Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

AMAIKAGARREN JARDUNALDIA

 

PERU JAUNA eta AGATA

 

PERU JAUNA: Dakustanez, gure arrantzaleak ziñez maite dituzu, Agata.

AGATA: Bai, osaba, beti maite izan ditut, zuk diñozun bezala ain baitira xaloak, biotz zabalak eta emankorrak. Baiñan, bildur naiz, arrantzalien ontasunak sobera onetsirik, nire maitasuna aurreregi joan ez ote den.

PERU JAUNA: Maitasuna ezta sekula geiegizkoa, Agata. Gizakumeok, eskuarki, maitasun indar urrikoak gaituzu eta iñoiz-edo maitasun batean biotz osoa iraultzen ba'dugu, ez dezagun pentsa geiegizkoa denik. Gure Jaungoikoa'k neurrigabe maite gaitu. Guk ainbesteari ezin, gizakumea orotan baita neurriduna, baiñan maita dezakegu eta maita bear dugu gure indarrak eman ahalean.

AGATA: Eztut uste nik esanaia ongi jaso duzunik, osaba. Zuk diñozunez, nire biotza maitasun sutsu batean iraulirik daukat, baiñan eztakit maitasun ori bidezkoa, zuzena, egokia danentz, osaba.

PERU JAUNA: Maitasuna garbia ba'da. zergatik ezta bidezkoa izanen?

AGATA: Erabe naiz auzi onetan eta ez natzaizu ongi mintzatzen. Nire biotz maitasuna bidezkoa eta zuzena dela ba-dakit, ziur naiz, nire zentzunak orrela aitortzen baitik eta barruko deiak eztit okerrik salatzen... Baiñan, maitetasun ori niretzat zillegi oteden eztakit. Zeatzago mintzatuz, ziur naiz gure gizartean zillegi etzaitana...

PERU JAUNA: Ulertzen dizut, Agata. Mutillen bat maite duzu gizalegez zerorren maillekoa ez dena. Arrantzalea apika... (AGATA lotsakor geldi bedi, erantzuteke eta gorritualdi batek arpegira erasorik. Maiteki laztanduz illoba.) Zabaldu zaidazu biotz ori batere bildurrik gabe, Agata. Ba-dakizu, nire illoba guzitan maiteena zaitutana eta beti prest naukazuna laguntzeko.

AGATA: Eskarrikasko osaba, milla esker. Izan ere, zugan bakarrik baitut itxaropena aspalditxotik samintzen naun auzi ontan.

PERU JAUNA: Nor duzu mutilla, Agata? Esan garbi, une ontatixe zure alde naukazu-ta.

AGATA: Orra ba, Joxe Migel da, Keleo'ren semea...

PERU JAUNA: Jaungoiko maitea!

AGATA: (Ikara.) Zer, osaba?

PERU JAUNA: Nire lagunik onenaren semea, Agata!

AGATA: Poztutzen zaitu?

PERU JAUNA: Ni ben-benetan, baiñan gizarte zital oni gogor ekin bearko diogu.

AGATA: (Kezkati.) Ez al-dute amor emango, osaba?

PERU JAUNA: Nik lagunduko dizut bear bestean, baiñan, ahal delarik, gure kristautasunak orrela agintzen baitigu, gurasoen on-iritziarekin jokatu bear dugu.

AGATA: Ziñez sentitzen dut gurasoak nai ezean orrela atsekabetu bearra, baiñan maitasun kartsu oni ezin jarri diot esirik...

PERU JAUNA: Maitasunari etzaio sekula esirik jarri bear. Maitasuna Jaungoikoa berbera baita eta gure biotzak maite duten oro Aren ixuria da. Ez ditzagun, ordea, maitasuna eta maitakeria nahasi, lenengoa zuzena eta Jaungoikoa'ren gogokoa danez, bigarrena okerra baita, gure griña txarretan sortzen dena.

AGATA: Nik maitasunez maite dut, osaba, ez maitakeriz.

PERU JAUNA: Sinisten dizut, zure biotzak ezaguera aurreko xalotasuna baitu. (Atsaidi bat egiñaz.) Eta noiztik duzute alkarrenganako zer ori?

AGATA: Urtebete bai, bere ikuste utsarekin nire biotza maitemiñez zauritu zela. Geroztik, ikustaldi bakoitzean nire biotzaren eragiña aundiagotzen joan zen. Kalean nijoalarik, ikusten nun guzitan begiratu sakon bat egiten nion, bere begietan niganako maitasun samur bat billatu naian, iñolaz ere. Begiratuok gero ta luzeagoak, gero ta ausartagoak egin ziran bion aldetik. Beiñola, Ondarru'ko jaietan alkarrekin dantza egin genun eta arrezkero alkarrekin egoteko gelditu giñan bein eta berriz, gutarteko maitasuna itzez eta egitez tinkotu zen arte...

PERU JAUNA: (AGATA maiteki laztanduz eta Jaun Zerukoari dear egiñaz.) Jaungoiko maitea! Zergaitik gaituzu mundu onetan goikotan eta bekotan bereizten? Zergatik alako esiak batzuen eta besteen artean? Ez al-gera apika berdiñak zure begien aurrean zure ume ta sorki gaituzunok? Egia, gizadi au zerorren jakintasun berdigabean gizamailletan bereizi duzula, baiñan aundikiak eta apalak esiz bereiztea ezta zure lana, aundinaikeriak eragindako gizalan zitala baizik. Jauna! Bi biotz xalo auek ez al-dute alkar maitatzeko eskubiderik? Ez ote dugu euskaldun orok kabi berbera sorleku? Mendi-egaletan sakabanaturik dagozen baserri maitagarriak, orra or euskaldun aundikiak eta apalak berdintzen dituzten lekuko bikaiñak! I, aundi-maundi, ez aiz iñundik ere ire odolkide apala baiño jatorri goitarragua. Batzuk aberats, besteak lander, baiño danok gera leñargiak, danok berdiñak Euskalerri'ko seme geranok... Jauna, egizu, zure ahaltasun neurrigabez, sorleku batean jatorri izan duten bi izaki auek, BEIN BETIKO, bizileku batean alkartu ditezela...

 

OIALA

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958