Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

ZAZPIGARREN JARDUNALDIA

 

AGATA eta JOXE MIGEL

 

AGATA: (Lagunabarra uri-alderuntz ezkutatzean, AGATA atera bedi bere gordekekutik.) Ene! Orra non dijoan Joxe Migel erriruntz gizatalde osoarekin. (Estu ta larri.) Nola jakiñeraziko diot emen nagona iñork igartzeke? (Bat batean.) A, bai! Berak nirekin erabilli oi dun deia joko diot txistuz. (Jo beza, «Inazio gure patroi aundia», birritan edo irutan.)

JOXE MIGEL: (Abagune baten ondoren agertuz.) Agata. nire laztana!

 

(Besarka beza matrail batean muin egiñaz.)

 

AGATA: Joxe Migel, biotz ori! (Alkar laztandurik egon bitez une bat.)

JOXE MIGEL: Baiñan, nundik egin didazu dei, Agata?

AGATA: Atebarru ortan ezkutatuta nengon (beatzarekin erakuts bezaio) lagunabarra igaro-zai. Izan ere, ezin-egon bat sortu baitzait kaieko motikoak «bela txalopa aundiak!» ojuka asi diranean... eta besterik gabe etxetik itzul egin dut eta antxintxika oneraiño etorri, (JOXE MIGEL'i begira onespen eske.) Gaizki egin ote dut?

JOXE MIGEL: Eztakit zer esan... Batetik bildur-ikaretan jartzen gaitu iñork somatuko gaitun kezkak... baiñan, bestetik, ez ote da obe bein jakin bear dena lenbailen jakitea?

AGATA: Nik ere orixe esango nuke eta kaletik etxera otsa zabaldu baiño, obeto litzake etxetik kalera zabaltzea.

JOXE MIGEL: Zer esan nai duzu orrekin?

AGATA: Orra ba. Orain arte bezala ezin ibili giñezkela, beti bildurrez, beti kezketan, maitasun zoragarri baten gozapena garrazten. San Pedroak arte orrela iraun genun, itxasora joateko baitziñan. baiñan, orain, gure artu-emanakin aurrera jarraitu bear ba'dugu...

JOXE MIGEL: (Ebakiz.) Il lenago, eten baiño, Agata.

AGATA: Bai, Joxe Migel, milla bider! Baiñan, gure kezka eta samintasun au biotzetatik erauzi dezagun, zer geran eta zer nai dugun lenbailen danai adi-eraztera dugu onen.

JOXE MIGEL: Norbaitez baliatu bear dugu ortarako. Apaiz jaunaz edo nik al-dakit!

AGATA: Ez, Joxe Migel, aspalditxoan pentsatuta daukat noren bitartez baliatu. Gure osaba Pello'z. Ori baiño laguntzalle oberik eztugu arkituko.

JOXE MIGEL: Izan ere! Ez al-zaitu gañera oso begiko?

AGATA: Bai, beti izan dugu osaba-illobok alkarrenganako maitasun aundia eta gaiñera, gure auzia leiatsu aldeztuko lukela uste dut. Bera ere arrantzalien eta jende apalen adiskide baita.

JOXE MIGEL: Eta noiz itz eginen diozu osabari?

AGATA: Aurreneko abagunean. Etxerakoan bakarka atxematen ba'dut, mintzatuko natzaio... Baiñan, barkatu, Joxe Migel, itxasoan nola ibilli zeran eztizut galdetu.

JOXE MIGEL: Ederki, Jaungoikoa'ri eskerrak. Etxerabidean gentozela, Castro'ko parian atxeman zigun galernaldiak apurtxo bat larritu giñun, baiñan artatik ere onik atera giñan. Arrantzaren kejarik eztezakegu. Gijon'en saldutako atun, egaluze ta egalaburrekin diru mordox egin dugu.

AGATA: Onera ere ekarriko zenduten ba atuna?

JOXE MIGEL: Azken bi egunetan arrantzatutakoa soilki, bi edo iru egunetik gorako atuna galdu egiten baita... Baiñan, adizu, Agata, arpegiko kolorea arrunt maxkarra duzu. Ondoezik egon alzera?

AGATA: Bai ote? Neronek ere eztakit zer gertatu zaidan. Zuregana antxintxika nentorrela, biotzean estualdi bat nabaitu dut eta arnasa urritu egin zait. Baiñan ez estutu, orain txit ongi nago, ziaro txuspertu naiz.

JOXE MIGEL: Besterik izan ezpa'da... Baiñan, berriz gertatzen ba'zaitzu sendagillearengana joan bear zenuke.

AGATA: Eztut uste ortara beartua arkituko naizenik... Entzun. Joxe Migel, zure aita etorri al-da? Ezpaitut ikusi emendik gora pasatu den gizadian.

JOXE MIGEL: Bai, baiñan, zure osabarekin gelditu da atun eta egalaburrak arakatzen eta itxasoko albisteak biltzen... Baiñan, ots! Norbait dator beko kaletik. Ezkuta gaitezen.

AGATA: Zoaz otxeruntz, Joxe Migel. Ni, lengo ezkaratzean ezkutatuko naiz.

JOXE MIGEL: Biar amaiketan Santabata'n alkartuko?

AGATA: Bai, eta gure deia jotzen ez ahaztu.

 

(JOXE MIGEL bijoa uriruntz eta AGATA ezkuta bedi lenagoko ezkaratzean.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958