Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

BEDERATZIGARREN JARDUNALDIA

 

PERU JAUNA eta KELEO

 

(Itxaso aldetik sor bitez.)

 

PERU JAUNA: Beraz, atuna ondo saldu duzute Gijon'en?

KELEO: Bai, eztugu kejarik aurtengoan. Ugaritasunean kiluak iru txakur txiki egin ditu.

PERU JAUNA: Ausarkeria ezpa'da, esango al-didazu zenbat irabazi dun txalupako mutil bakoitzak atunaldi ontan?

KELEO: (Egonaldi baten ondoren.) Berrogei duro ortxe-antxe.

PERU JAUNA: Eta zenbat gizon ziñaten kaleru bakoitzean?

KELEO: Patroi edo lemazai, sota-patroi, tostarteko eta mutikoarekin zortzi.

PERU JAUNA: Bixigutan baiño gutxiago.

KELEO: Bai, bixigutan, eskoteko kalara lenbailen irixteko, ogei ibiltzen gera. Arraunari jo egin bear zaio bixigua bidean galduko ezpa'da.

PERU JAUNA: Eskoteraiño joaten al-zerate bixigutara?

KELEO: Barruko kalan arkitzen ezpa'da, araiño joan bear eta kostatik ogeitamalau millara dago eskoteko kala.

PERU JAUNA: Bai, ezta txantxetako ibillera.

KELEO: Ala're, xamurragoa da eskoteraiñoko ibillera, emendik Gijon'erakoa baiño.

PERU JAUNA: Zenbat egun bear dituzute Gijon'etik Mutriku'raiño?

KELEO: Aize onak tokatuta iru egunen egiten dugu. Baiñan aize aldrebesak jo ezkero eta abantian joan bear, sarritan bezala, edo-ta atzoko gixan ekaitzak jota portu batean arribadan sartu bear izan ezkero, orduan eztago denbora jakiñik...

PERU JAUNA: Enekin ezertxore, Keleo. Onerakoan larri ibilli al-zerate?

KELEO: Une batean larritxo, baiñan, alakuak sarri izan oi ditugu arrantzaleok... Castro'ko parean giñan bat-batean galernak jo zigunean. Bereala oju egin nien tostartekuai: «Arria belak, gizonak, aizea dakar-ta». Eta alaxe, belak erdiratuta sartu giñan Castro'ko kaian. Okerraldi au dala-ta iritxi gaituzu doi-doian Santa Kruzetako festetara. Bestela, atzo arratsean emen giñuzun.

PERU JAUNA: Beraz, aurtengo atunaldian masiari probetxu aski atera diozute.

KELEO: Baserritarrak bezala zomorrokerian ibilli gabe, baietz aitortu bear.

PERU JAUNA: (Parrezka.) Datorren urterako arto-malutak lejitan zuritzeko lain aterako al-zenduten eta arrantzaleak ainbestean... kontentu.

KELEO: Ez parrerik egin, Pello; arrantzalea baiño kontentagaitzagoa ba-da makiñabat bazterretan.

PERU JAUNA: Eta konpañian zeintzuk ziñaten, Keleo?

KELEO: Pertxal'en txalupa, Okon-txiki'rena, Aingira-Beltz'ena eta gurea. Alkarrekin ondo etortzen gera eta asarrerik eztagon artean berriz ere bilduko gera.

PERU JAUNA: Portu sarreran kardalarekin nola ibilli zerate? Laiño trinkoa baitzen.

KELEO: Kardalaren bildur nekez izaten gera. Ezta lagun ona, baiñan berarekin ezaupide aundia dugu eta ingurutik artzea ezta zailla izaten. Itxaso zabalean larriago ibilli gera aurtengo ontan. Beiñola, Gijon'go aurrian, amabost millara gutxi gora bera, bi orduan egon giñan brankeran txaranbelari ta gero amuraka sartu giñan Gijon'en. Egun artan, gure txaluparen koastak eraso ederrik artu zun! Baiñan, goazen Atxukale barrena etxeruntz... Gure etxekoandreak eltzea «masitu» omen du eta zerbait izango al-da!

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958