Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

BIGARREN JARDUNALDIA

 

Lengoak eta PERTXAL

 

PERTXAL: Nik ere, ba-zekiñat ondotxo etxera joan da bazkari gabe arkitzea zer den, andretxo.

ANDRE JOXEPA: Ba-niak, senartxo, ba-niak...

PERTXAL: Zer ba-niak eta zer joango nauk. An egon bear unan aspaldian. Gizona etxera joan eta ez andre eta ez bazkari...

LUIXA: Andrea asko inporta zaik iri bazkaria eltzean arkitzekotan, alproja ez bestena!

ANDRE JOXEPA: (PERTXAL'i.) Barkatuko didak gaurkoz, senartxo. Luixa'rekin topo egin diat eta markeseneko albisteak ematen, orra, denbora igarri gabe joan.

PERTXAL: Eta ori al-dun ni bazkari gabe uzteko arrazoia?

LUIXA: Pertxal, ogitik bakarrik ez gaituk bizi Jaungoikoa'ren umeok. Ba-dituk albiste batzuk oturuntzik onenak baiño obeki betetzen dutenak.

PERTXAL: Eta zer albiste ditun ik kolku ortan? Saio txiki bat egin bearko diñagu ia beroiek entzunda jan gabe bizitzen geran. Bizimodua merkatuko zaigun orduntxe.

LUIXA: Orra ba, oraintxen esaten nioken Joxepa'ri, nire ustez, markes jaun-andreak ez dabilkitela asmo onik; denbora irabazi naian edo dabiltzala beren xede malmutzak aurrera ateratzeko. Ori orrela ezpa'duk, zertara bialdu ditek mutilla Salamanca'raiño estudiatzera?

PERTXAL: (Zirikalari.) Emen eztun Joxe Migel'en kategoriko eskolik izango-ta.

LUIXA: (Benatsu.) Nik ezagutzen dizkiat bada makiñabat aundiki, Oñati'n, Bergara'n edo Gazteiz'en estudiatzen ari direnak eta Joxe Migel'ek naiago zukean, emen inguruan, Euskalerria'n gelditu, Salamanca'raiño joan gabe. Peru jaunak ere orixe besterik ez omen zien eskatu, baiña dena alperrik.

PERTXAL: Baiñan, Salamanca'ko eskola zer dela uste dun? Auntzaren gaberdiko eztula? Ez al-dakin, apika, Axular ere, Sara'ko erretorre ospetsua Salamanca'n estudiatzen izan zela? Eta bai aldakin nor zun maixu? Inpernuko Galtzagorri berbera!

LUIXA: Apaizak deabrua maixu? Dotore zion, to!

PERTXAL: Ik eztakin jainko txikien berri, Luixa, baiñan nik iturri garbitik zekiñat ori egia dana. Bai, Luixa; deabruak aiñako jakinduririk ez omen zeukanan iñork Salamanca'ko irakasletan eta aren pikardi guztiak ikasteko ixtudianteak irrikitzen egoten omen itunan. Gaiñera, deabruak ez omen ziñan xoxik kobratzen bere erakustaldiagatik. Berarekiko ordaiña auxe izaten unan soilki ikastaroa amaituta, ikasle guztiak bana-bana aterazi eskola-atetik eta azkenarekin gelditu bere gorputz eta animaren jabe.

ANDRE JOXEPA: Alako zuntzunkeriak nork kontatu dizkik iri?

PERTXAL: Andretxo: Ziburu'ko arrantzale zahar batek kontatuta zekizkiñat guztiok. Baiñan, oraindik eztiñat amaitu. Orduntxen esango didan Pertxal'ek zuntzunkeriak kontatzen dizkiñan ala ez. Orra ba; Axular sonatuari ere, deabruaren pikardi guztiak ikasteko gogoa sortu omen zitzaionan eta aren eskolarako apuntatu unan. Ikastaroa amaituta, Galtzagorri'k aterazi zizkiñan, oi bezala, ikasle guztiak lerro-lerro, eta gure apaiz gizajoa, pikardiak ikasteko motela baitzen kottaua, azkena gelditu zen. Axular'ek, bere anima galduta ikusi zunean eternitate guztiko, onela oju egin zionan deabruari: «Eldu, eldu nire atzetik datorrenari!» Galtzagorri'k ori entzun orduko, Axular'en atzetik norbait zetorrelakoan, atzaparrak rau! luzatu omen zizkiñan, baiñan, besterik ezean, Sara'ko erretorearen itzalarekin gelditu omen unan eskuartean. Axular'ek ez omen ziñan geroztik bere inguruan itzalik ikusi.

LUIXA: Arek itzalik ez ziñan ikusiko, baiñan guk «itzalak» entzun dizkiñagu.

PERTXAL: Nik ere aitzen dizkiñat ire alboan suertatzen naizenetan.

LUIXA: Ago ba ixilik apurtxo batean eta aditu ezak nire ixtoriaren amaia. Zera esaten nikan, alegia, baldintza ori jarri ziotela, Salamanca'ra joatekoa, bestela ezkontzik etzela-ta. Pello jaunak, ezin bestean, amor eman ziken. Orregatik esaten nioken Joxepa'ri, oiek azpikeriz dabiltzala, txarkeri utsez, zapokerian...

PERTXAL: Eta ori beste albisterik ez al-dun?

LUIXA: Gutxi iruditzen al-zaik?

PERTXAL: Oso gutxi, lenago baiño gosetuago natxion-da. Ire albisteakin eztiñat gaurko sabela aserik.

ANDRE JOXEPA: Geuk ordea ase diñagu euk kontatutako fantasiakin eta ire tripa-zorriak azkure gutxi egiten zidan neri.

PERTXAL: (Andreari txorrotx begiratuz.) Andretxo, berriketarik aski diñagu... (Besoa eman bezaio eta bijoaz.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958