Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

BIGARREN JARDUNALDIA

 

KALAMAX eta INAXI

 

(Alkarrekin sartu bitez jardunaldian berotuak baletoz bezala.)

 

KALAMAX: Azkenekoz alkar ikusi gendun ezkeroz gora-bera aundiak izan dira gure artean.

INAXI: Eztakit zer esan nai duzun orrekin, «gure artean» gauzak lengo tokian baidiraute.

KALAMAX: Gure inguruan gauzak aldatu ba'dira, zergatik ez ditezke alda gure artean?

INAXI: Nire biotza lengo tokian dagolako.

KALAMAX: Zure biotzak eztauka lengo tokian egonik, Inaxi. Joxe Migel il zela bost iliabete dira. Garaia da, beraz, maitasun zahar ori ahaztutzeko eta beste zerbaiten pentsatzen asi.

INAXI: Ori nire kontua da. Baiñan ziur egon zaitez, iñoiz beste maitasun baten pentsatzen asten ba'naiz, eztela zurean izanen.

KALAMAX: Enun uste ain arbuiagarri nintzanik, Inaxi.

INAXI: Arbuiagarri ez ezik, nazkagarri.

KALAMAX: Eskarrikasko zure lore orregatik; baiñan zergatik diñozu ori?

INAXI: Luixa'rekin egin duzuna egiteko eskubiderik eztagolako, nazkagarri batek bakarrik egin dezakelako alako urdekeria.

KALAMAX: Et, et, et. Poliki ortxe. Nik Luixa'rekin egiña eta Luixa'k nirekin egiña uztarri baten lotzekoa da. Alkar engañatzen ibilli gera.

INAXI: Ez, aixkiria, ori ezta egia. Zuk Luixa engañatu egin duzu eta Luixa'k zeu ez. Onek, geieneko ere, bere lanari koipe pixkabat emango zion, baiñan beti asmo garbiz jokatu zun, gogor saiatu baitzen nire ama berotzen zurekin ezkon nadin eta ark itxaropenak eman zizkion. Ala're, nik ezezkoan iraun nun eta dena alperrik izan zen. Baiñan, zuk Goñi-zahar'i ezkontzaz itz egin zenionian, ark lenengotik ezezko borobilla bota zizun eta zu gezur ta iruzur ibilli zintzaion Luixa'ri, ura zoraturik zegola esanaz, zurea nola edo ala ateratzekotan.

KALAMAX: Zuk nola dakizu Goñi-zahar'ek zer esan zidan niri?

INAXI: Goñi-zahar'ek berak orain illabete nire aitari esan ziolako.

KALAMAX: Ori egin ba'nun, zure biotza irabaztearren egin nun soilki eta ez txarkeriz.

INAXI: Nire biotza irabazteko ustelegi dago zuria.

KALAMAX: Kontu mingain orrekin, Inaxi, min egiten didazu-ta. Zuk diñozunez nik biotza ustela dut, baiñan, zuk ere ustel askua daukazu mingaiña.

INAXI: Nik esandakorik entzun nai ezpa'duzu, ba'zuazke nire albotik, bestela gogorragoak entzun bearko dituzu-ta.

KALAMAX: Zure abo zikiñaren bildur naizela uste al-duzu? Bota, botatzeko duzuna.

INAXI: Eztizut ustelkeririk botako; bai ordea, ustelkeri guziak baiño geiago min egingo dizuna... Jakin ezazu: Joxe Migel bizi da eta Getari'n dago.

KALAMAX: ja, ja, ja! Nork kontatu dizu ergelkeri ori?

INAXI: Luixa'k, eta onek eztu ergelkeririk esaten.

KALAMAX: (Txundituta.) Luixa'k?

INAXI: (Garaikor.) Bai, Luixa'k.

KALAMAX: (Amorratuta.) Atso sorgin orrek.

INAXI: (Sumi.) Noiztik da atso sorgiña? Zure alde zebillenean aingeruen pare zenun eta orain...

KALAMAX: Esan dizut, Mutriku'n gora-bera aundiak izan dira bost illabete auetan eta ez da arritzeko len aingeru zena orain sorgin edo deabru izatea, (Siniskaitz.) Eta nork «piztu» du illobitik «zure» Joxe Migel?

INAXI: Ez al-duzu sinisten? Ainbat okerrago zuretzat. Zuk nirekin eztuzu itxaropen izpirik eta nik berarekin sekula baiño geiago. Gizajoa jakinberri da Agata ezkondu dela, engañatuta eta ia beartuta, bera il dela esanda gero. Aitortu, bear da Agata ta Joxe Migel'i egindakoa urdekeri bat besterik eztela, baiñan, nire biotz naigabetuak poz artzen du markes jaun-andreen ziraunkeri ontaz.

KALAMAX: Joxe Migel agertu delako zapuzten nauzu, beraz? Gaiñerakoan on niñuzuke.

INAXI: Zeu on? Putzura botatzeko izan ezik... Fantasioso alakua! (Bijoa eta KALAMAX geldi bedi.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958