Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

BOSGARREN JARDUNALDIA

 

AGATA bakarrik

 

AGATA: (Errialdetik sartu bedi. Arnas estua agertu besa eta isketan astean eskuak biotzera eraman bitza.) Auxe da arnas estua! Korrika etorri naiz kalez-kale eta biotz ontan alakoxeko estualdi bat nabaitu dut. Sekula ez nun izan alakorik. Zer ote da? Seguru aski deus ez. Joxe Migel ikusteko leiak eragindako biotz-zirrara, noski. (Txatopetara begira.) Baiñan, auxen da jendiaren emana! Nire osaba Pello ere ortxen dijoa Antton zaharrarekin. Kalamax'ekin berriz ia-ia oztopo egin dut. Bearrik, ez nau ikusi, ni kale kantoi batetik nentorrela bera bestetik sartu baita. Obe... Gaiñerakoan, lore batzuk bota gabe nork ixildu ori? Eta ainbestean amor eman ezkero, kontent. Loreai abegi ona egin ezkero aguro asten baita likits ori ikutuka ta zirrika. Nirekin elitzake ortaraiño ausartuko, baiñan ba-dakit nola ibiltzen den erriko neskatxik geienakin. Eta orri maitasuna esaten dio! Zelako maitasuna ote da norbere gozapena beste iturbururik eztaukana? Zalekeri ta maitakeritan murgilduta bizi den gizonak, ba'ote daki maitasunaren neurri eta elburu zer den? Baiñan, ez dezagun geronen urkoa juzga, geu ere Jaungoikoa'k juzga ez gaitzan. Biotza ojuka ari zait Joxe Migel ikusteko leiaz eta bidebatez zer bildurra arengana urbiltzeko! Jendearen bixtan ezin izketatu naiz berarekin, ezin erakuts nezake beraganako dutan maitasun sutsua. Ni, jauregi aberats batean jaio naiz eta bera arrantzale etxe txiro batean. Orra gure zorigaitza! Izan ere, zer eskubide dute gizarteko lege eta oitura itxuratiak gutarteko maitasun zindo au urratzeko? Zergatik izan bear dugu Joxe Migel eta biok gizalege zital oien mirabe? Ez! Ez gera izanen! Maitasunaren indarrak urratuko ditu aundikien gizarteak ernarazi ta sustraitu ditun bizilege toleskorrak. Eztut amor emango! Etxetik jaurtitzen ba'naute, jaurti nazatela! Izan ere, nire biotzak bizi pozik ba'ote duke Berriatu-Torre'ko jauregian sedazko maindire ta jazkiaz inguraturik, baiñan maitasunez antzu ba'naiz? Ez! Obe dut milla bider Joxe Migel'ekin landerki bizi, baiñan maitasun aundi baten jabe. Ez dezadan, ordea, burua sobera berotu eta egin dezadan modu Joxe Migel'ekin nolabait egoteko. Eztakit ongi ala gaizki egin dutan kaiera urbiltzen, baiñan, «Bela txalopa aundiak» oju egiten entzun dietenean mutikoai, erten naiz etxetik salto batean, zer egiten nun ere pentsatu bage eta orain nire maiteagandik ain urbil naizelarik, eztakit zer erabaki artu. Aitortzen dut oneraiño etortzea zentzu-gabekeri bat izan dela, baiñan maitasunez kiskaltzen dagon biotza ezta pentsatzeko jaio. Eta, gaiñera, bi illabete luzeetan itxasoko arriskutan ibilli den maiteari ongi-etorria egitera ezpa'natorkio, nun da beraganako maitetasuna? Biotzak agindutakoa egin dut soilki eta orain buruak lagunduko al-dit zuhur jokatzen! (Lagunabarrari begira.) Baiñan, zer dakust? Jendea onotzaka asi da. Ezkuta nadin atebarru ortan, ez nazaten somatu...

 

(Ezkuta bedi.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958