzen duena, literalki plazaratu, eta norbanakoaren izatearen ahalduntze eta deserosotasunak publikoarekin zuzenean partekatzen dituelako.

            Ziurrenik antzezlanarekiko dudan maitasuna Miss Karaoke jaso nueneko nire une pertsonalari ere zor zaio. Baina, bueno, pentsatzen dut beste askori berdin gertatuko zitzaiela, bakoitzak bere subjektibitatetik biziko zuela Ebento Handia, edozein garai delako egokia obra hau ikusteko. Horregatik ere hain da beharrezkoa eta unibertsala. Hala ere, hasi naizen ezkero, kontatuko dizuet nirea.

            Miss Karaoke adel jardunaldietako edizio batean ikusi nuen lehenengoz, Aulestin. Euskal Herrira bueltatu berria nintzen eta, hain justu, euskarazko antzezlanak, egiteko moduak eta konpainiak ezagutzeko asmoz bertaratu nintzen. Eta hori, badakizuena, tituluan eta guzti jarri dut! Miss Karaokek bahitu egin ninduen. Planteatzen zen tesia zeinen era dotorean lantzen zen, proposamenaren muturreko zintzotasuna, era zabalenean, alor guztietan zaindutako garaikidetasuna, ikusleekin sortzen zuen harremana. Horregatik guztiarengatik bahitu ninduen antzezlanak. Niretzat oso garrantzitsua zen gustuko nituen poetika eta estetikak topatzea Euskal Herrian, sinisten dudan antzerki mota euskaraz existitzea. Esperimentazioak eta bilaketak guztiz baldintzatutako antzezlanak topatzea. Sinpleki, Miss Karaokek esperantza eman zidan.

            Anagnorisi1 momentu profesional eta pertsonal horren ostean Miss Karaoke aztergai zuen ikerketa akademikoari ekin nion, Arantzazu Fernandez Iglesiasen tesitik oin-ohar batean lapurtutako esaldi bat aitzakiatzat hartuta: “Euskal teatro postdramatikoaren ibilbidea ikertzear dago, eta apunte gisa uzten dugu hemen postdramatikotasuna ez dela soilik hibridazioan zergatia aurkitzen, baizik eta munduari buruzko ikuskera batean, zeinari esker fabula teatrala gero eta ahulago den arren, gizaki garaikidearen egonezinaren kontakizuna sortzen den”. Beraz, Miss Karaoke sakonki aztertu eta haren ezaugarri postdramatikoak argitara ekartzea izan zen ikerketaren interesgunea.

            Lana ahalik eta ganora handienarekin burutu ahal izateko, antzezlanaren sortzaileetako bat elkarrizketatu nuen, jakina. Oier Guillanekin igarotako arratsalde hark sorkuntza-prozesuaren erraiak ezagutzeko aukera eman zidan. Satisfakzioa oraindik eta handiagoa izan zen. Nola eraikitzen da horrelako pieza bat? Zerk balio du? Ze garrantzi dauka norbanakoaren subjektibotasunak sortzerako unean? Hasieratik istorio basatia du Miss Karaokek. “Lanean” hasi aurretik, norbaiten ariman lehen hazia ernatu aurretik, prozesua transgresorea, apurtzailea eta binkulantea izan zen, benetakotasun bortitzekoa. Atzera bueltarik gabea. Tarteka, eztanda egiteko jaioak diren antzezlan horiek kozinatzeko, oinarrian gertakari absurdo segida zoragarria duena. Liburu honetan horietariko batzuetan nabigatzeko aukera izango duzu, sekretuenek aldiz, ahoz aho azaleratzen jarraituko dute, ez baita erraza antzezlan batek sortu dezakeena orri zurietan jasotzea.

            Garrantzitsua da euskal arte eszeniko garaikideetan Miss Karaokeri leku bat gordetzea, bideak irekitzea, euskarazko antzerkia hedatzea, ausartzea, sinistea, egitea, posible dela demostratzea, konplexurik gabe aritzea, aditzea, lekua egitea, ikertzea, ekarpen bat egitea, deserosotasunak sortzea, mugitzea, hegan egitea, zeure buruari zer aukeratu dezakezun galde egitea.

            Beharrezkoa zen Miss Karaoke. Niretzat.

            Egia esaten badizuet, kontua da Miss Karaoke asko maite dudala. Hori da. Besterik ez.

            Gozatu erraiak ;)