Miss Karaoke
Oier Guillan
Miss Karaoke
Oier Guillan
EHAZE, 2021

 

1. ATALA

Miss Karaoke:
antzeztutako testua

 

 

 

Miss Karaoke
Gasteizko Principal Antzokian estreinatu zen
2017ko apirilaren 5ean.

 

 

Testuingurua

 

            Jatorrizko bertsio literariotik abiatuta, idazleak elkarlana egin zuen aktore-talde eta zuzendaritzan bidaide izandako Metrokoadrokako kideekin. Sormen prozesu horretan jatorrizko testua eraldatu egin zen: baztertutako testu originaleko ideietatik abiatzen ziren inprobisazio fisikoak egin ziren, irudi fisiko/poetikoak sortuz. Irudi fisikoen eta jatorrizko testuaren arteko talka horretatik atera zen hitz-partitura definitiboa. Akzio dramatikoa ez zuten dagoeneko dialogoek bideratzen, bakarrizketek eta irudi poetikoek baizik.

            Jarraian irakurri daitekeena antzeztutako testu definitiboa da. Testuko zati asko taldekideekin batera idatzitakoak dira.

 

 

Lan taldea

 

Aktoreak: Marina Suarez Ortiz de Zarate,
Unai Lopez de Armentia, Javier Fernandez
eta Iñaki Ziarrusta

Zuzendaritza artistikoa: Javier Barandiaran
eta Oier Guillan

Laguntzaileak: Joseba Roldan eta Idoia Beratarbide

Jantziak: Idoia Beratarbide eta Maria de Bernardo

Argiak: David Alcorta

Ekoizpen exekutiboa eta koordinazioa: Edu Hernando

Taldeak: Metrokoadroka & Pez Limbo

Babesleak: Bilboko Arriaga, Donostiako Victoria Eugenia
eta Gasteizko Principal antzokiak,
Dramaturgia berriak deialdiaren barruan

Ekoizpena: Gasteizko Principal antzokia

 

 

 

1. Non aktoreek
eszena naturalista bat
egiten duten

 

MARINA: Nor da hau?

JABITXIN: Poeta bat.

MARINA: Zertarako balio du poeta batek?

JABITXIN: Ezer esan gabe guztia esateko.

IÑAKI: Nortzuk zarete zuek? Zer nahi duzue nitaz? Zein da galdera aproposa?

UNAI: Honenbestez, horrenbestez, hainbestez.

MARINA: Hori al da galdera?

IÑAKI: Zein?

MARINA: Oraintxe egin duzuna.

IÑAKI: Ze galdera egin dut?

JABITXIN: “Zein da galdera aproposa?”.

IÑAKI: Eta?

MARINA: Hori al zen galdera?

IÑAKI: Ze galdera?

MARINA: Galdera aproposa.

IÑAKI: Galdera aproposa, zertarako?

JABITXIN: Galdera aproposa behar du autodeterminazio prozesu txukun batek. Egin dezaket galdera ezeroso bat?

IÑAKI: Egizu.

JABITXIN: Zergatik joaten zara ostegunero karaokera kantatzera?

IÑAKI: Besteen oinak berotzea lortzen dudalako.

JABITXIN: Horregatik bakarrik?

IÑAKI: Ez. Horregatik bakarrik ez. Memoria ez-historikoa gordetzeko modu bat ere badelako.

JABITXIN: Bada arrazoi gehiagorik?

IÑAKI: Tarteka muxuak ematen dizkidatelako. Tarteka ipurdia ukitzen didatelako.

MARINA: Oso arriskutsua da planteatzen ari zarena. Oso arriskutsua da planeatzen ari zarena. Oso arriskutsua zara.

IÑAKI: Ezin naiz naizena izan gabe maitatua izan.

UNAI: Zuk muxu ematen diezu zure lagunei ezpainetan?

IÑAKI: Barkatu?

UNAI: Zure sexu berekoei muxu ematen diezu ezpainetan? Zure senitartekoei “kaixo” edo “agur” esatean muxu ematen diezu ezpainetan?

IÑAKI: Konfiantzaren arabera. Giroaren arabera. Testuinguruaren arabera.

UNAI: Ez zait gustatzen intersexualitatea.

JABITXIN: Demokraziari esker gara berdinak.

IÑAKI: Baina nik ez dut uste denok berdinak izatea ona denik.

MARINA: Zer iritzi duzu existentzia plano ezberdinei buruz?

UNAI: Zer esan nahi duzu?

MARINA: Zure ustez, heriotzaren ostean bizitzarik al dago?

UNAI: Ez dakit batere inporta zaidan.

MARINA: Jende bati heriotzaren ostean bizitza dagoela jakitea lasaigarria egiten zaio.

UNAI: No jodas. Don’t fuck. Strantzen bantzen. (Mantra bat esaten hasi da)

MARINA: Zer gertatzen zaio honi?

JABITXIN: Elebitatzen hasi da berriro.

UNAI: Lasaigarria da paradisuaren existentzia?

 

 

2. Non Jabitxinek
antzezlaneko sinopsia
irakurtzen dion publikoari

 

            Miss Karaokek abesti bat kantatu behar du gaur Gasteizko Principal antzokian, eta urduritzen hasia da. Zer kantatuko du Ebento Handi honetan, Jende Guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntza aukeratuko du? Gutxiengo gutxitu, gehiengo gutxitu, gutxiengo gehiengotu edo gehiengo gehiengotuagotuentzat kantatuko du?

 

 

3. Non Marinak
orgasmoak antzezten dituen
Fake Orgasm filmaren estiloan,
Jabitxinek publikoari esaldiak
irakurtzen dizkion bitartean

 

            Kokotxak jatean plazera sentitzea karaoke momentu bat da. Norbaitek latigoarekin ipurdian jotzea karaoke momentu bat da.

            Sobre los derechos de los hermafroditas liburua irakurtzea karaoke momentu bat da.

            Franco Battiattoren sudurra imitatzea karaoke momentu bat da.

            Goizero kalera atera baino lehen ispilu aurrean apur bat itsusi jartzea karaoke momentu bat da.

            Fake Orgasm dokumentala ikustea karaoke momentu bat da.

            Galdera ezerosoak egitea karaoke momentu bat da.

 

 

4. Non Oier
bideoan proiektatua azaltzen den,
atzeko oihalaren gainean,
alboan emakume misteriotsu bat duela

 

            Gero eta gehiagotan esaten didate nire aitonaren antza dudala. Eta horrek kezkatu egiten nau: nire aitonak oso tripa handia zuelako, eta oso bibote arraroa. Nire aitonaren bibotea munduko edozein diktadorek edukiko lukeenaren antzekoa zen, eta horrek kezkatu egiten ninduen. Baina nik nire aitona maite nuen.

            Ni euskaldun erradikal bat naiz. Orain normalean euskarazko antzezlan batean sekula egingo ez nukeen zerbait egingo dut:

            Abuelo, siempre quisiste que te llamara Aitona, y no fui capaz.

            Tus gustos siempre me llevaban a mundos extraños. Te recuerdo viendo en la televisión en Sábado noche a Raffaella Carrà. “¡Qué mujer!”, decías, “¡Qué mujer!”. Cada nochebuena, cuando estaba toda la familia reunida, desaparecías un momento y volvías vestido de mujer. ¿Qué llevabas dentro? ¿Qué mujer? Yo soy un cuerpo que ama el cuerpo que era mi abuelo. ¿Qué queda en mi cuerpo de Raffaella Carrà? ¿Cuántos pelos de mi cuerpo se erizan cuando recuerdan a mi abuelo decir, “¡Qué mujer la Raffaella Carrà!”?

Abuelo, siempre quisiste que te llamara Aitona, y no fui capaz.

 

 

5. Non Iñakik
bakarrizketa bat egiten duen mikroarekin,
Miss Karaokeren azalean sartuta

 

            Maita nazazue, kabroi alaenak, maita nazazue!

            Maita nazazue nik maite zaituztedan bezala, edo gehiago!

            Gasteizko Principal antzokian karaokea kantatu behar dut. Jende Guztia-egongo-da-han! Jende Garrantzitsu Guztia, eta Jende Ez Garrantzitsu Guztia. Nik ez dakit zein den zein, baina berdin dio, ni han egongo naiz karaokea kantatzen. Miss Karaoke naiz ni! Baina blokeatuta nago, ez dakit nola aukeratu Jende Guztia hunkituko duen kanta bat.

            Maita nazazue, kabroi alaenak, maita nazazue!

            Maita nazazue nik maite zaituztedan bezala, edo gehiago!

            Subentzionatu nazazue emozionalki!

            Miguel Bosé, Negu Gorriak, Nino Bravo, Raphael, Serge Gainsbourg, Georges Moustaki, πLT, Silvio Rodriguez, Baldin Bada, Bide Ertzean, Camilo Sesto, Xabi Erkizia, Amorante, Pimpinela, Anari, Raffaella Carrà...

            Hunkituko al da Jende Guztia nire kantarekin Gasteizko Principal antzokian?

            “Para hacer bien el amor hay que venir al sur”. Badakit oso inportantea dela hizkuntza, baina benetan..., gauza inportanteak hain dira inportanteak?

            George Michael, David Bowie, Queen, Belako... Ingelesez kantatu dezaket bestela, ondo ikusia dago. Edo bi hizkuntza nahastuz... Ez, hori ez. Edo bata edo bestea. Bi hizkuntza nahasten direnean, ahulena ateratzen da beti galtzaile. Eta nik ahalik eta jende gehien hunkitu nahi dut.

            Baina..., euskaraz? Ez dut argi gehiengo ez-euskaldunak ulertuko ez duen hizkuntza batean kantatzeak zer ekarriko duen... Baina gehiengoak gutxiengoaren alde dagoela dio, eta gutxiengoen barruan gehiengoa bezalakoa izan nahi duen gehiengo bat ere badago! Zein hizkuntzatan kantatu behar dut, gehiengoak ulertuko duena edo gutxiengoak errespetatuko dituena?

            Zein hizkuntzatan kantatu... erabaki txiki bat da edo erabaki erraldoia? Inori inporta dio nire erabakiak? Erabakia niretzat da soilik garrantzitsua? Zer da garrantzitsua, erabakitzen dudana edo erabakitzea bera?

            Maita nazazue, kabroi alaenak, maita nazazue!

            Maita nazazue nik maite zaituztedan bezala, edo gehiago!

            Egunero gertatzen den Ebento Handian, izakirik normalenek gauzarik harrigarrienak egiten dituzte: erraldoiak izan daitezkeen erabaki txikiak hartu. Eta nik nire erabakia hartu dut: erabaki txiki guztiak garrantzitsuak direla pentsatzea erabaki txiki garrantzitsu bat dela erabaki dut!!!

 

 

6. Non lau aktoreek
Raffaella Carràren bideo batekin
dantza egingo duten
Para hacer bien el amor hay que venir al sur kantan
inspiratutako koreografia jostalari batekin,
eta ondoren Iñakik publikoari hitz egiten dion

 

            Al sur, hegoaldera... Non dago hegoaldea, Raffaella? Zer da Hegoaldea? Antartikoa, Hegoafrika, Senegal, Ceuta, Melilla, Granada, Huesca, Lerma, Tutera, Gasteiz? Alemania ere hegoaldea izan daiteke.

            Nire oinak dira hegoaldea, hankak, hankartea, hesteak, eztarria?

            Infernua, makrobiotika, komunismoa da hegoaldea, minbizia?

            Ze, txortan egiteko hegoaldera joan behar da; ze, nik txortan egin nahi dut, ondo edo txarto baina egin nahi dut.

 

 

7. Non Oier
bideoan proiektatua azaltzen den
atzeko oihalaren gainean,
alboan emakume misteriotsu bat duela

 

            Bere belaunaldiko gizon askok bezala nire aitonak bere rola bete zuen: estua, zorrotza, itogarria. Eta, hala ere, astean behin edo bitan nik nire aitona maite nuen. “Abuelo” beharrean “aitona” dei nezan eskatzen zidan bezala. Nire aitona hegoaldekoa zen eta, askotan, oroitzapen hau kontatzen zigun:

            “Yo, cuando vine de Andalucía a trabajar aquí, aprendí euskera. Todos en la fábrica hablaban euskera, y yo pensé que lo lógico era que yo también aprendiera. Y les pedía que me lo hablaran. ‘Patxi Landa’, me llamaban: ‘Paco-Landa-lu’. Una vez me dieron un premio y todo, por haber aprendido euskera. Ahora me acuerdo de muy poco, pero que mis nietos sepan euskera es el mayor orgullo que tengo”.

            Abuelo, siempre quisiste que te llamara Aitona, y no fui capaz.

 

 

8. Non Unaik
edalontzi baten gainean
oreka mantentzen saiatzen den,
Marinak mozorro bitxi bat jantzita duela
kontzentrazioa galarazten dion
eta Jabitxinek testu bat errezitatzen duen

 

            Aukeratu ditzaket nire beldurrak?

            Zer aukeratu dezaket?

            Aukeratu dezaket ausarta izatea?

            Zer aukeratu dezaket?

            Aukeratu dezaket hauskorra izatea?

            Zer aukeratu dezaket?

            Aukeratu dezaket besteen iritziez libre izatea?

            Zer aukeratu dezaket?

            Aukeratu dezaket ez epaitzea?

            Zer aukeratu dezaket?

 

 

9. Non Jabitxinek
bakarrizketa bat egiten duen mikrofonoarekin,
Miss Karaokeri zuzendurik, publikoari begira

 

            Miss Karaoke, zer kantatuko duzu Gasteizko Principal Antzokiko Ebento Handian Jende Guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntzatan kantatuko duzu?

            Kontuz ze kanta aukeratzen duzun, Miss Karaoke. Izan ere, zera esango baitizute: pentsatu Jende Guztiarengan. Hau da, izan zaitez moderatua.

            Baina nik zera esango nizuke, Miss Karaoke:

            Ezer ez dago moderazioa erradikalki defendatzen duena baino erradikalagorik.

            Ezer ez dago moderazioa erradikalki defendatzen duena baino intoleranteagorik.

            Epaileak! Epaileak! Epaileak!

            Gaur egun artea eta kulturaren munduan politikoki inkorrektoa izatea da politikoki korrektoa izateko modu bakarra.

            Eta moderazioa eta intolerantziaren arteko punturen batean nago ni.

            Non zaude zu, Miss Karaoke?

 

            Epaileak!

            Zera esango dizute, Miss Karaoke:

            “Ez egin gauza arrarorik”.

            “Ez konfunditu jendea”.

            Zaindu itxura. Nola joango zara jantzita Ebento Handian, Miss Karaoke?

            Nolakoa da oso femeninoa den gizona?

            Nolakoa da oso maskulinoa den emakumea?

            Nolakoa da oso maskulinoa den gizona?

            Nolakoa da oso femeninoa den emakumea?

            Nolakoa da oso gizona den emakumea?

            Nolakoa da oso emakumea den gizona?

            Nolakoa da emakumea, gizona edo dena batera edo ez bata ez bestea den pertsona?

 

            Epaileak!

            Zalantzak dituzten pertsonak arriskutsuak dira, Miss Karaoke.

            Gauzak kuestionatzen dituzten pertsonak arriskutsuak dira, Miss Karaoke.

            Kontraesanak dituzten pertsonak arriskutsuak dira, Miss Karaoke.

            Adjektibo argirik gabeko pertsonak ezerosoak dira.

            Nik, adibidez, ez dakit zeintzuk diren nire adjektiboak. Ez dakit moderatua naizen.

            Eta pozik nago.

            Mundua desastre bat da. Eta desastre horren erdian nago ni, kontraesanez beteta.

            Baina besteek definitu dute zer den kontraesana, ez nik. Inter. Trans.

            Eta ni, berez, zoriontsua naiz nire beldurrekin, eta kontraesana dirudien arren, pozik nago.

 

            Pozik zaude zu?

 

 

10. Non Jabitxinek
berak idatzitako bakarrizketa
egiten duen publikoari begira

 

            Gabon. Oso pozik nago euskaraz den antzerki obra honetan parte hartzeagatik. Nire gurasoak ez dira euskaldunak, baina txikitatik euskaraz hitz egiteko aukera eskaini zidaten, eta hori oso garrantzitsua izan da nire bizitzan. Ez bakarrik harreman gehiago eta esperientzia zabalagoak edota lan aukera aberatsagoak izateko bidea zabaldu didalako: kultura aberats eta interesgarri bat ere barnetik bizitzeko gaitasuna ere eskaini didalako. Izan ere, euskara Europa eta, zer demontre!, mundu osoko hizkuntza zaharrenetariko bat da. Nik hori asko nabaritzen dut. Gai honetan ez naiz batere aditua, baina nik uste dut horrek nire barnean gure gizarteko antzinako eta funtsezko sustratoen parte garrantzitsuak daramazkidala. Gainera, biologia arloan horrek guztiak ere bere garrantzia dauka. Ikertzaile batzuen ustez —eta nik uste dut arrazoia daukatela—, euskarak tximino eta gizakion trantsizio prozesuan bere papertxoa jokatu zuen. Gai honen inguruan bibliografia espezializatua ondo ikasteaz aparte, nire kabuz ikerketa enpiriko xume batzuk ere eraman ditut aurrera. Euskararen arrasto zaharrenetarikoak dauden lekuetara joan nahiz behaketak egitera. Adibidez, Baztan aldeko herri batzuetan pasa ditut bolada luzeak, beti gai honekin zerikusirik ez daukan lanen bat egiteko aitzakiarekin, eta batez ere tabernetan bertako biztanleak gertutik behatzen egon naiz. Beraiei ezer esan gabe noski, datuen garbitasunaren onuran. Intuizio bat besterik ez bada, argi eta garbi identifikatu ditut ikerketa sakonago batek erraz asko demostratuko dituen fenomeno batzuk. Leku horietako euskaldunen aho, eztarri eta matrailezurraren morfologiak, euskararen fonologiaren produkziorako bereziki egokituta dagoenak, bat egiten du simio handien, hau da, gorila, bonobo, txinpantze eta orangutanen organo berdinen konfigurazioarekin. Horrek zerbaitegatik izan behar du. Hipotesia besterik ez bada, pauso hori aurrera ez baitut eraman, guztiz konbentzituta nago herrialde horietako kanposantuetako hezurren arrasto zaharrenen parekotasun hori ehunetik ehuneko berdintasunera heltzen dela. Ikertzaile profesionalentzat mahai gainean uzten dut ideia.

            Euskararen garrantzia nire bizitzan kontzientzia eta intelektotik haratago doa. Fisikoki ere baldintzatu egin nau zeharo. Izan ere, euskaraz hitz egiten didatenean oso bero jartzen naiz. Jende asko nire inguruan euskaraz denbora luzez egiten duenean, askotan edozein aitzakiarekin buelta bat ematera joateko beharra daukat. Batez ere bizkaieraz entzuten dudanean. Bizkaieraz hitz egiten didatenean sutan jartzen naiz. Eta nik euskaraz hitz egiten dudanean ere bero jartzen naiz. Batzuetan, testuinguruaren arabera, erdarara pasatu behar naiz. Nire gurasoekin erdaraz hitz egiten dut beti eta nire arrebekin edo lehengusu eta lehengusinekin ere bai, normalean. Lagun euskaldunekin ordu asko jarraian egotea zaila egiten zait, ordea: horregatik nahiago dut pertsona isil bezala neure burua aurkeztea, nahiz eta beti gauza asko esateko eduki. Erdaraz pilo bat hitz egiten dut, edozein gaitaz.

            Baina euskarak nigan daukan indarra ez da kontzientzia eta gorputzaren eremuetara mugatzen. Subkontzientean ere bere agertzeko moduak ditu. Gaur izan dudan ametsa adibide aproposa da. Ni eta beste zenbait pertsona, ez dakit zenbat zehazki, basamortu batean geunden, belauniko eta burua estalita. Basamortua edo oihana, ez nago ziur, badakizue nolakoak diren ametsak. Kontua da gure atzean ikusten ez nituen gizon batzuk zeudela. Nik Al Qaedakoak zirela uste dut, beraien artean arabieraz egiten baitzuten. Berrogeita hamar zentimetroko labanak zituzten eskuetan. Momentu batean, oso azkar eta haserretuta bezala hitz egin ondoren, izkinatan zeuden belauniko zeuden bi pertsonei labanak saihetsetatik sartzen eta lepoa mozten hasi dira, eta aldi berean euskaraz zerbait esaten zieten. “Kaixo”, zast!, “itsasontzia”, zast! Eta holakoak. Nere txanda heldu denean, atzetik norbaitek burutik heldu, labana eztarrian jarri eta “bixotza” esan dit. Momentu horretan esnatu naiz. Izerditan blai, eta baita oso bero ere. Gurasoen etxean bizi naiz eta sukaldera joan naiz, ikaratuta oraindik, eta amak esan dit “Egun on, hijo, ^Que tal has dormido?”. Urduriago jarri naiz. “Bien, bien, madre” esan diodanean sartu da aita. “Ay, hijo, llámame ama, para cuatro palabras que me enseñas en euskera... ¡Cómo era esa tan graciosa que me dijiste el otro día? ¿Bixotza? ¿Quieres un café, bixotza?” Ez dakit zergatik, aita haserretu da, eta nik, gero eta urduriago, “¡café no, una tila!” garrasi egin diot. Aita gehiago haserretu da, eta tabernara gosaltzera joan naiz. Bueno, eskerrik asko, oso pozik nago zuekin hau konpartitzeagatik.

 

 

11. Non Oier
bideoan proiektatua azaltzen den
atzeko oihalaren gainean,
alboan emakume misteriotsu bat duela

 

            Abuelo hil zenean bere arropak oparitu zizkidaten, eta batzuetan jantzi egiten ditut, sentitzeko bera zen horretatik zer geratzen den. Batzuetan bilatu izan ditut emakumez janzten zeneko arropak ere, baina ez dut ezer topatu. Inork gutxik jasotzen du herentzian kontraesan bat edo sentimendu arraro bat. Arropek memoria dute, gorputzek bezala.

            Esta es la lengua de mis ancestros, pero yo decido mi voz. Este es mi cuerpo, pero yo decido quién soy. Me visto mi cuerpo, me visto mi voz.

            Abuelo, siempre quisiste que te llamara amona, y no fui capaz.

 

 

12. Non Marinak
bakarrizketa bat egiten duen mikrofonoarekin,
Miss Karaokeri zuzendurik, publikoari begira

 

Nor zara, Miss Karaoke?

Zer egiten duzu Ebento Handi honetan?

Kantatu? Zer kantatu? Nola kantatu?

Gasteizko Principal antzokian gaude, ez zenuke euskaraz kantatu behar?

Norentzat kantatuko duzu?

Jende Guztiarentzat?

Nor da Jende Guztia?

Egin dezaket galdera ezeroso bat?

Jende Guztia gutxiengo bat da?

Gutxiengo baten artea praktikatzen duzu, jende gutxi agertzen den garitoetan, goizeko ordu gutxituetan, eta gainera, hizkuntza gutxituak erabili nahi dituzu kantatzeko? Deserosoa zaizu esaten dudana, Miss Karaoke?

Zure arbasoak ez al ziren etorkinak, Miss Karaoke?

Zergatik hitz egiten duzu hizkuntza gutxitu batean zure familiako inork ezin badu ulertu?

Ez al zara hipokrita hutsa?

Zer bilatzen duzu?

Onarpena?

Integrazioa?

Michael Jackson linguistikoa zara?

Zuria izan nahi duzu?

Nola belztu behar zuria?

Zer demostratu nahi duzu?

Autoestimu arazoak dituzu?

Zeozer frogatzeko kantatuko duzu hizkuntza gutxitu batean? Lotsatu egiten zara zure jatorriaz?

Euskal grafiaz idazten dituzu zure abizen erdaldunak? Zergatik izan nahi duzu gutxiengo baten parte, jatorriz gehiengo batekoa zarenean?

Euskaldun moderno moderatua zara?

Zeintzuk dira zure adjektiboak?

Ezkertiarra?

Mantxurrianoa?

Maketoa?

Frikia?

Hipsterra?

Borrokilla?

Feminista?

Postfeminista?

Maskulinista?

Menoskulinista?

Feminista ez praktikante buenrollista?

Ez badakizu argi zeintzuk diren zure adjektiboak, nola egingo dizut burla?

Zalantzak baldin badituzu, nola epaituko zaitut politikoki? Gauzak kuestionatzen badituzu, nola kondenatuko zaitut irmoki?

Kanta bakarra aukeratu behar duzu Gasteizko Principal antzokian kantatzeko, Miss Karaoke. Zein aukeratuko duzu? Zer hizkuntzatan kantatuko duzu?

Esango dutenaren beldur zara?

Politikoki inkorrektoa izatearen beldur zara?

Subentzioak galdetzeko beldurrez zara off the record? Baztertua izatearen beldur zara off the record?

Erradikala izatearen beldur zara off the record?

 

 

13. Non Jabitxinek
esaldiak solte eta modu pausatuan
errezitatzen dituen off-ean, bi fasetan:
lehenbizi Marinak generoa difuminatzeko
ariketa bat egiten duen bitartean,
eta bigarrenik Iñakik aurpegia estalita
bere gizon gorputzean feminitatea
azaleratzen uzten duen bitartean.

 

            Aukeratu dezaket sarrera batetik irtetea?

            Zer aukeratu dezaket?

            Aukeratu dezaket nire sexuaren sintaxia?

            Zer aukeratu dezaket?

            Aukeratu dezaket nire izerdiaren zaporea?

            Zer aukeratu dezaket?

            Aukeratu dezaket errusieraz maitatzea?

            Zer aukeratu dezaket?

 

            Aukeratu dezaket euskal patronalaren bizitza emozionala?

            Zer aukeratu dezaket?

 

            Aukeratu dezaket ama izatea?

            Zer aukeratu dezaket?

 

            Aukeratu dezaket datorren urteko udako kanta?

            Aukeratu dezaket Miguel Bose nor den ez jakitea?

            Aukeratu dezaket nire eskuin eskuak ezkerrekoari dirua ematea?

            Aukeratu dezaket nire eskela Mundo Deportivon azaltzea?

 

            Aukeratu dezaket nire gorputza?

            Zer aukeratu dezaket?

 

 

14. Non Marinak
hankartea ixa beltz batez ezabatua duen
Iñakiren gorputz biluzia
linterna batekin argiztatzen duen

 

Baina, non kokatzen da?

Zer da?

Non dago? Non?

Nondik nora abiatzen da?

Non dago?

Baina, zer da?

Non kokatzen da?

Zerk eraikitzen du?

Zer forma dauka?

Baina zer da? Zer da?

Ukitu daiteke?

Ikus daiteke?

Sentitu daiteke?

Non dago?

Nondik dator?

Nora doa?

Eta zer bihurtzen da?

 

 

15. Non Unaik
bakarrizketa bat egiten duen
espazioan mugituz,
Miss Karaokeri zuzendurik,
publikoari begira

 

Eta hala ere, hala eta guztiz ere, hargatik.

Ordea berriz ostera aldiz aitzitik? In de beri guel tu de pipol. Strantzen bantzen!

Hortaz, hortaz, bada, vulevu?

Honenbestez, horrenbestez, hainbestez, halatan, hala, zeren, zergatik, alabaina, bada, izan ere... Beraz, barren, badarik ere, de sanxain is niar llu mai lof.

 

64 minutu falta dira Ebento Handia hasteko.

57 minutu falta dira soilik Ebento Handia hasteko.

46 minutu falta dira Ebento Handia hasteko.

41 minutu Ebento Handia hasteko.

 

Edo ala baizik eta nahiz zein baina baizik eta hala ere! Aspirina, spidifen, termalgin, mon dieu!

Halarik ere, le peti dogggxan ze mon pagti de puag.

Jaguar llu, Miss Karaoke?

Jaguar llu, or tigre ar llu?

Notjaguar, not tigre, zebra ar llu, Miss Karaoke, mai lov, ander de sun? Zebra?

 

35 minutu Ebento Handia hasteko.

33 minutu Ebento Handia hasteko.

29 minutu Ebento Handia hasteko.

23 minutu falta dira Ebento Handia hasteko.

 

Agian, diot, agian soilik, esan nahi dut, erran nahi baita, agian

eta again agian again agian again,

Guat about llu, Miss Karaoke?

Segurik, behinik behin, bederen, bederik.

Alajaina, zenizkiokeen, gintzaizkiokeen! La meg se una xanxon populag avec le salxixon!

Luk at mi, ai jaf no problem tu spik in oder lenguexex.

 

Guat about llu, Miss Karaoke, ander the mun? Du llu guant body milk ander the mun, du llu guan after sun ander the mun? Ander the sun, ander the mun,ju is ander, Miss Karaoke? Llu lov ander? Ju is Ander?

 

17 minutu falta dira Ebento Handia hasteko.

11 minutu falta dira Ebento Handia hasteko.

Zer kantatuko düzü, Miss Karaoke, 9 minutu Ebento Handia hasteko?

Zer kantatuko duzu 7 minutu 47 segundo?

Zer aukeratuko duzu 5 minutu 43 segundo?

Zer erabakiko duzu minutu bat 37 segundo?

 

Miss Karaoke, where is that place where you do little brown things? Miss Karaoke, do llu guant to do little brown things somewhere somhaw tom waits?

 

Zero minutu Ebento Handia hasteko.

Zero segundo Ebento Handia hasteko.

Alajaina, alabaina, aleluia!

 

Miss Mr Mrs Jauna Don Doña Inter Post Trans Queer Fem

Mega Txupi Benga Boom

Ni zu nik zuk ni zu zuek gu Super Hiper Mega Ba

Haiek Mus Mr Miss Mrs Jauna Don Doña Jaun Txit

Andere Txupi Super Hiper Mega Pum

 

Ai lof llu, Miss Karaoke.

because llu ar me, he, she.

Yes, we can, Miss Karaoke. Yes, we can-can.

 

 

16. Non Oier
bideoan proiektatua azaltzen den
atzeko oihalaren gainean,
alboan emakume misteriotsu bat duela

 

            Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak. Nolakoa da sustraiak han dituen gizonaren ondorengo gizona. Nolakoa da zanpatzailea izan den gizonaren osteko gizona. Nolakoa da emakumez janzten zen gizonaren osteko gizona.

            Mis manos como raíces. Mis manos recorriendo un cuerpo que no se muestra tal como es, sino como decide ser. Porque siento lo que soy, porque soy lo que siento, sin necesidad de explicar nada. Solo soy, siento, vomito.

 

EMAKUME MISTERIOTSUA: ¡Qué vómito!

 

            Abuelo dioenak hombre dio, hombre dioenak hambre dio, hambre dioenak gorputza dio, gorputza dioenak ahotsa dio, ahotsa dioenak hizkuntza dio, hizkuntza dioenak hautua dio, hautua dioenak aitona dio.

 

 

17. Non Jabitxin biluztu egiten den,
lurrean etzan bizkarrez oso argi xume batekin
eta mikroa hartuta errezitatzen duen.

 

            Un cuerpo.

            Un cuerpo que habla y dice:

            banaiz.

 

            Un cuerpo.

            Un cuerpo que habla y dice y pregunta:

            ¿Qué puedo escoger?

            ¿Puedo escoger mi cuerpo?

            ¿Qué puedo escoger?

            ¿Puedo escoger dónde he nacido?

            ¿Qué puedo escoger?

            ¿Puedo escoger mis abuelos?

            ¿Qué puedo escoger?

            ¿Puedo escoger mis padres?

            ¿Qué puedo escoger?

            ¿Puedo escoger mi lengua materna?

            ¿Qué puedo escoger?

            ¿Puedo escoger mi voz?

            ¿Qué puedo escoger?

            Aukeratu dezaket nire gorputza?

            Zer aukeratu dezaket?

            Aukeratu dezaket nire ama hizkuntza?

            Zer aukeratu dezaket?

 

            Un cuerpo.

            Un cuerpo que habla y dice: banaiz.

            Un cuerpo que habla dice:

            begira nazazue. Ikus nazazue. Banaiz.