Miss Karaoke
Oier Guillan
Miss Karaoke
Oier Guillan
EHAZE, 2021

 

hitzostea

 

Karaoke now

 

Javier Barandiaran

 

            Saigon, 1969

            Willard kapitaina ondoezik dago. Martin Sheen —harena egiten duen aktorea— ez dago askoz hobeto. Coppolak edatekoa ematen die biei, eta gelan gertatzen den guztia filmatzen du.

            Sheenek ispiluari ukabilka eta eskua urratuta amaituko du.

            Negarrez amaituko du, hankartea maindirearekin estaliz, jada ez daki nor den.

            Ez daki Saigonen ote dagoen edo langabeen ilaran.

            Misio bat eman diote. Bere bekatuengatik misio bat eman diote.

            Bi militar txukun eta hitsek dutxa hotzaren azpian jarriko dute eta basera eraman.

            Han ditu zain Harrison Ford oso gazte bat, goi mailako militar bat eta aktore gatzgabe bat, egiatan ciAko agente bat dena, gero jakingo dugunez.

            Zinta bat entzunarazten diote.

 

Kurtz koronelaren ahots grabatuak hau dio:

            Ikusi dut barraskilo bat bizar-labana baten ahotik arrastaka. Hori dut amets. Hori amesgaizto. Arrastaka, labainduz bizar-labana baten ahoan zehar, eta bizirik ateratzen.

 

Ez dituzu ikusten ez barraskiloa ez labana.

            Kurtzen argazki bat ikusten duzu, eta atzean, plater batean, haragi xerra bat, ilar batzuk eta bi azenario xerra.

            (Brandoren ahotsa entzun duzu eta pentsatzen hasten zara ez ote zaren zu barraskiloa, eta bere ahotsa, labana).

 

Willardi azaltzen diote:

            Kurtz bi muga gainditu dituen norbait da.

            Bat fisikoa, Vietnam eta Kanbodia banatzen dituena.

            Bestea morala, Gerra eta Horrorea banatzen dituena.

 

Azaltzen diote:

            Vietnamen estatubatuarrak gudan daude. Eta guda batean arau bati jarraikiz egiten dira hilketak. Ezin duzu festa zeure kasa egin.

            Ezin zara joan oihanera eta makiletan sartutako buruz inguratuta bizi, zure herrikide nerabeak nerabe vietnamdarrak sarraskitzen ari direla eta behar den bezala sarraskituak izateko beren burua eskaintzen duten bitartean.

            Haien agintaldia deuseztatu behar da.

            Akabatu, alegia.

 

Eta bistan da Harrison, ciakoa eta jenerala zeharo deseroso daudela.

            Elkarri begira une oro, puzker usaina sumatuko balute bezala (batez ere jeneralak), eztarria garbitzen dute zerbait esaten duten aldiro (batez ere Harrison gazteak), izerdi patsetan daude (batez ere ciakoa).

            Hasieran, iruditzen zaizu portaera bitxi horren arrazoia dela erreparatu diotela Martin Sheenen aje aurpegiari, eta gogorra egiten zaiela Kurtz aihotzarekin akabatzeko enkargua egin izanak postreko platerak bezalako begi niniak dauzkan tipo bati.

            Geroago ulertzen duzu deseroso daudela euretako bat akabatzeko agintzen ari direlako. Eta ez edozein: koronel bat, ikur bat, Brando bera.

            Eta orduan, bai,jabetzen zara:

            Gertatzen zaiena dela nolabait badakitela ez dutela inora bidaliko.

            Kurtz ez dagoela Kanbodian, ezein ibairen beste aldean.

            Ez dagoela ibairik, ezta metaforikorik ere.

            Zutoinetan sartutako buruak hor bertan dauzkatela, bulego horretan, xerra ilar eta azenarioarekin jaten ari direla.

            Puzker usaina horregatik dela.

            Eztarri lehorrak beldurra esan nahi duela.

            izerdiak, izua.

            Ez diotelako azaltzen Willardi:

            Kurtz beste aldera igaro dela, eta ondoren, atzera begiratu eta mugarik ez dagoela ikusi duela.

            Guda guztiak direla festa bera.

            Horrorea hedatzen dela, milioika barraskilo milioika bizar xaflaren ahotik labainduz bezala, oinak dituen lekutik jaio zen Wisconsineraino.

            Ez dela geratzen zentimetro koadrorik lurrean barraskilorik gabe.

 

Coppolaren pelikulak eta Conraden nobelak horri buruz hitz egiten dute: mugez eta beldurrez, hain zuzen.

            Mugek beldurra ematen dute.

            Ongia gaizkitik bereizten dutelako; barnea kanpokotik; bizitza zoroa laktosarik gabeko esnetik; zuzentasun politikoa streaptease etikotik.

            Eta edonori gerta dakioke estropezu egin eta, punba, beste aldean agertzea.

            Okerreko aldean.

 

Baina Conradi, Coppolari, niri eta zuri beldur handiagoa ematen digu mugarik ez egoteak.

            Laktosarik gabeko esnea erokeria bat izateak; gu guztiak zerbaitetik kanpo eta ezerezaren barne egoteak; ongia eta gaizkia plater konbinatu bat izateak; politikoki zuzena izateagatik zeu lotsagarri geratzeko zozketa batean sartzeak; horrenbestez, norbere oinak non dauden, Wisconsinen edo Kanbodian, inoiz ziur jakin ezin horrek.

 

Nora iritsi nahi dudan? Inora ez. Ni ere ostion ajearekin nago.

            Ni ere beldur naiz. Nik ere jakin nahi nuke non dauden mugak, non amaitzen den liburua.

            Kanpoan geratzeko, baina lasai.

            Edo barnean, baina distiratzen.

            Beldur ematen dit porrotak. Porrot egin ote dudan ezjakiteak.

            Norbaiti min eman diodan ez jakiteak.

            Beldur ematen dit Oier Guillan Bermudezek, oin bat hemen eta bestea han edukitzen nauelako beti.

            Behar ez zen lekuan muturra sartuta, Kanbodian galduta (edo Wisconsinen).

            Franco (Battiato) eta Raffaella (Carra) artean.

            Oier Guillan Bermudezek deitzen dit eta argi eta garbi proposatzen dit egiten ez dakidan zerbait egiteko, eta egin egiten dut. Eta egin ez dut egiten.

 

Miss Karaokek ere mugez eta beldurrez hitz egiten du.

            Miss Karaoke mediokreek lortutako arrakasta bat izan zen.

            Beldurrez eta mugez jositako mediokreak.

            Arrakastari aspaldi uko egin zioten mediokreak.

            Ezetz dioten arren, oraindik ere arrakastaren bila dabiltzan mediokreak.

            Inork ezagutu ez arren, distiratsuak direla badakitenak.

 

Para hacer bien el amor... no time no space.